Foru Aldundia | 2026 09 24

Arabako Errioxako ikastolen sorrera posible egin zuten pertsonak omenduko ditu Arabako Foru Aldundiak

Arabako diputatu nagusiak larunbat honetan Lapuebla de Labarcan egingo den omenaldian parte hartuko du. Bertan, bereziki 70eko hamarkadaren amaieran eskualdean euskarazko hezkuntza-proiektu bat errealitate bihurtzeko lehen urratsak eman zituzten gurasoak, irakasleak, laguntzaileak eta beste hainbat pertsona aitortuko dira

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 24a.  Arabako Foru Aldundiak Arabako Errioxako ikastolen sorrera eta lehen urratsak bultzatu zituzten pertsonak aitortzeko ekitaldia egingo du larunbat honetan, irailaren 26an, Lapuebla de Labarcan. Ekimenaren helburua da oroimena berreskuratzea eta gaur egun eskualdeko hezkuntza-, gizarte- eta kultura-errealitatearen parte den proiektu bat posible egin zuten pertsonei izena eta aurpegia jartzea.

Topaketa 12:30ean izango da, El Plano plazan, eta Ramiro González Arabako diputatu nagusiak parte hartuko du. Lehen urte haietako protagonistak bilduko dira bertan: gurasoak, irakasleak, laguntzaileak eta era askotara lehen ikastolek ateak ireki eta jarduerari eutsi ahal izateko lagundu zuten pertsonak.

Omenaldiak bereziki gogoan izango du 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran aurrera egiteko erabakia hartu zuen belaunaldia, Arabako Errioxan ikastola bat abian jartzea inolaz ere apustu ziurra ez zen garaian. Gaur egun normaltzat jo daitezkeen bermeak, baliabideak eta egiturak ez zeuden. Bazeuden, ordea, arriskuak hartzeko prest zeuden familiak, irakasleak eta pertsona konprometituak, euskara beren herrietako hezkuntzan eta eguneroko bizitzan ere presente egon behar zela sinetsita.

Izaera aitzindari hori izango da, hain zuzen ere, aitortzaren ardatzetako bat. Arabako Foru Aldundiak azpimarratu nahi du gaur egungo errealitatea ezin dela ulertu pertsona haiek gabe. Askotan borondatezko lanaren bidez, denbora, baliabideak, ezagutzak edota babes ekonomikoa eskainiz, ia hutsetik hezkuntza-proiektuak eraikitzen lagundu zuten.

Ramiro Gonzálezek adierazi duenez, “erraza da gaur egun azkenean ondo atera zen hari begiratzea, baina askoz zailagoa da lehen urrats hura emateak zer esan nahi izan zuen irudikatzea, arrakasta bermatuko zuen ezer ez zegoenean. Ideia baten alde, beren seme-alaben alde, beren herrien alde eta euskararen alde egin zuten pertsonak izan ziren. Eta Arabako Errioxak esker ona zor die guztiei”.

Ekitaldiak, beraz, protagonistei banaka egindako aitortza izateaz gain, Arabako Errioxan euskara berreskuratzeko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko erabakigarria izan zen garai baten memoria kolektiboa berreskuratzeko ariketa ere izan nahi du. Ekarpen txiki eta handiei esker eraikitako historia da; etorkizunera begira zegoen proiektu batean inplikatzea erabaki zuten pertsona askoren historia, ia mende erdi geroago eskualdearen historiaren parte bihurtu dena.

“Eskerrak eman nahi dizkiegu. Eskerrak, urrats hura emateak konbentzimendua, ahalegina eta, askotan, ausardia handia eskatzen zuen garaian aurrera egin zuten guztiei. Haien apustuari esker ireki zen gero milaka familiak eta ikasle belaunaldik egin duten bidea”, ondorioztatu du diputatu nagusiak.
 

Foru Aldundia Diputatu nagusia Euskara

Prentsa oharra

Jaitsi