Foru Aldundiak Atauriko geltokia zaharberrituko du, Arabako Mendialdeko meatze paisaien interpretazio zentroa jartzeko - prentsa
Foru Aldundiak Atauriko geltokia zaharberrituko du, Arabako Mendialdeko meatze paisaien interpretazio zentroa jartzeko
Proiektu horrek 2,1 milioi euro jaso ditu Next Generation funtsetatik, eta Arabako Mendialdea industria ondareari lotutako ekoturismoaren erreferente bihurtuko du

Gasteiz, 2022ko abenduaren 21a. Foru Aldundiak Atauriko Vasco-Navarro trenbideko geltoki zaharra zaharberrituko du, etorkizunean Arabako Mendialdeko Asfalto Naturalen Meatze Paisaien Interpretazio Zentroa jartzeko, eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako interpretazio ibilbide bat sortuko du, instalazio horiek Izkiko Parketxearekin (Korres) eta Vasco-Navarro trenbidearen Bide Berdearen Interpretazio Zentroarekin (Antoñana) lotuko dituena.
Proiektu horrek 2,1 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du, eta Next Generation funtsen bidez finantzatzen da oso-osorik, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Industria turismoko produktu berri bat sortzea du helburu, Arabako Mendialdeko turismo eskaintza indartzen eta dibertsifikatzen eta hango ekonomia eta enplegua bultzatzen laguntzeko.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak eta Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak proiektu bat aurkeztu dute gaur, 2023an hasi eta 2025ean amaituko dena. Proiektu horrek balioa emango die Arabako Mendialdeko meatze paisaiei, Lucia meategia barne, zeina jendearentzat irekiko baita 2023an, Vasco-Navarro trenbidearen Bide Berdeari eta haren kultura ondareari, eta Izkiko parke naturalari.
Hori guztia ingurumen jasangarritasuneko, energia eraginkortasuneko eta tokiko kultura eta balioak errespetatzeko irizpideekin.
Cristina González foru diputatuak azaldu duenez, proiektu horren helburua da “Arabako Mendialdeko eskaintza turistikoa sustatzea, produktu turistikoaren digitalizazioan aurrera egitea, baliabide turistikoen artean bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzea eta gure ekipamendu turistikoak hobetzea. Azken helburua helmugaren lehiakortasuna hobetzea da, bidaiariak erakartzeko eta, horrela, eskualdeko turismo sektorean ekonomia garatzen eta enplegua sortzen laguntzeko.”
“Enplegu aukerak funtsezkoak dira biztanleria finkatzeko eta Arabako Mendialdean bizi diren gazteek lan egiteko eta profesionalki garatzeko kanpora joan beharrik ez izateko. Pertsona horietako askok beren ingurunean jarraitu nahi dute, baina horretarako aukerak behar dituzte”, erantsi du.
Atauriko geltoki zaharra
Atauriko geltoki zaharra eraikin arkitektoniko berezia da, 1928. urtean eraikia. Bada, eraikin horren zaharberritze jasangarriak proposatzen du “jatorrizko arkitektura eta oraindik kontserbatzen diren elementu arkitektoniko bereziak berreskuratzea lehenesten duen esku hartze bat egitea, eskualde honek duen ondare garrantzia agerian uzteko”, Josean Galera Ingurumen Saileko diputatuak zehaztu duenez.
Foru arduradunak, gainera, eraikinaren energia portaera hobetzearen garrantzia nabarmendu du. Horretarako, “eraginkortasun eta autokontsumoko sistemak jarriko ditugu, energia autonomia bermatzeko, geotermian eta eguzki paneletan oinarritutako irtenbideekin. Ekintza horiek emisioak murrizten eta klima aldaketaren ondorioak arintzen laguntzen dute, eta bat datoz 2050erako Klima Araba foru estrategiaren jarduera ildoekin.”
Lanak amaitutakoan, ekipamendu horrek asfalto naturalen meatze paisaien interpretazio eta harrera zentroa hartuko du, eta Antoñanan dagoenari gehituko zaio, zeina Vasco-Navarro trenbidearen Bide Berdeari lotuta baitago. Etorkizuneko espazio horrek, gainera, hainbat erabilera bilduko ditu eraikin berean, eta askotariko jarduerak elkartzeko eta eskualdearen barruko topagune izateko balioko du.
Era berean, eremu horretan bertan, ingurua urbanizatuko da, tokiko memoria historikoarekin leial jardunez. Horretarako, errepidetik dagoen sarbidea mantenduko da, bide berdearen trazadura errespetatuz.
Gainera, gutxi gorabehera 35 kilometroko ibilbidea izango duen asfalto naturalen meatze paisaien interpretazio ibilbideak meatze paisaien eta haien testuinguru geologiko, natural eta sozioekonomikoaren ikuspegi zabal eta erakargarria eskainiko du. Azken batean, ibilbide ikusgarria da, Antoñanako interpretazio zentroa eta Izkiko Parke Naturalarena (Korres) lotuko dituena etorkizuneko Atauriko zentroarekin.
Proposamen ekoturistikoaren beste elementu berritzaile bat seinaleztapen sistema adimendun bat ezartzea eta museo edukia digitalizatzea da. Horrela, eta egungo eskariari erantzuteko, teknologiari aplikatutako digitalizazioa gai izango da informazio eta zerbitzu edukiak modu eskuragarriagoan eta erosoagoan eskaintzeko bisitariei.
Proiektu horrek osatu egiten ditu foru erakundeak, Ingurumen eta Turismo sailen bidez, eskualdean azken urteotan egin dituen esku hartzeak, bai Vasco-Navarro trenbidearen Bide Berdean, bai asfalto naturalen meatze paisaietan.