Foru Aldundiak 66 milioi euro baino gehiago itzuli dizkie mutualistei, preskribatu gabeko 5 urteengatik - arabapress
Foru Aldundiak 66 milioi euro baino gehiago itzuli dizkie mutualistei, preskribatu gabeko 5 urteengatik
Mutualitateetan 1979a baino lehen kotizatu zuten pertsonei itzulitako zenbatekoak.
Oraindik likidatu gabe daude berrikusi eta zuzendu daitezkeen erreklamazioak edo dokumentazio gehigarria eska dakizkiekeenak.

Gasteiz, 2024ko abenduaren 17a. Arabako Foru Aldundiak 66,7 milioi euro itzuli dizkie mutualistei, preskribatu gabeko 2018tik 2022ra bitarteko bost urteengatik. Urte horietakoak era automatizatuan ebatzi ahal izan dira.
Foru Ogasunean aurkeztutako erreklamazio guztien erdia baino gehiago automatikoki ebatzi dira. Horren ondorioz, 69.161 likidazio sortu dira guztira. Likidazio horiek berrikusi diren bost urteetakoak dira, eta, aldi berean, emaitza itzultzekoa izan dutenak. Oraindik ebazteke daude beste berrikuspen bat izango duten erreklamazioak edo prozesu automatikoak egin ondoren aurkeztutakoak. Horiek datozen hilabeteetan ebatziko dira.
Nagusiki honakoak dira berrikusi ahal diren erreklamazioak: oinordekoek aurkeztu eta berrikusteko eskatu dituzten hildako mutualistenak, emaitza nulua duten likidazioenak eta izapide gehigarriren bat behar dutenenak.
Horri gehitu behar zaio oraindik eskaerak jasotzen ari dela, eta lehen prozesu hori amaitu ahala ebatziko direla.
Horrela, kontuan hartuta mutuetan kotizatu zuten pentsiodunei eragiten dieten Auzitegi Gorenaren epaien irizpenak, Foru Aldundia betetzen ari da preskribatu gabeko ekitaldietako itzulketak urtea amaitu aurretik egiteko hartu zuen konpromisoa.
Gainerako zerga administrazioetan, itzulketa horiek 4 urteko preskripzio epea dute, eta Araban, berriz, 5 urtekoa. "Horren ondorioz, aipatutako epaiek proportzionalki eragin handiagoa dute gure lurraldean. Foru Aldundiak ahalegin handia egin du urtea amaitu aurretik ahalik eta likidazio gehien egin ahal izateko, bere baliabideen bidez", nabarmendu du Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatuak.
Jadanik itzuli den 66,7 milioi euroko zenbateko hori, preskribatu gabeko ekitaldietakoa, handitu egingo da datozen hilabeteetan, ebazteke dauden eskaeren berrikuspena amaitzen denean.
|
Urtea |
Likidazioak, itzultzekoak |
Zenbatekoa |
|
2018 |
11.380 |
11.966.494,64 |
|
2019 |
13.611 |
13.470.220,41 |
|
2020 |
14.003 |
13.200.126,07 |
|
2021 |
14.641 |
13.240.151,76 |
|
2022 |
15.526 |
14.822.110,61 |
|
Guztira |
69.161 |
66.699.103,49 |
Emaitza itzultzekoa duten likidazioen jakinarazpenak mutualistei helarazten ari zaizkie, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egitean eman zuten telefono mugikorrera SMS bat bidaliz. Telefono mugikorraren zenbakia jakin ezean, itzultzekoa den kuota banku kontuan ordainduz egin da jakinarazpena.
Likidazioan kuota nulua duten mutualistei beren zerga egoitzara dagokion ebazpena bidaliko zaie horren berri emateko.

