Foru Aldundiak aitortza egin dio Puy Diaz de Tuestari, bizitza osoa artisautzari emateagatik - prentsa
Foru Aldundiak aitortza egin dio Puy Díaz de Tuestari, bizitza osoa artisautzari emateagatik
Díaz de Tuesta 33 urtez aritu zen ehungintzako irakasle Arte eta Lanbide Eskolan
María Hermosok eta Amaia Muñoak irabazi dute 2024ko Blas Arratibel artisautza lehiaketa



Gasteiz, 2024ko azaroaren 26a.- Arabako Foru Aldundiak aitortza egin dio gaur Puy Díaz de Tuesta irakasle eta artisauari, "artisautzari eskainitako bizitza osoagatik", 2024ko Blas Arratibel artisautza lehiaketaren sariak emateko ekitaldiaren barruan. Díaz de Tuesta 33 urtez aritu zen ehungintzako irakasle Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan, eta 81 urterekin bere pasioa ehuntzen eta transmititzen jarraitzen du.
Ekitaldi horretan bertan, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak urtero antolatzen duen Blas Arratibel sariketa irabazi duten artisauen izenak eman dira ezagutzera, Euskadiko eta Trebiñuko Konderriko artisautza lan onenak aitortzeko: María García Hermoso eta Amaia Muñoa Goiburu. Saritutako lanak eta gainerako piezak Bibat Museoan egongo dira ikusgai abenduaren 8ra arte.
Cristina González diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatua buru izan da gaur arratsaldean Bibat museoan egin den sari banaketa ekitaldian, eta artisauek egiten duten lan garrantzitsua nabarmendu du, bertako kulturari eta lanbide tradizionalei eusten baitiete, eta jendartera zabaltzen baitituzte. “Pieza bakar eta errepikaezin bakoitzean beren bizitzaren zati bat jartzen duten profesional hauen lana aitortu eta nabarmendu nahi dut”.
“Eta arabarrak animatu nahi ditut lan hori aitortzera eta gure artisauak gogoan izatera Gabonetarako erosketak eta opariak egitean. Artisau lanak aukera ematen digu gure familiari eta lagunei opari berezi eta desberdin bat egiteko", gaineratu du.
María García Hermosok A modalitateko saria jaso du, zeina baita artisau izaera aitortua duten pertsonentzat, bere "Saudade" lanarengatik: merino artileaz eta beste ehun material metalizatu batzuez egindako jantzia, erreminta gisa eskuzko ehungailu tradizional bat erabilita. "Saudade", nostalgia portugesez, kalitatezko modaren aldarrikapen bat da, materialen aukeraketa zainduan, eredu onen sorreran eta lanketa zehatzean oinarritua.
"Ehungintza artisautza gisa aldarrikatzeko modu bat da, globalizaziotik eta gehiegizko kontsumismotik sortutako lowcost modaren aurrean, kantitateak kalitatea ordezkatzen baitu. Nire ama jostunaren ondoan igarotzen nituen egun haietako oroitzapenen emaitza ere bada jantzi hau", azaldu du María García Hermosok.
Blas Arratibel artisautza lehiaketako epaimahaiak aho batez erabaki du pieza horrek A modalitateko saria merezi duela, bereziki kontuan hartuta "erabilitako materialaren balioa –merino artilea–, haren iraunkortasuna eta emakume jostunek iraganean egiten zuten lana aldarrikatzea". Sari hau 3.500 eurokoa da.
Amaia Muñoa Goibururi, berriz, B modalitateko saria eman diote. Sari hori oraindik artisau izaera ofizialki aitortuta ez duten pertsonentzat da. "Munduak badu onik" da lana: ezki zurezko tailua, erretxin beltzezko pigmentuarekin. Epaimahaiak honetan oinarritu du bere hautua: "naturan inspiratutako forma tradizionalak, harkaiztasuna eta higadura, bai eta proiektatzen duen lana eta itzalak ere".
Sari hau 1.500 eurokoa da.
Arte eta Lanbide Eskola
Arabako Aldundiak 2024ko Blas Arratibel sariak emateko ekitaldian ere saria eman dio Puy Díaz de Tuesta irakasle eta artisauari, "artisautzari eskainitako bizitza osoagatik". Díaz de Tuesta ehungintzako irakaslea izan da 33 urtez Arte eta Lanbide Eskolan, eta mila pertsona ingururi helarazi dizkie bere ezagutzak eta teknikak jatorri naturaleko materialen bidez.
Haietako bat da María García Hermoso, 2024ko Blas Arratibel lehiaketaren A modalitateko sariaren irabazlea.
"Aitorpen hau guztiz merezi duzu, eta gure esker onaren adierazpen bat da, letra larriz, artisau irakaskuntzarekin izan duzun konpromisoagatik eta ehungintzarekiko duzun ezagutza eta grina ehunka arabarri transmititzeko egin duzun ahalegin koherenteagatik, teknika tradizionalen bidez lihoa, espartzua edo artilea benetako artelan bihurtzeagatik. Era berean, Arte eta Ofizio Eskolaren aintzatespena izan nahi du bere 250. urteurrenean ", baieztatu du Cristina González diputatuak.
Díaz de Tuesta 1980an hasi zen ehungintza irakasten Arte eta Lanbide Eskolan, eta 2013ra arte irakatsi zuen, erretiroa hartu zuen arte. Artisau maisutzako hiru hamarkada luzek, talde lanak, erakusketek eta sariek ehungintzaren artearen irakaskuntzaren erreferente bihurtzen dute Euskadin eta Espainian. Gaur egun, bere lantegian lanean jarraitzen du, bai eta erakusketak prestatzen ere, hain zuzen ere, Arte eta Lanbide Eskolako paraninfoan 2025aren hasieran argitaratuko denaren modukoak.
Halaber, Puy Díaz de Tuesta funtsezkoa izan zen Arte eta Lanbide Eskolak 90eko hamarkadan erakunde gisa izan zituen garai zailak gainditzeko.