Foru aldundiak Bonelli arranoaren sei txita sartu ditu Kantabria mendilerroan - prentsa
Foru aldundiak Bonelli arranoaren sei txita sartu ditu Kantabria mendilerroan
2015. urteaz geroztik, 30 ale askatu dira Kanpezun, Sobronen eta Guardian
Foru erakundeak gaur goizean aintzatespena egin die Besorako Proiektuan laguntzaile jardun diren upategi eta erakundeei. Esperientzia pilotu horri esker, hainbat alanbre hari erabiltzen dituen eta besora jarrita dagoen mahastian talka murrizteko aukerak aztertu ahal izan dira

Gasteiz, 2022ko ekainaren 27a. Arabako Foru Aldundiak Bonelli arranoaren sei txita sartu ditu, gaur, Kantabria mendilerroan, zeinak guztiak itxian sortutakoak baitira Frantzian eta Madrilen. Ekintza AQUILA a-LIFE proiektuaren parte da. Europar Batasunak finantzatzen du, espeziea berreskuratzeko, Babes Bereziko Araubidean dauden Basa Espezieen Zerrendan "kaltebera" gisa kalifikatuta baitago.
Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak sei txitak kaiola batean jartzean parte hartu du, ikaskuntza prozesu bati ekiteko, zeinari esker abuztuan behin betiko aske utziko baitituzte.
Galerak nabarmendu duenez, “proiektu hau bultzatzeak, galtzeko arriskuan dagoen espezie bat birpopulatzeaz gain, habitatak hobetzea ahalbidetu du. Eta teknikoki, berrikuntzarako ikaskuntzak txertatzea, esperientziaren bidez, beste jarduera batzuetan errepika daitezkeen ekintzekin”.
Linea elektrikoak dira Bonelli arranoaren mehatxu nagusietako bat, baita beste hainbat harraparirenak ere, eta, horretarako, Ingurumen Sailak hainbat estrategia lantzen ditu hegaztiak elektrokuzio bidez hil ez daitezen. Era berean, espeziea mehatxatzen duen beste jarduera bat besora jarrita dauden mahastietan erabiltzen diren alanbreak dira, landaredirik ez dagoenean talkak eragin baititzakete.
Horiek horrela, foru erakundeak kanpaina bat bultzatu du, tokiko upategi eta mahastizainekin borondatezko lankidetza izateko, talka murrizteko hainbat alanbre hari erabiltzen dituzten eta besora jarrita dauden mahastietan. Besora jarritako egitura metaliko horiek gero eta sarriago ikusten dira Arabako Errioxako paisaian, eta inausketaren ondoren landaretzarik ez dagoen bitartean, aihenak gidatzen dituzten alanbreak airean esekita geratzen dira haiek eusten dituzten zutoinen artean.
Esperientzia pilotu eta frogagarria da. Helburua metodo hori Bonelli arranoarentzat eta mehatxatuta dauden beste espezie batzuentzat interesekoak diren Arabako Errioxako guneetako mahasti guztietara esportatzea da; halaber, balio erantsia ematen dio natura errespetatzen duen mahastizaintzari.
Besorako Proiektua
Eguren Ugarte, Baigorri, Murua, Familia Martinez Zabala, Luis Cañas eta Casa Primicia upategien lankidetzari esker, alanbre horien kudeaketarako alternatibak aztertu ahal izan dira Besorako Proiektua izeneko esperientzia pilotuan, inausketa egitean mahatsondoaren gutxieneko altuerara jaitsi daitezen.
Horregatik, Arabako Foru Aldundiak aintzatespen bat egin die gaur goizean proiektuan eta, azken batean, Arabako hegazti faunaren babesean parte hartu duten enpresa guztiei, haien parte hartzea egiaztatzen duen plaka bat emanez.
Ingurumen Saileko diputatuaren iritziz, “esperientzia pilotu honek ez ditu Bonelli arranoaren gaineko kalteak soilik arinduko; ondorioak zeharkakoak izango dira, hainbat hegazti espezieren mesedetan: eguneko eta gaueko harrapari handiak, estepakoak eta zinegetikoak, hala nola, miru gorriak, hontzak, usapalak, birigarroak eta eperrak” azaldu du.
Bonelli arranoa lehentasunezko harraparia da, eta % 75etik gorako gainbehera du penintsulako iparraldean. Horregatik, Arabako Foru Aldundiak urteak daramatza espeziea berreskuratzeko lanean, AQUILA a-LIFE proiektu europarraren barruan. Proiektu hori Nafarroa, Madril, Mallorca, Frantzia eta Italiarekin partekatzen du, eta 2022ko udazkenean amaituko da.
2015. urteaz geroztik, Foru Aldundiak 30 Bonelli arrano ale sartu ditu lurraldean; zehazki, Kanpezun, Sobronen eta Guardian. Haietatik 11 Kantabriako mendilerroan sartu dira 2020an eta 2021ean, eta 7 bizirik diraute, eta hemen dute beren lurraldea kokatzeko aukera. Haiei, dena ondo ateratzen bada, aurtengo 6ak erantsiko zaizkie.
Bonelli arranoa harrapari lurraldekoia da, eta jartzen zaien GPS gailuak ahalbidetzen du egiten dituzten mugimenduak eta haien kontserbaziorako mehatxu nagusiak zein diren ezagutzea.
Bonelli arranoari buruzko sentsibilizazio ekintzen barruan, Ingurumen Sailak bideo bat prestatu du, esteka honetan deskarga daitekeena: https://labur.eus/gCcil;.