Foru Aldundiak jardunaldi bat antolatu du Gasteizen, tiketBAIri buruzko foru webguneko zerbitzu berriak aurkezteko - arabapress
Foru Aldundiak jardunaldi bat antolatu du Gasteizen, tiketBAIri buruzko foru webguneko zerbitzu berriak aurkezteko
Hitzordua ekainaren 26an izango da, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, eta uda ostean kuadrilletan aurkeztuko da

Gasteiz, 2025eko ekainaren 19a. Gardentasunarekin eta zergadunei laguntzearekin duen konpromisoaren esparruan, Foru Ogasunak informazio jardunaldi berri bat antolatu du, TicketBAI sistemaren web atarian sartutako azken funtzionaltasunak ardatz hartuta. Ekimen hori erakundeak zerga betebeharrak betetzen laguntzeko garatzen dituen dibulgazio- eta prestakuntza ekintzen barruan sartzen da.
Topaketa ekainaren 26an 9:30ean izango da, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, eta sistemaren berrikuntzak bertatik bertara ezagutzeko interesa duten profesional, aholkularitza enpresa eta zergadunei zuzenduta dago.Gainera, uda ondoren, antzeko informazio saioak egingo dira lurraldeko kuadrilletan.
"Jardunaldi hau topagune bat izatea nahi dugu, bertan parte hartzaileek egiten dituzten jarduerekin lotutako galderak egin ditzaten eta dauden aplikazioak edo gara daitezkeenak hobetzeko proposamenak egin ditzaten", adierazi du Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako foru diputatuak.
Era berean, topaketa horretan zuzenean ezagutu nahi da zein diren zergadunek TicketBAI eta gainerako fakturazio betebeharrak betetzeko orduan aurkitzen dituzten zailtasunak.Hori dela eta, partaidetzako topaketa baterako deia egin zaie bertaratutakoei. Bertan, protagonistak izango dira eta guztion onerako izango diren galderak eta hobekuntza proposamenak egingo dituzte.
Programak fakturazio elektronikoko sistema horren adierazleei ekitea proposatzen du, TicketBAI bidez fakturak jaulkitzen dituzten zergadunen egungo zenbakiak zein diren, egunero zenbat fitxategi jasotzen diren, fakturen tipologia eta zenbatekoak ezagutzera emateko. Era berean, "Ogasun Sailak TBAI betetzeko diseinatutako doako aplikazioak izan duen onarpen handia nabarmendu nahi dugu, FakturAraba izenekoa, zergadunen erdiek eta % 40k modu bakar gisa erabiltzen dutena", zehaztu du Itziar Gonzalo foru diputatuak.
Ildo horretan, foru webguneak ticketBAIri dagokionez eskaintzen dituen berrikuntzak aurkeztuko dira. Zehazki, diru sarrerei dagokienez, alde batetik, zeintzuk diren BEZaren aitorpenetan edo emaitzen zenbatespenean agertu beharko luketen datuak. Eta, bestetik, zerrenda bat eskaintzen da aitortutako faktura guztiekin, dagozkion egiaztapenak egin ahal izateko.
Era berean, udan zehar web orrian beste erabilgarritasun bat argitaratzea aurreikusten da, zergadunari aukera ematen diona aurkeztu duen BEZaren aitorpena eta TBAIn jakinarazitako datuetatik lortuko litzatekeena alderatzeko. "Gure ustez, BEZ-TBAI konparazio hori oso lagungarria izan daiteke informazioa kontrastatzeko eta bien artean dauden aldeak zuzendu ahal izateko", azpimarratu du Itziar Gonzalok.
Azkenik, jardunaldian TicketBAIren eta aurkeztutako aitorpenen arteko aldeak aztertuko dira, BEZaren kuotetan eta BEZik gabeko zenbatekoetan dauden aldeei dagokienez. "Fakturetan jaso beharreko datuak ongi betetzen laguntzea da helburua", aipatu du foru arduradunak.