La Diputacion Foral de Alava activa medidas de proteccion para familiares de nueve personas saharauis encarceladas en Marruecos - arabapress
Arabako Foru Aldundiak Marokon espetxeratutako bederatzi sahararren senideentzako babes neurriak aktibatu ditu

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 20a. Arabako Foru Aldundiak EBAM-Giza Eskubideen Defendatzaileei Eragiteko eta Babesteko Arabako Mekanismoaren jarduera berri bat onartu du, Marokon espetxeratutako bederatzi sahararren senideei laguntzeko. Jardueraren helburua espetxeetan zigorra betetzen ari diren pertsonen senitartekoen joan-etorriak, egonaldia eta laguntza erraztea da.
Espetxeratuak Gdeim Izik-eko taldekide dira. Talde hori Saharako giza eskubideen aldeko aktibistek osatzen dute, eta urteak daramatzate espetxean. Nazio Batuetako hainbat erakundek zalantzan jarri dute atxiloketa horien legezkotasuna, eta kezka adierazi dute espetxealdiko baldintzen inguruan, bai eta luzaroko isolamendu kasuen eta torturen edo tratu txarren salaketen inguruan ere.
Atxilotuak hainbat zentro penitentziariotan sakabanatuta eta sorleku-familietatik urrun daudenez, zaila da haiekin harremanetan jartzea zein haien osasun egoeraren jarraipena egitea. Hori dela eta, egungo testuinguruan, berebiziko garrantzia hartzen du senideen laguntzak eta gertutasunak. Gauzak honela, familia horietako askok aspalditik hartzen dituzte beren gain laguntza eta zaintza lanak, baldintza bereziki konplexuetan.
Giza Eskubideen Defendatzaileei Eragiteko eta Babesteko Arabako Mekanismoa Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak bultzatutako tresna bat da, azkar erantzutea ahalbidetzen duena giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak modu baketsuan sustatzen dituzten pertsonei eta kolektiboek jasaten dituzten larrialdi egoerei aurre egiteko. Helburua da Arabako lankidetzari lotutako babes eta eragin neurriak babestea eta giza eskubideak defendatzen dituztenek beren lana segurtasun handiagoz egin dezaten laguntzea.
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) Lagunen Elkarteak eskatu du laguntza hori, eta 8.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du. Jarduera saharar erakundeekin lankidetzan garatuko da, hain zuzen ere, giza eskubideen defentsan eta espetxeratuei eta haien senideei laguntza ematen dihardutenekin.

