Foru Aldundia | 2024 11 22

Foru Aldundiak amaitu ditu Nerbioiko parke linealeko obrak Laudioko eta Bizkaiko mugako tartean

Aste honetan Urduña eta Delika arteko zatiko obrak hasi dira, oinezkoentzako eta bizikletentzako 1,8 kilometroko azpiegitura bat sortzeko

Gasteiz, 2024ko azaroaren 22a. Nerbioiko parke linealeko bide berdearen amaitu gabeko tarteak gauzatzen ari dira eta dagoeneko amaitu da Laudio eta Bizkaiko muga lotzen duena. Egindako lanen ondorioz, oinezkoentzako eta bizikletentzako 130 metroko azpiegitura berria egokitu da, Araba eta Arrankudiagako mugatik Laudioko Areta auzoraino doana; Areta inguruko ingurumena eta hirigintza egokitu da, Nerbioi ibaiaren ondoan; eta, udalerriko hiri zatia seinaleztatu da.

Foru Aldundiak 140.442,03 euro inbertitu ditu, BEZa barne, ibilbide tarte hori egiteko; horrela, 16 km baino gehiago daude irekita Laudioko eta Amurrioko herriguneen artean. Gaur egun, posible da Amurriotik Bizkaiko mugaraino (Luiaondo eta Laudio zeharkatuz) oinez edo bizikletaz joatea ibaiaren ondotik doan bidetik. Iaz 150.000 oinezko eta txirrindulari baino gehiagok erabili zuten Nerbioiko parke lineala.

Saray Zárate Ekonomia Garapenaren Saileko diputatuarentzat, foru erakundetik, erabilgarritasuna zabaltzen eta bizikleten zein oinezkoen mugikortasun iraunkorrari bultzada handia ematen jarraitzen dugu, Aiaraldeko eskualde osoa egituratzen duen bide berde honen bidez.

Tarte hori "Nerbioiko Parke Linealaren Garapena" ekimenaren barruan dago, Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planeko A8 Ingurumen eta Mugikortasun Jasangarriaren proiektu eragilean jasoa. Jarduera horren helburua da eskualdeko mugikortasuna eta lotura hobetzea udalerrien eta lurralde historikoen artean, eta mugikortasun jasangarria eta emisioen murrizketa sustatzea.

Jarduera horiek gauzatzeko, 2022an lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak, bi administrazioek obrak finantzatu eta egin zitzaten. Foru Aldundia arduratu da gauzatze proiektuak idazteaz, obrak kontratatu eta adjudikatzeaz eta obra zuzentzeaz.

Bestalde, aste honetan Urduña eta Delika arteko zatiko obrak hasi dira. Esku hartze horren bidez, oinezkoentzako eta bizikletentzako azpiegitura bat egingo da, Urduña eta Delikako herriak lotuko dituena. Proiektuaren bidez, azpiegitura 1.800 metro linealetan egokituko da, eta ibilbidean Nerbioi ibaia gurutzatzeko pasabide bat eraikiko da. Tarte horrekin amaituta geratuko da Nerbioiko parke lineala ibaiaren goi ibarretik Bizkaira arte, hau da, Arrastariko ibarrera arte.

Zati berria, gehienbat, topografikoki lanak egiteko egokia den azaleraren gainean igarotzen da, jarduketa eremuaren orografia nahiko laua baita eta ibaiaren ibilgua zuzena baita, duela hamarkada batzuk egindako ubideratzearen ondorioz.

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi