La Diputacion Foral de Alava participa en el XXI Congreso Internacional sobre Patrimonio Geologico y Minero - arabapress
Arabako Foru Aldundiak Geologia eta Meatze Ondarearen gaineko XXI. Nazioarteko Biltzarrean parte hartu du
Arabako Mendialdeko Lucía meategiak eta lurraldeko geologia ondareak protagonismo berezia izango dute topaketa zientifiko honetan

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 7a. Arabako Foru Aldundiak azken urteotan Arabako Mendialdeko asfalto naturalen meatze paisaiak lehengoratzeko egin duen lanaren aurkezpena egingo du, aste honetan Bilbon egingo den Geologia eta Meatze Ondarearen gaineko Nazioarteko Biltzarrean.
Topaketako jarduera nabarmenenen artean daude meatze guneetara egingo diren bisita teknikoak eta geologia eta meatzaritza ondarea lehengoratzeko eta haren balioa nabarmentzeko esperientzien aurkezpenak. Testuinguru horretan, protagonismo berezia izango du “Arabako Mendialdeko asfaltoa, Luzia meategia. Berraurkikuntza eta balioa nabarmentzea” izeneko hitzaldiak, Euskal Herriko baliabide geologiko berezienetako bati eta hura kontserbatzeko eta zabaltzeko abian jarritako ekimenei buruzkoak. Hizlaria José Latova argazkilari eta dokumentalista izango da, gaian aditua. Hitzaldia hilaren 9an egingo da, Bizkaia Aretoan.
Era berean, hitzordu honetan, foru erakundeak stand bat izango du ondarea zaharberritzeko proiektu hau ezagutarazteko, meatzaritzako paisaiei, Lucia meategiari, Interpretazio Zentroari, asfaltoari eta asfaltoen ibilbideari buruzko informazioarekin.
Programak hitzaldiak, komunikazio zientifikoak, argitalpenen aurkezpenak, poster saioak eta dibulgazio jarduerak jasotzen ditu. Kongresuan hainbat gai jorratuko dira, besteak beste, meatzaritzaren arkeologia eta historia, geologia ondarearen babesa eta kontserbazioa, meatze inguruneetako natura eta ekosistemak leheneratzea, geologia, meatzaritza eta industria ondarearen balioa nabarmentzea, baita meatze inguruneetan aniztasuna eta natura ondarea kontserbatzea ere.

