Ekonomia garapena | 2025 04 24

Foru Aldundiak Azkorri-Aratz parke naturalera sartzeko aparkaleku bat gaituko du Zumarraundin

"Las petroleras" plataforma zaharraren aparkatzeko eremuan egongo da

Gasteiz, 2025eko apirilaren 24a. Foru Aldundia Azkorri-Aratz parke naturalera sartzeko aparkaleku bat eraikitzen hasiko da hurrengo asteetan, Zumarraundin, Zalduondon.

Zumarraundi da naturaguneko elementu berezietara igotzeko abiapuntu nagusia, hala nola Aizkorri eta Aratz gailurretara, zeinek izena ematen baitiete parke naturalari eta KBEari. Horrez gain, Mediterraneoko eta Atlantikoko isurialdeen arteko pasabide naturala den eta Gipuzkoa eta Araba arteko galtzada historikoan dagoen San Adriango tunelerako sarbidea da. Eta mugarri garrantzitsua da inguru horretatik Ebro ertzeko Briñas herriraino Araba zeharkatzen duen Donejakue Bidearen adarretako batean.

Aparkalekuaren proiektuak "Las petroleras" plataforma zaharraren aparkatzeko eremua egokitzea dakar. Joan den mendearen erdialdean Araban egin ziren petrolio prospekzioetako bat kokatu zen gune horretan eta horregatik du izen hori. Egitura haien aztarnak daude oraindik leku horretan, eta haien balio nabarmenduko da.

«Helburua aparkalekuak antolatu eta edukiera mugatu ahal izatea da, Azkorri-Aratz parke naturalera etortzen den jende kopurua erregulatu ahal izateko. Horrek naturaguneen kontserbazioa eta babesa hobetzea ekarriko du, ingurune natural hori bisitatzera hurbiltzen direnen erabilerarekin eta gozamenarekin bateragarria izan dadin», nabarmendu du Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak.

Zumarraundi ehun mila pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute urtean; gehienak mendizaleak dira, baina onddo preziatuen bila doazen mikologiazaleak ere badira.

Proiektua Arabako Parke Naturalei buruzko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren finantzaketa jasotzen du, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

HTJP horrek, gainera, beste jarduketa batzuk jasotzen ditu Azkorri-Aratz parke naturalerako, hala nola mendiko babeslekuak egokitzea, Ajuria-Urigoitiko industria ondarearen balioa nabarmentzea, atsedenlekuak eta txirrindularitza transferentziarako eremuak. «Horren guztiaren helburua inguru horretako jarduera ekonomikoa bultzatzea da, eta lurraldearen natura ondarearekin bateragarria izatea», azaldu du Zaratek.

Lanen aurrekontua 98.835,16 euro da (BEZa barne), eta lau hilabeteko epean gauzatuko dituzte.

Ekonomia garapena Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi