La Diputacion Foral destina 760000 euros a crear vivienda de alquiler para favorecer la emancipacion juvenil - arabapress
Arabako Foru Aldundiak 760.000 euro bideratuko ditu gazteen emantzipazioa errazteko alokairuko etxebizitzak sortzera
Agurainek, Korres-ek eta Gaubeak laguntzak jasoko dituzte gazteei zuzendutako etxebizitzak eta bizitokiak birgaitzeko
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 8a. Foru Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 760.000 euroko dirulaguntzak ematea Aguraini, Korresi eta Gaubeari, alokairu erregimenean gazteen emantzipazioa errazteko etxebizitzak eta bizitokiak birgaitzeko.
Laguntza lerro hori Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Sailak toki erakundeei zuzenduta abian jarritako dirulaguntza deialdiaren barruan dago, etxebizitza eskaintza berria sortzen laguntzeko eta etxebizitza eskuratzeko dauden zailtasunei erantzuteko.
Aguraingo Udalak 520.000 euro jasoko ditu, 1.318.644 euroko aurrekontu diruz lagungarria duen jarduketa baterako. Korresko Administrazio Batzarrak 96.000 euro jasoko ditu, 119.448 euroko aurrekontu diruz lagungarriaren gainean, eta Gaubeako Udalak 144.000 euro, 216.012 euroko aurrekontu diruz lagungarria duen jarduketa baterako.
Laguntza hauen helburua da toki erakundeek gazteen eskura alokairurako aukera berriak jarri ahal izatea eta etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunek gazteak beren bizi proiektua garatu nahi duten udalerria uztera behartu ez ditzaten laguntzea.
Deialdiak etxebizitzak eta zuzkidura bizitokiak birgaitzea diruz laguntzeko aukera ematen du, gazteen emantzipazioa alokairu erregimenean errazteko helburu zehatzarekin. Lerro horrek milioi bat euroko hasierako zuzkidura zuen.
Laguntza horiek sei milioi euroko hasierako zuzkidura duen deialdi orokor baten parte dira. Deialdia hiru jarduera ildotan banatzen da: alokairu sozial edo babestura bideratutako etxebizitzak erostea, gazteen emantzipaziora bideratutako birgaitzea eta Araban alokairu sozial eta babestuko parkea handitzeko higiezinak birgaitzea.
317.175 euro alokairu sozial eta babestura bideratutako etxebizitzak erosteko
Era berean, Foru Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 317.175 euroko laguntzak ematea Bastidako eta Gaubeako udalei, alokairu sozial eta/edo babestura bideratuko diren etxebizitzak erosteko, betiere bitartekaritza publikoarekin.
Zehazki, Bastidako Udalak 50.700 euro jasoko ditu, 67.600 euroko aurrekontu diruz lagungarriaren %75i dagokiona. Bestalde, Gaubeako Udalak 266.475 euroko dirulaguntza jasoko du, 313.500 euroko aurrekontu diruz lagungarriaren %85i dagokiona.
Bigarren laguntza lerro horren helburua da Arabako udalerrietan etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzea eta toki erakundeek etxebizitza eskaintzan esku hartzeko duten gaitasuna indartzea, etxebizitza bat eskuratzea lurraldeko herrietan bizitzen jarraitzeko edo bertan bizitzen hasteko oztopo izan ez dadin.
Guztira, gaur onartutako bi ebazpenek 1.077.175 euroko foru laguntzak mobilizatzen dituzte, alokairuko etxebizitza eskaintza handitzeko eta Arabako udalerrietan etxebizitza eskuragarria izatea errazteko.

