Foru Aldundia | 2026 11 20

Arabako Foru Aldundiak % 7,71 igoko du Kultura eta Kirol Sailaren 2027rako aurrekontua, 21,67 milioi euro arte

Sailaren baliabideak 6,5 milioi euro baino gehiago handitu dira zortzi urtean, eta indartu egin da tokiko kulturaren babesa, ondarearen kontserbazioa eta kirola lurralde osoan

Kontuetan 1,4 milioi euro jasotzen dira Kordoi Etxeko Natura Zientzien Museo berrirako, eta proiektu estrategikoak sendotzen dira, hala nola Iruña-Veleia eta eskola kirolaren garapena

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 20a. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak 21,67 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du 2027an, hau da, aurreko ekitaldian baino % 7,71 gehiago. Egungo legegintzaldiko laugarren aurrekontua da, eta kultura eta kirol arloetara bideratutako baliabideen goranzko bilakaera finkatzen du. Zortzi urtean, aurrekontua 15,1 milioi eurotik 21,67 milioi eurora igo da, hau da, 6,5 milioi baino gehiago.

2027ko kontuek honako lehentasun hauek dituzte: Arabako kultura eragileei laguntzea, kultura eta museo proiektu berriak bultzatzea, ondarea kontserbatzea eta zabaltzea, eta lurralde osoan kirol jarduera indartzea.

KULTURA

Kultura arloak 12,4 milioi euro baino gehixeago izango ditu, hau da, 2026ko urtean baino 1,5 milioi gehiago.

Aurrekontuak 2023-2028 aldirako Kulturaren Plan Estrategikoaren garapenari eusten dio, eta bederatzi ildo estrategiko eta 165 jarduketa jasotzen ditu. Planaren partida espezifikoek ez dituzte adierazten hura garatzera bideratutako baliabide guztiak; izan ere, zeharkako estrategia bat da, eta Saileko zerbitzuen programen bidez gauzatzen da.

Jarraipen datuek erakusten dutenez, jarduketen % 77,58 abian daude, Arabako udalerrien % 96ra iritsi da, eta 167.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute lehenengo urtean egindako jardueretan.

Kultura Ekintzaren arloan, tokiko kulturari eta lurraldeko kultura eragileei ematen zaien laguntza indartuko da bereziki, 2,5 milioi euro ingururekin. 260.000 euro erabiliko dira kultura sortu eta zabaltzeko proiektuetarako; horietatik, 155.000 euro elkarteei dagozkie eta 105.000 enpresei. Lerro horrek gora egin du 2022arekin alderatuta, orduan 232.000 eurokoa baitzen. Udalek eta kuadrillek 90.000 euroko zuzkidura mantentzen dute euren kultur ekimen propioak garatzeko.

SAREA sarearen parte diren Amurrio, Agurain, Dulantzi, Zigoitia eta Urkabustaizko antzokiek 2026an izan zuten 28.000 euroko igoera ere finkatzen da. Araiako Umore Antzerkiaren Jaialdiak babesa jasotzen jarraituko du, 30.000 eurorekin.

EKO - Zirku Pirinioak proiekturako partida 25.000 eurotik 5.000 eurora igaro da, POCTEFA funtsen bidez finantzatutako mugaz gaindiko lankidetzarako Europako proiektuaren azken fasean baitago. Ekimen horri esker, hainbat jarduera garatu ahal izan dira, eta Europako finantzaketa lortu da lurralderako. Zehazki, 2026an diru sarrera 30.000 euro ingurukoa izan da, eta 2027an 15.000 euro jasotzea aurreikusita dago.

Era berean, prestakuntzarako eta arte sorkuntzarako bekei eutsiko zaie, 30.000 eurorekin. Beka horietan 2025ean egindako 10.000 euroko igoera jasotzen da eta aukera ematen dute arte eszeniko, musikal eta plastikoetako banakako prestakuntza prozesuak laguntzeko.

Hazi Araba programak, estimulazio artistiko goiztiarrari buruzkoak, foru aldundiaren babesa izaten jarraituko du. Halaber, 175.000 euro bideratuko dira Arabako Jaietako ekitaldi programara, eta 3.500 euro jaietako kartelaren lehiaketara. Partida hori hirukoiztu egin da azken urteotan.

Nabarmentzekoa da, halaber, Arte eta Lanbide Eskolarekiko lankidetza, haren finantzaketa 75.000 euro hazi baita azken bi urteetan. Lerro horiei 140.000 euro gehituko zaizkie kultura ekintza eta sorkuntza sustatzeko, eta 200.000 euro kultura hedapen eta zabalkunderako.

