Foru Aldundia | 2026 11 20

Arabako Foru Aldundiak Baso Brigada indartu eta hirugarren talde bat gehituko du 2027an

Nekazaritza sailak 11,2 milioi euro bideratuko ditu nekazaritza sustatzera, belaunaldi erreleboa indartuko du eta 150.000 euro aurreikusi ditu arabako errioxan mahasti esperimental berri bat sortzeko

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 20a.  Arabako Foru Aldundiak % 77 handituko du Baso Brigadaren aurrekontu-zuzkidura 2027an, 628.923 eurotik 1.111.724 eurora. Igoera horri esker, hirugarren talde bat gehitu ahal izango da, eta baso-suteak prebenitzeko eta itzaltzeko gaitasuna hobetuko da. Hori da Noemí Aguirre Nekazaritzako foru diputatuak Arabako Batzar Nagusietan aurkeztutako aurrekontu-proiektuaren berrikuntza nagusietako bat. Sailak 34,57 milioi euroko aurrekontua izango du datorren ekitaldian.

Aurrekontuek 2026ko baliabide-mailari eutsiko diote, bi urtez jarraian hazi ondoren, eta lehentasun nagusiak nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiei laguntzea, belaunaldi-erreleboa, jasangarritasuna eta Arabako Errioxa indartzea izango dira. «Ez dugu egonkortasun hori geldialdi gisa planteatzen, baizik eta aurrekontu-ahalegina sendotzeko aukera gisa», azaldu du Aguirrek.

Basoen Erregulazio, Antolamendu eta Kudeaketa programak 4,91 milioi euro izango ditu. Baso Brigada indartzeaz gain, sailak milioi bat euro bideratuko du prebentziozko basogintza-lanetara eta baso-azpiegiturak hobetzera, hala nola inausketak, sasi-garbiketak eta pistak egokitzeko lanak egitera.

Foru Aldundiak Baso Suteak Prebenitzeko Plana egiten jarraituko du. Plan hori 2026an hasi zen, eta 2028ra arte garatzea aurreikusten da. Dokumentuak lurraldea baso-mendiguneen arabera antolatzeko eta hamar urteko epean egin beharreko jarduketak planifikatzeko aukera emango du. «Arriskuei aurrea hartu eta gure mendien zaintza hobeto planifikatu nahi dugu», adierazi du diputatuak.

11,2 milioi euro nekazaritza-ustiategiei laguntzeko
Nekazaritza Sustapena, Nekazaritza Politikak eta Landa Garapena programa izango da saileko zuzkidura handiena izango duena, 11.202.369 eurorekin. Programaren aurrekontua zazpi milioi euro pasatxotik gorakoa zen 2025ean, eta hamaika milioi eurotik gorakoa izango da 2027an, ustiategien bideragarritasun ekonomikoa hobetzeko eta modernizazioa sustatzeko helburuarekin.

Nekazaritza eta ingurumeneko neurriek 6,8 milioi euro mobilizatuko dituzte, urteko aurrekontu-zuzkidurak eta konpromiso-kredituak kontuan hartuta. Eremu behartsuetan kokatutako ustiategientzako konpentsazio-ordainek 1,5 milioi euro izango dituzte 2027an, eta beste 1,5 milioi euro 2028rako konpromiso-kredituetan.

Ustiategiak modernizatzeko eta digitalizatzeko, 1.343.000 euro aurreikusi dira 2027an, guztira 3.343.000 euroko deialdi baten barruan. 2023az geroztik, laguntza-ildo horrek 15 milioi euro baino gehiago jaso ditu. Gainera, 1,047 milioi euro bideratuko dira landa-bideetara eta lurzati-berrantolamendura, besteak beste, Anda eta Andagoia arteko bidea hobetzeko jarduketetara.

Belaunaldi-erreleboa eta Arabako Errioxaren etorkizuna
Belaunaldi-erreleboak lehentasun estrategikoetako bat izaten jarraituko du. BIHAR ildoak 1,86 milioi euro izango ditu 2027an, eta beste hiru milioi euro aurreikusten dira konpromiso-kredituetan. Esparru horretan, nekazari gazteek enpresak sortzeko laguntza-planak 500.000 euro izango ditu 2027an, eta 2031ra arteko konpromisoak aurreikusten dira. Sailak, gainera, Belaunaldi Erreleborako Bitartekaritza Bulegoa bultzatzen jarraituko du. Bulego hori 2025eko abenduan jarri zen martxan.

Arabako Errioxan, LURRA ildoak 1,2 milioi euro izango ditu bertako ardoen kalitatea, berezitasuna eta bereizgarritasuna sustatzeko. Berrikuntzen artean, 150.000 euroko partida bat nabarmentzen da, Foru Aldundiaren mahasti esperimental berri baterako lursail bat erosteko. Mahasti horri esker, klima-aldaketara egokitzeko, nekazaritza-kudeaketa birsortzaileko eta agroekologiako praktikak garatzeko eta ura nahiz baliabide naturalak modu eraginkorragoan erabiltzeko lan egin ahal izango da.

Sailak mahasti zahar eta bereziei laguntzeko programei eutsiko die, baita Ardoaren Etxeko Enologia Laborategiko ekipamenduak berritzeko lanari ere. Laborategi horrek zerbitzu teknikoa eskaintzen dio sektoreari.

Abeltzaintza, ureztapenak eta klima-aldaketara egokitzea
Abeltzaintza programak 2,54 milioi euro izango ditu animalien osasunarekin, biosegurtasunarekin eta ustiategiei laguntzearekin lotutako jarduketetarako. Abeltzaintzako Laguntza Planak 500.000 euro izango ditu 2027an, eta beste 185.000 euro 2028rako konpromiso-kredituetan. Horrez gain, zaintza- eta aholkularitza teknikoko zerbitzuei jarraipena emango zaie.

Bestalde, Ureztapenak programak 1,084 milioi euroko zuzkidura izango du, Moredako ureztapen-sistema, Noryeste proiektua eta azpiegiturak modernizatzeko urteko deialdia bezalako jarduketekin jarraitzeko. Gainera, ureztapen-azpiegituren egoerari buruzko azterketa tekniko bat egingo da, etorkizuneko inbertsioak planifikatzeko.

Jarduketa horiek guztiak BIDERBIren barruan kokatzen dira. Jasangarritasunari, berrikuntzari eta klima-aldaketara egokitzeari eskainitako ildo estrategiko horrek BIHARen belaunaldi-erreleboaren aldeko lana eta LURRAk Arabako Errioxan egiten duen lana osatzen ditu.
 

Foru Aldundia Nekazaritza

Prentsa oharra

Jaitsi