Ekonomia garapena | 2026 11 16

Arabako Foru Aldundiak hiru erronka teknologiko berri jarri ditu abian zerbitzu publikoak hobetzeko

GovTech Araba programaren hirugarren edizioak irtenbide berritzaileak bilatuko ditu baso-suteen koordinazioa, eskola-kiroleko garraioa eta egoitzetan sartzen diren pertsonen familiei ematen zaien laguntza hobetzeko

Arabako startup, scaleup eta ETE teknologikoek abenduaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Programak bederatzi proiektu pilotu garatu ditu dagoeneko, eta horietatik lauk eskalatzeko fasera egin dute aurrera
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 12a.  Arabako Foru Aldundiak GovTech Araba programaren hirugarren edizioa jarri du abian. Ekimen horren helburua da administrazio publikoaren beharrak eta lurraldeko enpresa teknologikoek garatzen dituzten irtenbide berritzaileak uztartzea. Oraingo honetan, foru erakundeak hiru erronka berri planteatu ditu, baso-suteen kudeaketarekin, eskola-kiroleko garraioaren antolaketarekin eta senideak egoitzetan sartzen direnean familiei ematen zaien arretarekin lotuta.

Saray Záratek zuzentzen duen Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Sailak bultzatutako programak aukera ematen die Arabako startup, scaleup eta ETE teknologikoei beren irtenbideak ingurune erreal batean garatzeko eta probatzeko, Arabako Foru Aldundiko taldeekin zuzenean lan eginez.

Ekimenak helburu bikoitza du: lurraldeko enpresen berrikuntza gaitasuna baliatzea zerbitzu publikoen behar zehatzei erantzuteko, eta enpresa horiei garapenerako eta administrazioarekin lankidetzan aritzeko aukera berriak eskaintzea.

Hirugarren edizio honetan, Nekazaritza, Kirol eta Gizarte Politiken zuzendaritzek identifikatu dituzte erronkak, eguneroko jardunean hautemandako beharretatik abiatuta.

Benetako beharrei lotutako hiru erronka
Lehenengo erronkaren helburua da baso-suteen aurrean koordinazioa eta erantzuteko gaitasuna hobetzea. Aldundiak irtenbide teknologiko bat bilatzen du esku hartzen duten taldeen artean informazioa partekatzeko, haien kokapena denbora errealean ezagutzeko eta bertatik bertara plangintza eta erabakiak hartzea errazteko, baita estaldura gutxiko edo estaldurarik gabeko eremuetan ere.

Erronka horren garrantzia agerian geratu da 2026ko udan izandako jarduerarekin; izan ere, suteek baso eremuko ia 300 hektarea kaltetu zituzten Araban. Horrelako larrialdietan, zerbitzu eta talde operatibo desberdinetako 70 eta 80 pertsona artean aritu daitezke lanean.

Bigarren erronka eskola-kiroleko lehiaketetarako garraioaren antolaketarekin lotuta dago. Gaur egun, Aldundiak autobusen 65 eskaera inguru jasotzen ditu astero, eta horien plangintza eskuz egiten da, oso epe laburrean, asteazkenetik ostiralera bitartean, larunbateko joan-etorriak bermatzeko. Helburua da prozesu hori automatizatzea, ibilbideak optimizatzea eta eskuragarri dauden baliabideak hobeto aprobetxatzea. Zerbitzu hori Arabako eskola-kirolean parte hartzen duten 20.000 haur ingururen jarduerarekin lotuta dago.

Azkenik, Gizarte Politiken Sailak pertsona bat foru egoitza batean sartzen denean familiei ematen zaien laguntza hobetzea du helburu. Zerbitzuei, instalazioei, jarduerei eta eskuragarri dauden baliabideei buruzko informazio argia, eskuragarria eta hurbilekoa eskaintzeko tresna digitalak bilatzen dira, zalantzak argitzeko eta etapa berri horrek sor dezakeen ziurgabetasuna murrizteko. Irtenbideak profesionalen taldeek egiten duten harrera lana osatuko du, GIZAREA arreta ereduarekin bat etorriz.

Bederatzi proiektu pilotu lehen bi edizioetan
GovTech Araba programak 2024an ekin zion bere ibilbideari, mahastizaintzarekin, txikizkako merkataritzarekin, ekintzailetzarekin, egoitzetako arretarekin eta zibersegurtasunarekin lotutako bost erronkarekin. Urtebete geroago, bigarren edizioak beste lau erronka gehitu zituen, ikus-entzunezko ekoizpenarekin, kultura ondarearekin, larrialdien kudeaketarekin eta nekazaritzako laguntzetarako sarbidearekin lotuta.

Abian jarri zenetik, programak bederatzi proiektu pilotu garatzeko aukera eman du, enpresa teknologikoen eta Aldundiko hainbat zerbitzuren arteko lankidetzaren bidez. Horietatik lauk eskalatzeko fasera egin dute aurrera, probatutako irtenbideei jarraipena emateko eta kudeaketa publikoan aplikatzeko aukerak zabaltzeko.

Ibilbide horrek agerian uzten du berrikuntza irekiko eredu baten erabilgarritasuna. Eredu horri esker, administrazioak beharrak identifikatu, tresna berriak probatu eta emaitzak ebaluatu ditzake, horien ezarpen zabalagoa planteatu aurretik.

Deialdia zabalik abenduaren 7ra arte
Parte hartu nahi duten Arabako enpresa teknologikoek abenduaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak govtech.araba.eus webgunearen bidez. Bertan, erronka bakoitzari buruzko informazio zehatza ere jaso daiteke.

Urtarrilean, erronka bakoitzeko hiru enpresa finalista hautatuko dira, eta horiek beren irtenbideak aurkeztuko dizkiete Aldundiko talde teknikoei. Erronka bakoitzeko enpresa irabazleak proiektu pilotu bat garatu ahal izango du, 15.000 eurotik beherako kontratu baten bidez, BEZa aparte.

Hautatutako proiektuak bost hilabetez garatuko dira, 2027ko otsailetik ekainera bitartean, Arabako Foru Aldundiko taldeekin eta Arabako Kalkulu Gunearekin (AKG) zuzenean lankidetzan. Proiektuak amaitutakoan, emaitzak ebaluatuko dira, eta horien aplikazioa zabaltzeko bideragarritasuna aztertuko da, dagozkion kontratazio publikoko prozeduren bidez.

Era berean, enpresa finalistek HUB Araba guneko jardueretan parte hartzeko aukera izango dute. Jarduera horien artean daude prestakuntza espezializatua, proiektuak aurkezteko saioak eta administrazio publikoekin merkataritza harremanak erraztera bideratutako mentoretzak.

Deialdiari eta parte hartzeko baldintzei buruzko informazio guztia https://govtech.araba.eus  webgunean dago eskuragarri.

Ekonomia garapena

Prentsa oharra

Jaitsi