Foru aldundiak Gorbeiako Parke Naturalerako sarbidea arautu du, marrualdia babesteko - arabapress
Foru aldundiak Gorbeiako Parke Naturalerako sarbidea arautu du, marrualdia babesteko
Ibilgailuak ibiltzeko eta jarduera jakin batzuk egiteko mugak irailaren 7tik urriaren 9ra bitartean egongo dira indarrean Zuia eta Zigoitia udalerrietan

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 11a. Arabako Foru Aldundiak irailaren 7tik urriaren 9ra arte ibilgailuen joan-etorria mugatuko du Gorbeiako Parke Naturaleko oreinen marrualdian, bai eta erabilera eta jarduera batzuk ere, Zuia eta Zigoitia udalerriei eragiten baitie.Neurri horien helburua da murriztea animalien ziklo biologikoaren garai bereziki sentikor honetan haiei sortzen zaizkien eragozpenak. Marrualdiak irauten duen bitartean, gizakiak eragindako edozein asaldurak animalien jokabidea alda dezake, beste eremu batzuetara mugiaraztea eragin dezake eta hautaketa prozesu naturalari eragin diezaioke. Horregatik, beharrezkoa da minimizatzea naturagune babestu horren Arabako isurialdeko kanpoko interferentziak.
"Biodibertsitatea babestea lehentasuna da Arabako Foru Aldundiarentzat. Denbora muga horiek irizpide teknikoei eta kontserbazio irizpideei erantzuten diete, eta ezinbesteko tresna dira Gorbeian oreinaren ziklo biologikoaren une garrantzitsuenetako bat babesteko", azpimarratu du Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatu Saray Zaratek.
Berariaz baimendutako kasuetan izan ezik, hau da, egur, larre, luberritze aprobetxamendu edo ikerketa zientifiko baimenduen kasuan izan ezik, debekatuta egongo da ibilgailuen zirkulazioa. Marrualdian zehar igarotzeko mugak dituzten pistak eta bideak behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta zaldizko ibilbideek eta mendiko bizikletaz egindakoek ere parkeko arduradunen baimena izan beharko dute.
Era berean, perretxikoak eta basafruituak biltzea debekatuta dago aldi horretan, marrualdiaren eremuan, bai eta premiazkoak ez diren basogintza jarduerak ere, hala nola sastrakak kentzea, bakanketak edo mehazketak.
Marrualdia behatzea
Arabako Foru Aldundiak gogorarazten du marrualdia ikusi nahi duten pertsonek horretarako gaitutako gune berezietan egin beharko dutela, alegia, entzuteko, behatzeko, argazkiak egin eta filmatzeko behatokietan.
Era berean, lau bisita gidatu programatu dira (bi euskaraz eta bi gaztelaniaz) jarduera handieneko egunetan. Bisitetarako izena emateko epea abuztuaren 25etik irailaren 7ra da, gorbeiaparkea.eus webgunean.
Marrualdi eremuaren mugaketa:
Iparraldean: Arabaren eta Bizkaiaren arteko banalerroa, Arraldeko Haitzetatik (Zuia) eta Leizarandatik (Zigoitia).
Ekialdean: Murua herritik ”Leizaranda” dermioraino, Gorbeiako harrobietara doan pista eta hortik aurrera.
Hegoaldean: A-3610 errepidearen eta Vitoria-Gasteiz/Altube N-622 autobiaren gainean dauden Gorbeiako baso masen behealdeko bazterra, honako herri hauen lurretan: Murua, Manurga, Zárate, Aretxaga, Markina eta Sarria.
Mendebaldean: Baia ibaiarekin paralelo doan pista, Sarria herritik ”Arraldeko haitzak” dermioraino.

