Foru Aldundia | 2026 11 18

Foru Aldundiak 201 suhiltzaile operatibo izango ditu 2027an, duela hamarkada bat baino bi aldiz gehiago

Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak 36,7 milioi euroko aurrekontua izango du, eta 200.000 euro bideratuko ditu Aginte Postu Aurreratu berri batera

Iñaki Gurtubaik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Foru Plana egingo dela iragarri du, eta LAIAren aurrekontua handituko dela, sarearen hamargarren urteurrenean
 

 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 18a. Arabako Foru Aldundiak 201 suhiltzaile operatibo izango ditu 2027an, duela hamar urte Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoa sortu zenean zeuden 90 langileen bikoitza baino gehiago. Horixe da Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak Arabako Batzar Nagusietan bere sailaren aurrekontu-proiektua aurkezteko egindako agerraldiko datu aipagarrienetako bat. Sailak 36,7 milioi euroko aurrekontua izango du datorren ekitaldian.

Arabako Suhiltzaileen Erakunde Autonomoak 20,23 milioi euroko aurrekontua izango du, eta horietatik 17,76 milioi langileen gastuetarako izango dira. Gurtubaik erakundearen hamar urteko ibilbidean langile operatiboen kopuruak izan duen hazkundea nabarmendu du, baita aurten suhiltzaileen hitzarmenaren inguruan lortutako adostasun zabala ere.

Aurrekontu-proiektuak 200.000 euro aurreikusten ditu, halaber, Aginte Postu Aurreratu bat erosteko; larrialdi-egoeretan koordinazioa hobetzeko ekipatutako ibilgailu bat da.

Larrialdi-zerbitzuen arteko lankidetzak erakundearen beste lan-ildoetako bat izaten jarraituko du. Foru Aldundiak 634.000 euro bideratuko ditu Errioxarekin, Vitoria-Gasteizekin, Logroñorekin eta Miranda de Ebrorekin dituen lankidetza-hitzarmenetara, eta beste 14.000 euro aurreikusi ditu Gaubeako Udalarekin eta Arabako Mendialdeko boluntario-elkarteekin lankidetzan aritzeko.

Berdintasuna, giza eskubideak eta garapenerako lankidetza
Iñaki Gurtubaik azpimarratu du aurrekontu hauek berdintasunaren arloko foru-politikak ere sendotuko dituztela, giza eskubideen kultura indartuko dutela, nazioarteko elkartasunarekiko konpromisoari eutsiko diotela eta lurraldeko kulturarteko bizikidetza indartuko dutela.

Berdintasunaren arloan, sailak sentsibilizazio-ekintzak indartzen eta indarkeria matxista prebenitzeko programak mantentzen jarraituko du. Era berean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Foru Plana diseinatuko du; datozen urteetako erronketara egokitutako ibilbide-orri berria izango da. Foru diputatuak adierazi du emakumeen ahalduntze-prozesuak eta parte-hartze soziala babesten jarraituko dutela LAIA Lurralde Sarearen bidez. Sare horren aurrekontua handituko da hamargarren urteurrenarekin batera.

Giza eskubideen eta memoria historikoaren arloan, Foru Aldundiak kultura demokratikoa eta giza eskubideen ezagutza indartzeko ekimenak bultzatzen jarraituko du, baita memoria historikoa berreskuratzeko eta bidegabeko indarkeriaren biktimak aitortzeko politikak ere. Gainera, Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Ikerketarako beka berri bat jarriko du abian, lurraldearen errealitateari buruzko ezagutza sustatzeko eta politika publikoak hobetzen laguntzeko.

Garapenerako lankidetzari dagokionez, Iñaki Gurtubaik iragarri duenez, aurrekontuak nazioarteko elkartasunaren eta mundu mailako erronkei erantzutearen aldeko apustuari eutsiko dio. Testuinguru horretan, sailak Saharako herriarekiko konpromisoa indartuko du, SEADen Lagunen Elkarteari eta Oporrak Bakean programa sustatzen duen Afanis elkarteari lagunduz.

Era berean, lankidetza-hitzarmen berri bat sustatuko du Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziarekin (UNRWA), gainerako foru-aldundiekin koordinatuta, Palestinako herritarrei osasun-arloan zuzendutako laguntza humanitarioko jarduerak babesteko.

Euskararen erabilera sustatzea
Euskararen sustapenak bi lan-ildori eutsiko die: ezagutza bultzatzea eta, bereziki, erabilera zabaltzea. 2027an 100.000 euro bideratuko dira euskara ikasteko laguntzetara, eta 355.000 euro hizkuntza sustatzeko Plan Estrategikoa garatzera.

Euskaraz pentsatu eta sortutako arte- eta kultura-ekimenak babesteko partida 535.470 eurokoa izango da. Gainera, sailak 250.000 euro gordeko ditu udalek eta kuadrillek antolatutako euskarazko jarduerak laguntzeko, eta 150.000 euro elkarte eta kolektiboei zuzendutako dirulaguntzen deialdirako.

Gobernu Irekiaren arloan, aurrekontu-proiektuak 853.900 euroko zuzkidura jasotzen du aurrekontu parte-hartzaileetarako, herritarrek erabaki publikoetan parte hartzeko tresna gisa.

Bestalde, Mobility Lab Fundazioak lehen proiektuak abian jartzea aurreikusten du Living Lab esperimentazio-espazioetan, datu-espazioa parte-hartzaile publiko eta pribatu berriekin zabaltzea eta Mobility Lab Campusen bidez EHUrekin adostutako 18 ikerketa-proiektuekin jarraitzea.
 

Foru Aldundia Berdintasuna eta Giza Eskubideak Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna Gobernu Irekia Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi