Foru Aldundia | 2026 10 29

Arabako Foru Aldundiak biodibertsitateari eta naturaren kontserbazioari buruzko hitzaldi ziklo bat antolatu du azarorako

"Martiodako ostegunak" Vitoria-Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultura Etxean izango dira, 19:00etan

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 29a. Arabako Foru Aldundiak biodibertsitateari eta naturaren kontserbazioari buruzko dibulgaziozko hitzaldi ziklo berria antolatu du azarorako, "Martiodako ostegunak" ekimenaren barruan.  2025ean ospatu zen lehenengo edizioak izan zuen arrakasta ikusita, bueltan dugu ekimena bost proposamen berrirekin. Naturari buruzko hainbat jakingarri helaraziko zaizkio publikoari oso gai desberdinak jorratuz: faunaren ezkutuko bizimodua, gure inguruan garatzen diren kontserbazio proiektuak eta herritarren zientziako ekimenak eta abar.

Hitzaldi zikloari azaroaren 5ean (osteguna) "El bosque salvaje de Pardomino" izenburupeko dokumental emanaldiak emango dio hasiera. Ondoren, egilearekiko solasaldia izango da, hots, Carlos Rodríguez Villafañe biologo eta zinemagilearekin.  Filmak agerian uzten ditu Pardominoko faunaren bizitza intimoko hainbat alderdi. Pardomino Leongo baso bat da, eta naturaltasun maila handia mantentzen du gaur egun ere. Hiru urtez kamera automatikoen bidez egindako lanari esker, giza begiradatik ezkutuan egon ohi diren basabizitzako portaerak eta eszenak deskubritu daitezke.

Azaroaren 12an, Sara Macías Rodríguezen txanda izango da. Ingurumen Zientzietako lizentziaduna da bera eta "Cara a cara con los buitres: el muladar de Valderejo" hitzaldia aurkeztuko du.  Saioan, putreen muladarra fauna behatzeko gune interesgarri gisa egokitzeko martxan jartzeko ekimenari helduko zaio, Valderejoko hegazti sarraskijaleen komunitatea jendearengana hurbiltzeko aukerak aztertzeko.

Azaroaren 19rako eskaintzaren protagonista Maitane Lizaso Landa izango da, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ingurumeneko Hezkuntza eta Kontroleko goi mailako teknikaria, "ENARAK, herritarren zientzia-proiektua" izeneko hitzaldiarekin. Hizlariak enara arrunten, enaren eta sorbeltzen jarraipenerako proiektua aurkeztuko du, Ornitho Euskadi atariaren bidez. Jarduerak, gainera, hegazti intsektujale horien garrantziaz sentsibilizatzea eta haien habiak babestea sustatu nahi du, datuak biltzeko prozesuan herritarren parte hartzea bideratuz. Hitzaldia euskaraz emango da, eta aldibereko itzulpena eskainiko da.

 Azaroaren 26ko hitzaldia Paz Azkonaren eskutik etorriko zaigu. Hizlaria Arabako Foru Aldundiko aholkularia da eta "Una pareja insólita, nuevas oportunidades para el águila de Bonelli en Álava" gaiaz jardungo du. Hitzaldiak publikoari Soraya eta Hegoa arrano txikiaren bi emeren historia berezia hurbilduko dio. Arabako Mendialdean bikote ugaltzaile bat osatu zuten bi arrano horiek. 2024an, gatibutasunean jaiotako Entzia txita habian sartu zuten, eta bi emeek onartu ez ezik, elkarrekin hazi ere egin zuten. Kasu honen salbuespenezko izaera bikotearen ezaugarrietan eta erabilitako teknikan oinarritzen da. Teknika horrek aukera ematen du mehatxatutako harrapari honen kontserbazio proiektuetan esku hartzeko aukera berriak ezagutzeko eta aztertzeko.

Zikloa abenduaren 3an amaituko da, Arabako Foru Aldundiko bi teknikarik Lurraldeko hezeguneak berreskuratzeko Life Humedales proiektua aurkeztuko duten saioarekin.

Saio guztiak 19:00etan egingo dira Vitoria-Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultura Etxean, eta sarrera doakoa izango da edukiera osatu arte.

“Martiodako ostegunak” zikloaren edizio berri honekin, foru erakundeak herritarrei fauna, ekosistemak eta natura ondarearen kontserbazioan laguntzen duten ekimenak gertutik ezagutzeko aukera eskaini nahi die, interesdun guztiei zuzendutako dibulgazio topaketa irekien bidez.
 

Foru Aldundia Ingurumena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi