La Diputacion Foral de Alava y URA impulsan una nueva infraestructura de saneamiento para mejorar la gestion de las aguas residuales en la Llanada Alavesa Oriental - arabapress
Arabako Foru Aldundiak eta URAk saneamendu azpiegitura berri bat sustatuko dute Ekialdeko Arabako Lautadan hondakin-uren kudeaketa hobetzeko
Proiektuak Alegria-Dulantzi, Añua, Gazeta, Elburgo/Burgelu eta Argomaniz lotuko ditu kolektore-sare eta azpiegitura hidrauliko berrien bidez
8,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da, saneamendu-sistema modernizatzeko, instalazio zaharkituak kentzeko eta eskualdearen etorkizuneko beharrei erantzuteko

Gasteiz, 2026ko irailaren 3a. Arabako Foru Aldundiak eta URA Uraren Euskal Agentziak–Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikita dagoen erakundeak–, Ekialdeko Arabako Lautadako zenbait herrigunetako saneamendua hobetzeko jarduketa garrantzitsua egingo dute. Horretarako, hondakin-urak biltzeko eta garraiatzeko kolektore-sare berria eta hari lotutako hainbat azpiegitura eraikiko dira.
Ekimen hau Arabako Hornikuntza eta Saneamendu Plan Zuzentzailearen barruan kokatzen da, eta uraren kudeaketa eraginkorrago, jasangarriago eta etorkizuneko beharretara hobeto egokitutako eredurantz aurrerapauso erabakigarria izango da.
“Arabako Lautadaren etorkizunerako oso urrats garrantzitsua ematen dugu, eskualde honetako saneamendurako irtenbide integral baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duen jarduketa estrategiko batekin. Bederatzi milioi euro inguruko inbertsioaz ari gara, azpiegiturak modernizatzeko, isurketen kudeaketa hobetzeko eta gure ibaiak eta ekosistemak babesteko aukera emango duena. Gainera, jarduketa hau funtsezkoa da Dulantziaren etorkizuneko garapenerako, udalerrian etxebizitzak eta industria lurzoruak hazteko aukerak desblokeatzea ahalbidetuko baitu”, adierazi du Ramiro González Arabako diputatu nagusiak.
Proiektuak Alegria-Dulantzi, Añua, Gazeta, Elburgo/Burgelu eta Argomanizko hondakin-urak bildu eta sistema bakar batean integratzea aurreikusten du. Sistema hori gaur egungo beharrei ez ezik, etorkizunean inguruko beste herrigune batzuk gehitzeari ere erantzuteko diseinatu da. Azpiegitura berria gaur egungo biztanleria eta etorkizuneko garapen urbanistiko eta industrialaren aurreikuspenak kontuan hartuta diseinatu da, bereziki Alegria-Dulantziko eremuan.
Jarduketari esker, hainbat udalerritan dauden putzu septikoak eta tamaina txikiko araztegi zaharrak pixkanaka ordezkatuko dira, horietako batzuek antzinatasunagatik edo gaitasun mugatuagatik dituzten arazoak gainditzeko. Horrela, isurketen kudeaketa eraginkorragoa bermatuko duen sistema integratuago baterantz egingo da, ibai-ibilguak babesteko eta eskualdeko ur-masen egoera ekologikoa hobetzeko.
Aurreikusitako lanen artean, 5 kolektore eraikiko dira herriguneetako hondakin-urak biltzeko eta garraiatzeko:
• Alegria Iparraldeko Kolektorea: Alegria-Dulantziko zati handi bateko eta Elburgoko iparraldeko sektoreko hondakin-urak bilduko ditu.
• Alegria Hegoaldeko Kolektorea: udalerriko hegoaldeko eremuetako emariak jasoko ditu.
• Elburgo-Gazeta-Añua Kolektorea: hiru herrigune horietako hondakin-urak sare nagusira konektatuko ditu.
• Argomanizko Kolektorea: herri horretarako berariazko azpiegitura izango da.
• Kolektore Nagusia: aurreikusitako azpiegitura guztiak elkartuko ditu.
Obren aurreikusitako inbertsioa 8,83 milioi eurokoa da, BEZa barne. Lanak egiteko aurreikusitako epea 24 hilabetekoa izango da.
Ekaitz- tanga, gainkarga-arriskua murrizteko
Proiektuaren elementu aipagarrienetako bat Elburgoren inguruan eraikiko den ekaitz-tanga izango da. Azpiegitura horrek euri aldi handiko garaian lehen urak biltegiratzeko eta sistemara iristen diren emariak erregulatzeko aukera emango du. Horren bidez:
• Etorkizuneko tratamendu-instalazioen gainkarga-arriskua murriztuko da.
• Ingurumenera egiten diren gainezkatzeak gutxituko dira.
• Sarearen portaera hidraulikoa eta ingurumen-errendimendua hobetuko dira.
Proiektua diseinatu aurretik hainbat azterketa tekniko, topografiko, geotekniko eta hidrauliko egin dira. Horien bidez trazadura-alternatibak aztertu eta irtenbiderik egokienak hautatu dira ikuspegi tekniko, ekonomiko eta ingurumenekoari dagokionez. Hautatutako aukerek nekazaritza-lurretan, lehendik dauden azpiegituretan eta ingurumen-intereseko eremuetan eragina ahalik eta txikiena izatea bilatzen dute, aldi berean etorkizuneko ustiapena eta mantentze-lanak erraztuz.
Azpiegitura berria 7.000 biztanletik gorako etorkizuneko populazioari zerbitzua emateko diseinatu da, baita eskualdean aurreikusitako hazkunde ekonomiko eta industrialaren beharrei erantzuteko ere. Epe luzerako ikuspegi horrek sistemaren gaitasuna bermatuko du datozen hamarkadetan.
Jarduketa honek ingurumen-kalitatean jauzi kualitatiboa ekarriko du eskualdean. Izan ere, gaur egun sakabanatuta dauden saneamendu-sistemak ordeztuko ditu, etorkizuneko aurreikuspenekin 7.300 biztanle baino gehiagori zerbitzua emateko diseinatutako azpiegitura bateratu baten bidez. Horrela, saneamendu-sistema modernizatuko da, ur-masen egoera ekologikoa hobetuko da, eta sistema prestatuago egongo da bai etorkizuneko hazkundeari bai klima-aldaketarekin lotutako eurite biziagoei aurre egiteko.