Aldundiak, halaber, lurraldeko kultura proiektuak babesten jarraituko du, hainbat babes lerroren bidez hala nola Larrua proiektua, 20.000 eurorekin dantza garaikidea babesteko; BatBatean jaialdia, 30.000 eurorekin Mendizabalean bigarren edizioa egiteko eta tokiko eta euskarazko musika hedatzen jarraitzeko; eta Korterraza, 20.000 euro jasoko dituena Araban eta Vitoria-Gasteizen programazioa garatzeko.

Era berean, Musika Bulegoarekin lankidetzan arituko da, Musika-Pro profesionalen topaketa antolatzeko eta 2027an Vitoria-Gasteizen egingo diren Musika Bulegoa Sarien banaketa antolatzeko.

Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen aurrekontua 394.000 eurokoa izango da.  180.000 euroko zuzkidura finkatu da kultura hedapeneko jardueretarako, 2026an izandako 18.000 euroko igoeraren ondoren.

Literatura sarien produkziora eta kudeaketara bideratutako partiden multzoa 68.000 eurora iritsiko da, euskarazko bekaren bultzada mantenduz eta bere zuzkidura gaztelaniazko sariekin parekatuz.

Gainera, 2027an Ignacio Aldecoa Ipuinen Jaialdiaren laugarren edizioa egingo da. Jaialdiak eragin handia izan du literatura arloan.


ONDAREA

Ondarearekin lotutako programak 9,4 milioi eurokoak izango dira, hau da, aurreko ekitaldian baino 1,1 milioi euro gehiago.

Museoen arloa 5,2 milioi eurotik gorakoa izango da.  Berrikuntza nagusia 1,4 milioi euroko zuzkidura izango da, Kordoi Etxean Natur Zientzien Museo berria egiteko, legegintzaldi honetako proiektu estrategikoetako bat. Aurreikuspenen arabera, 2028an museoa instalazio berrietan kokatuko da, espazio berrituekin eta egungo garaietara hobeto egokitutako bilduma berri batekin.

Halaber, 250.000 euro gehituko dira Amárica Aretoaren jarduera programa kudeatzeko. Programa horren zerbitzuak emateko kontratua 2026. urtea amaitu baino lehen lizitatuko da. Gainera, 18.000 euro bideratuko dira Herbario VIT datu basearen egokitzapenerako, eta 82.000 euro instalazioak hobetzeko.

Era berean, Artziniegako Udalarekin lankidetzan jarraituko da, Etnografia Museoaren kudeaketarako eta bisitetarako. Hitzarmen horri esker, kultura ekipamendu horri egonkortasuna eman zaio, eta 2029ra arte luzatuko da. 2026an egindako 5.000 euroko igoera finkatu da.

Arkeologian, aurrekontua 1.041.384 eurokoa izango da. Iruña-Veleia nabarmentzen da bereziki, 550.000 euro izango baititu, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa barne. Inbertsio horri esker, Bisitarientzako Arreta Zentroa eraikitzeko lehen faseari ekin ahal izango zaio, prospekzio arkeologikoekin jarraitu ahal izango da eta Erromatar Zirkua kokatzen den lurzatiak erosi ahal izango dira, bai eta 2027-2037 Gida Plana idazten jarraitu ere (horren kontratua dagoeneko lizitatu da). 2020tik 2027ra bitartean 3,1 milioi euro baino gehixeago inbertitu dira aztarnategian.

Artxibo Zerbitzuak 182.000 euro izango ditu.  Dokumentuak Kudeatzeko Foru Sistema ezartzeko programa integralari eutsiko zaio. Programa horrek behar diren jarduerak biltzen ditu, bai alderdi funtzionaletik, Artxibo Zerbitzuaren bitartez, bai alderdi teknologikotik, Zerbitzu Orokorren bitartez. Nabarmentzekoa da, halaber, dibulgazio jarduerei emandako bultzada, 50.000 eurorekin. Horri esker, beste ekintza batzuen artean, 230.000 irudi digitalizatu baino gehiago jarri dira herritarren eskura Photo Araba atarian.

Zaharberrikuntza Zerbitzuak 303.000 euro izango ditu.  Gotzaindegiarekin sinatutako hitzarmenera bideratutako 30.000 euroko partida berreskuratu da, Laguardiako Erregeen Santa Maria elizan esku hartzeko lanekin jarraitzeko. Ondarea zabaltzeko eta zaharberritzeko jardueretarako zuzkidura ere 2.000 euro handituko da, eta horri esker, Zaharberrikuntza Zerbitzuaren 40. urteurrena ospatzeko programa garatu ahal izango da.

Azpiegitura teknikoaren partidari Makineria Espezializatua deituko zaio aurrerantzean, eta 8.000 euro izaten jarraituko du, kontserbazio eta zaharberritze tratamenduak aztertzeko, ikertzeko eta hobetzeko behar den ekipamendua erosteko.

