Arabako Foru Aldundiak bederatzi udal proiektu finantzatzen ditu lurraldean nahi gabeko bakardadearen aurkako borroka indartzeko - arabapress
Arabako Foru Aldundiak bederatzi udal proiektu finantzatzen ditu lurraldean nahi gabeko bakardadearen aurkako borroka indartzeko
‘Araba a punto’ foru estrategiaren laguntzak auzo sareak, belaunaldien arteko jarduerak, topaguneak eta laguntza ekintzak mugiarazten dituzten programetara zuzenduta daude

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 5a. Arabako zortzi udalek sustatutako bederatzi proiektuk Arabako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa izango dute nahi gabeko bakardadearen aurkako ekimenak garatzeko. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) ebatzi du ‘Araba a Punto’ foru estrategiaren esparruan udalei eta kuadrillei zuzendu zaien nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko programak eta jarduerak garatzeko laguntzen lehenengo deialdia.
Laguntza horiek askotariko proiektuak garatzen laguntzen dute, pertsonen arteko harremanak errazteko, bakartze egoerak prebenitzeko eta komunitate kohesioa indartzeko. Finantzatutako ekimenen artean, honako hauek daude: laguntza komunitarioko programak, belaunaldien arteko jarduerak, memoria kolektiboa berreskuratzea, boluntariotza sareak, nahi ez den bakardade egoerak hautemateko prestakuntza eta adinekoentzako zein zaurgarritasun egoeran dauden beste kolektibo batzuentzako topaguneak.
Guztira 50.000 euroko dirulaguntza jasoko duten proiektuak Urkabustaiz, Iruraiz-Gauna, Berantevilla, Artziniega, Laguardia, Agurain, Amurrio eta Donemiliagako udalerrietan garatuko dira, eta nahi gabeko bakardadea prebenitzeko eta hautemateko eta haren aurka esku hartzeko jarduketak gauzatuko dituzte.
Laguntza lerro hori nahi gabeko bakardadearen aurkako ‘Araba a Punto’ foru estrategiaren barruan jarri zen abian, eta zaintzarako komunitate sareak indartzea eta toki erakundeei udalerri bakoitzaren errealitatera egokitutako ekimenak garatzen laguntzea du helburu.
Diruz lagundutako proposamenen artean, Iruraiz-Gauna Zaintzen programa nabarmentzen da. Programa horrek nahi gabeko bakardadea prebenitzeko, hautemateko eta haren aurka esku hartzeko komunitate programa bat garatzen du. Finantzaketa lortu duten beste proiektu batzuk dira: Artziniega konektatzen: Komunitatea eta Zaintza, komunitate sareak eta belaunaldien arteko jarduerak sortzeko; Donemiliaga Nagusi Biziak proiektua, Donemiliagako herriei topaketa eta prebentzio jarduerak eskaintzen dizkiena; edo Amurriok bultzatutako proiektu pilotua, topaketarako eta bizikidetzarako landa espazioak sortzea aztertzekoa.
Deialdiak beste hainbat ekimen ere babesten ditu: besteak beste, Urkabustaizeko proposamena, kultura jarduerak erabiltzen dituena landa eremuan harreman sozialak sustatzeko; Berantevillako proiektua, komunitate kohesiorako tresna gisa memoria kolektiboa berreskuratzera bideratua; Laguardiak adinekoen ongizatea eta partaidetza soziala sustatzeko abian jarritako bi ekimen; eta Agurainek nahi gabeko bakardadea prebenitzeko eta horren komunitate ikuspegiko lanketa indartzeko sustatutako programa.

