Arabako Errioxako erroten inguruko olio turismoko proposamen bat prestatu du Foru Aldundiak - arabapress
Arabako Errioxako erroten inguruko olio turismoko proposamen bat prestatu du Foru Aldundiak
Bisita gidatuen, dastatzeen, museoen eta esperientzien eskaintza biltzen du
Cristina González: “Proposamen honek Arabako Errioxako eta Araba osoko eskaintza turistikoa aberasten eta indartzen du, eta bidaiariak eskualdeko udalerrien artean banatzen laguntzen du”



Gasteiz, 2023ko martxoaren 10a.- Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko diputatuak “Olio-turismoa Araban” proposamen berria aurkeztu du gaur. Proposamen horretan Arabako Errioxako errotek, upeltegiek eta enpresek eskaintzen dituzten bisita gidatuak, dastatzeak, jarduerak eta esperientziak jasotzen dira. Proposamenak Arabako Errioxako eskaintza turistikoa “aberastea eta indartzea” du helburu, eta bidaiariak eskualdeko udalerrien artean banatzen laguntzea.
Ekitaldia gaur izan da, Guardian, eta bertan izan dira errotetako, upeltegietako eta olio turismoko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetako arduradunak, bai eta eskualdeko udalerrietako eta Arabako Errioxako Kuadrillako ordezkariak ere.
Cristina Gonzálezek azaldu du ekimena Arabako Foru Aldundiko Turismo arloaren eta Olibondoa eta Olioa Sustatzeko Arabako Errioxako Elkartearen (APRORA) arteko lankidetzaren emaitza dela, eta zehaztu du 16 orrialdeko sustapen argitalpen batean islatzen dela, zeina paperean banatuko baita turismo bulegoetan, eta formatu digitalean, alavaturismo.eus atariko deskargen atalean; horrez gain, bideo bat ere badago sare sozialetan zabaltzeko.
“Arabako Errioxa ezaguna da gure mugen barruan eta kanpoan, munduko ardorik onenetako batzuk egiteagatik, ehun urtetik gorako upeltegiengatik zein upeltegi abangoardistengatik, Erdi Aroko hiribilduengatik eta postaletakoen moduko paisaiengatik, baina jende gutxik daki Arabako Errioxak ehun urtetik gorako olibadiak dituela, lehen mailako kalitateko oliba olio birjina estra ematen dutenak”, adierazi du diputatuak.
Foru diputatuak azaldu duenez, “proposamen honekin olio hori ezagutarazi nahi dugu, eta bisitariei Arroniz barietateko olio horren inguruan egin daitezkeen jardueren berri eman. Era berean, haien ahalegin, konpromiso eta dedikazioarekin mahastien lur honetan olibondoak biziraun dezan lagundu duten eta laguntzen duten Arabako belaunaldi guztiak aintzatetsi nahi ditugu”.
Horrela, “Olio-turismo Araban” proposamenak Arabako Errioxako oliba olioaren arloarekin lotutako hainbat zerbitzu, jarduera eta esperientzia turistiko biltzen ditu, besteak beste:
--Bisitak La Equidad (Moreda) eta Errouz (Lantziego) errotetara eta Arabako Errioxako olio errotara (Oion), ohiko ekoizpen prozesuan murgiltzeko, antzinako errotak eta ekipo modernoenak ezagutzeko, ehun urtetik gorako olibondoen artean ibiltzeko eta dastatzeez gozatzeko.
--Grupo Arrolan (Lantziego) taldearen olio turismoko zerbitzuak, zeinak udal errotara bisita egiteko aukeraz gain, sasoiko produktuen dastaketak eskaintzen baititu jauretxe batean.
--Olio eta ardo dastaketak, Guardiako Dorretxe koba-upeltegian.
--Gorrebustoko eta Iekorako museo-errotetan harritzeko eta ikasteko aukera.
--Olioari lotutako hainbat esperientzia, hala nola Casa Primicia, García de Olano, Loli Casado, Maisulan, Ondalan, Ostatu edo Valdelana upeltegiek eta Villa Lucía gune gastronomikoak eskainitakoak.
Ekitaldian parte hartu dute APRORAko presidente Iker Díaz de Ceriok eta Arabako Errioxako errotetako arduradunek eta olio turismoko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek, eta amaitzeko, olioa eta pintxoak probatzeko dastatze-antzerkia izan da.