Bestalde, Ondare Historiko-Arkitektonikoak 2.623.185 euro izango ditu.  Gotzaindegiarekin sinatutako hitzarmenera bideratutako 60.000 euroko partida berreskuratu da, Laguardiako Erregeen Santa Maria elizan esku hartzeko lanekin jarraitzeko. Zaharberrikuntza Zerbitzuaren 30.000 euroei gehituta, Aldundiaren ekarpena esku hartze horretarako  90.000 eurokoa izango da 2027an.

Ondare fundazioei egindako ekarpenak ere handituko dira: Santa Maria Katedrala Fundazioak 847.584 euro jasoko ditu, 2026an baino 32.599 euro gehiago, eta Gatz Harana Fundazioak 791.601 euro, 25.671 euro gehiago.

Ondasun higiezinak zaharberritzeko, ekitaldi honetan ere, 270.000 euro egongo dira, besteak beste eraikin, baseliza eta ondare elementu txikietarako. Ondare Funtsak Kudeatzeko Aplikazioaren partidak (AKSAk kudeatzen du aplikazioa) 2027rako aurreikusitako gastura egokituko du bere kreditua, eta 14.000 euro izango ditu.


KIROLA

Kirol Zerbitzuak 3.313.500 euroko aurrekontua izango du 2027an. 2023tik, zerbitzu horretara bideratutako baliabideak ia 500.000 euro igo dira.

Eskola kirolak lurraldeko erreferentziazko programetako bat izaten jarraitzen du.  Jaiotza tasak behera egin duen arren (% 5 inguru), partaidetza zifrek bere horretan jarraitzen dute, edo gora ere egin dute. Gaur egun 23.500 inskripzio daude kanpainan, eta epeak irekita jarraitzen du.

Programan 178 klub eta talde daude inskribatuta, eta lurraldeko ikastetxeen % 53ra iristen da. Izen-emateen % 43 neskei dagozkie.

Partida nagusia eskola kirolaren garraioa da (720.000 euro). Gainera, 15.000 euro gehituko zaizkio, 30.000 eurora iritsi arte, esparru akordiotik kanpo geratzen diren joan-etorriak estaltzeko zuzkidurari, batez ere landa eremuetako kirolarienak. 2027. urtearen amaieran entrenamendu eta lehiaketetarako 1.800 autobus kontratatzea aurreikusten da.

Familien inplikazioa ere funtsezkoa da, 350 ordezkari boluntariok laguntzen baitute programa garatzen eta harmailetako indarkeria prebenitzen.

Aurrekontuak Arabako kirol federazioetara bideratutako 400.000 euroak mantenduko ditu, eta 16.000 eurotan gehituko du Arabako Kirol Federazioen Elkarteari egindako ekarpena. Era berean, kirol egokitua, jolas kirola, bertoko kirola eta emakumezkoen kirola laguntzeko lerroak mantenduko dira, bai eta Zuzenak klubari eta kirol klub eta elkarteei emandako laguntzak ere.

Halaber, Denon Eskolari babesa ematen jarraituko da, 110.000 eurorekin, baliabide gutxien dituzten sare publikoko ikastetxeetan eskola kirola dinamizatzeko. Bertoko kirolaren eremuan, gaur egun 698 ikasle daude inskribatuta.

GAZTERIAREN FORU ERAKUNDEA

Foru Aldundiak 7.808.538 euro transferituko dizkio 2027rako Gazteriaren Foru Erakundeari, gastu arruntak ordaintzeko.

Eremu horretan, lan arloan egindako aurrerapenak nabarmentzen dira, hitzarmen kolektibo berri bat sinatu baita, 2027ko abendura arte indarrean egongo dena, enpresa batzordearekin lortutako akordioen ondorioz. Akordioak lan egonkortasuna sendotuko du, eta langileen eskubideak zabaldu eta eguneratuko ditu.
Era berean, abian jarriko dira txanda kontratuak eta 2025eko enplegu publikoaren eskaintzak, eta aurrera egingo da plantilla finkatzen eta lan baldintzak hobetzen, Arabako gazteei zuzendutako programak eta zerbitzuak indartzeko.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak nabarmendu duenez, aurrekontu hauek "Araban kulturaren eta kirolaren aldeko apustu sendoa islatzen dute, lurralde osorako etorkizuneko baliabide eta proiektu gehiagorekin". Del Val-ek azpimarratu duenez, "Natura Zientzien Museo berria, Iruña-Veleia eta eskola kirola aspalditik dugun eta indartzen jarraitzen dugun konpromisoaren adibide dira".

Foru Aldundia Kirola Kultura

Prentsa oharra

Jaitsi