Foru Aldundiak Manzanosko saihesbidea jarri du martxan eta herriko trenbide pasagunea itxi du zirkulaziorako - arabapress
Foru Aldundiak Manzanosko saihesbidea jarri du martxan, eta herriko trenbide pasagunea itxi du zirkulaziorako
Oinezkoentzat bakarrik egongo da irekita behin-behinean, ADIFek azpiko pasabide berria eraikitzen duen bitartean
Saihesbidea egiteko 3,8 milioi euroko inbertsioa egin da


Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 27a.- Arabako Foru Aldundiak Manzanosko saihesbide berria jarri du martxan gaur, eta ibilgailuen trafikoari itxi egin dio Añanako Kuadrillako herri hau zeharkatzen duen trenbide pasagunea. Saihesbide berriak 3,8 milioi euroko inbertsioa ekarri du, eta datozen hilabeteetan osatuko da ADIFek oinezkoentzako azpiko pasabide bat eraikita.
Ramiro González diputatu nagusiak eta Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak Manzanosko saihesbide berria inauguratu dute gaur goizean, eta "Errepideen Foru Sarea modernizatzeko funtsezkoa den esku hartze bati balioa eman diote. Jarduketa horri esker, trenbide pasagunea kendu ahal izango dugu, gure bide sareko gune horretako segurtasuna hobetuko dugu, eta bizi kalitate handiagoa eskainiko diegu herri horretan bizi direnei", azpimarratu dute.
Nogalesek, gainera, iragarri du: "2027an A-2622 errepidean Pobeseko saihesbideko obrei ekiteko lanean ari gara, gaur egun Arabako errepideetan geratzen den trenbide pasagune bakarra kentzeko eta, modu honetan, herri horretan bide segurtasuna eta trenbide segurtasuna indartuko dira. Saihesbide horrek Añanako eskualdeko barne komunikazioa ere hobetuko du".
Gaur inauguratu den Manzanosko saihesbide berria A-3310 errepidearekin lotzen da hasieran, eskuinera biratzeko falkak dituen T formako bidegurutze baten bidez, eta A-4340 Melledes-Manzanos errepidean amaitzen da, Manzanosko goiko auzoaren parean. Saihesbide berriak 1.450 metroko luzera du guztira. Saihesbidearen galtzada hiru metroko bi erreik eta metro erdiko bazterbideek osatzen dute, eta proiektu abiadura 60 km/h-koa da.
Manzanosko saihesbidea martxan jartzeak, gaurtik aurrera, Arabako herri hori zeharkatzen duen Madril-Hendaia trenaren trenbide pasagunea erabat ixtea dakar ibilgailuen zirkulaziorako. Trenbide pasagunea behin-behinean irekita egongo da oinezkoentzat, ADIF sozietate publikoak egungo trenbide pasagunearen kokalekutik gertu proiektatutako oinezkoentzako azpiko pasabide berria egin eta gaitu arte.
Oinezkoentzako behin-behineko irekitze aldi horretan, trenbide pasaguneak aktibo edukiko ditu segurtasun sistema guztiak (hesiak, soinu abisuak, argi abisuak, etab.), oinezkoak tren bat hurbiltzen ari dela ohartarazteko eta pertsonen joan-etorria debekatzeko. Txirrindulariek oinezko moduan ere erabili ahal izango dute pasabidea, hau da, bizikletatik jaitsi eta oinez gurutzatu beharko dute, harik eta oinezkoentzako bide berria martxan jartzen den arte.
Oinezkoentzako azpiko pasabidea
ADIFek egingo duen oinezkoentzako pasabide berri horrek 35 metroko luzera izango du trenbidearen bide nagusiak eta zerbitzu bideak azpitik zeharkatzeko, eta bi sarbide arrapala izango ditu, alde banatan, 56 eta 10 metrokoak, irisgarritasun arauek xedatutakoaren arabera. Era berean, oinezkoen ibilbidean argiztapena ipiniko da, eta arrapalak estalita egongo dira, erabiltzaileak eguraldi gorabeheretatik babesteko.
ADIFek oinezkoentzako pasabidea 2027ko udaberrian amaitzea aurreikusten du, eta orduan izango da behin betiko itxiko da Manzanosko trenbide pasagunea.
Manzanosko saihesbidea eta oinezkoentzako pasabide berria eraikitzea Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak eta ADIF sozietate publikoak sinatutako hitzarmenaren barruan sartzen da, trenbide pasagune hori kentzeko behar diren jarduketak bultzatzeko. Bi aldeek finantzatuko dute erdibana (% 50) obra osoaren kostua.

