Nekazaritza eta abeltzaintza | 2026 10 05

Arabako Foru Aldundiak 1,95 milioi euro bideratuko ditu Arabako lehen sektorean lehortearen ondorioak arintzeko aparteko laguntzetara

Hasierako kalkuluen arabera, 568 espediente izango dira onuradun, eta ustiategi bakoitzeko laguntza 300 eta 15.000 euro artekoa izango da

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 5a.  Arabako Foru Aldundiak 1.950.000 euroko zuzkidura izango duen aparteko laguntza deialdia jarriko du abian, lehorteak lurraldeko nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan eragindako ondorioak arintzeko.

Noemí Aguirre Nekazaritzako foru diputatuak gaur aurkeztu dizkie laguntza hauen ezaugarri nagusiak nekazaritzako sindikatuen eta Arabako nekazaritza eta abeltzaintza elkarteen ordezkariei. Hasierako kalkuluen arabera, 568 espediente izango dira onuradun.

“Lehorteak eragin zuzena izan du laboreetan eta abeltzaintzan, eta aparteko erantzuna eskatzen zuen. Deialdi honen bidez, Arabako ustiategiei laguntza zehatza eman nahi diegu, haien azaleren eta errolden arabera kalkulatua eta kanpaina honetan ur faltaren ondorioak jasan dituztenei zuzendua”, adierazi du Aguirrek.

Laboreetarako laguntza lerroa 700.000 euro ingurukoa izango da, eta abeltzaintzarakoa, berriz, 1.300.000 euro ingurukoa. Ustiategi bakoitzeko laguntza gutxienez 300 eurokoa eta gehienez 15.000 eurokoa izango da.

Aguirrek azpimarratu duenez, sektoreko erakundeekin egindako bilerari esker, kalkulu sistema, laguntzetan jasotako laboreak eta espezieak eta onargarritasun baldintzak zehatz-mehatz azaldu ahal izan dira.

“Proposamena zuzenean partekatu nahi genuen sektorearekin, eta baliabideak nola banatuko diren gardentasunez azaldu. Badakigu laguntza hauek ezin dituztela lehorteak eragindako kalte guztiak konpentsatu, baina ehunka ustiategirentzako babes ekonomiko garrantzitsua dira, eta Aldundiak Arabako lehen sektorearen etorkizunarekin duen konpromisoa erakusten dute”, ondorioztatu du.

Laboreetarako erreferentziazko primak
Laboreen kasuan, deklaratutako azaleren eta ekoizpen bakoitzerako ezarritako erreferentziazko primaren arabera kalkulatuko da laguntza. Honako zenbateko hauek ezarri dira:

Hazi patata: 380 euro hektareako.

Kontsumorako patata: 225 euro hektareako.

Porrua: 220 euro hektareako.

Babarruna: 210 euro hektareako.

Erremolatxa: 200 euro hektareako.

Artoa: 75 euro hektareako.

Ekilorea: 50 euro hektareako.

Laguntza lerro honetara aurkeztu ahal izateko, laguntzaren xede diren laboreen deklaratutako azaleren baturak hiru hektarea baino handiagoa izan beharko du.

Abeltzaintzako ustiategientzako laguntzak
Abeltzaintzarako aurreikusitako erreferentziazko primak honako hauek izango dira: 60 euro haragitarako behi aziendako abelburu bakoitzeko, 36 euro esnetarako behi aziendako eta bigantxen hazkuntzako abelburu bakoitzeko, 30 euro zaldi aziendako abelburu bakoitzeko, 6 euro ardi eta ahuntz aziendako abelburu bakoitzeko eta 9 euro erlauntza bakoitzeko.

Kalkulua 68.324 abelburuko eta 9.428 erlauntzako errolda potentzial batean oinarritzen da. Kasu honetan ere, kopuru potentzialak dira, ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten erroldak baztertu aurrekoak.

Deialdiak gutxieneko atalase hauek ezartzen ditu abeltzaintzako laguntzak eskuratu ahal izateko:

Esnetarako behi azienda eta ustiategi mistoak: 24 hilabetetik gorako 20 abelburu.

Haragitarako behi azienda: 24 hilabetetik gorako 30 abelburu.

Bigantxen hazkuntza: 30 abelburu.

Zaldi azienda: 12 hilabetetik gorako 30 abelburu.

Ardi azienda: ugaltzeko 100 eme.

Ahuntz azienda: ugaltzeko 75 eme.

Erlezaintza: 80 erlauntza.
 

 

Nekazaritza eta abeltzaintza Foru Aldundia Nekazaritza

Prentsa oharra

Jaitsi