Foru Aldundia | 2026 05 14

Foru Aldundiak 70 turismo eragile baino gehiago bildu ditu Aktibatu Araba izeneko turismo adimentsuko plataformaren aurkezpenean

Datuetan oinarritutako azpiegitura digital berritzaile bat jarri du sektorearen eskura, elkarlanean turismoa hobeto kudeatzeko

Cristina González: «Aktibatu Arabak aukera emango digu estrategia eraginkorragoak diseinatzeko, eta, hala, kalitatezko helmuga jasangarri gisa sendotzeko, lehiakorragoak izateko eta gure enpresen eskaintza ezagutzera emateko»

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 14a. Arabako Foru Aldundiak Aktibatu Araba proiektua aurkeztu dio gaur turismo sektoreari. Proiektu horrek turismoaren eraldaketa digitala bultzatuko du lurraldean, eta datuetan, esperientzietan eta parte hartzean oinarritutako kudeaketa, sustapen eta lankidetza eredu aurreratu bat ezarriko. Ekimena eta haren onurak ezagutarazteko ekitaldiak hirurogei turismo eragile baino gehiago bildu ditu, hala nola enpresak, elkarteak, kuadrillak eta udalak. 

Lehenengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatu Cristina Gonzálezek hasiera instituzionala eman dio ekitaldiari, eta proiektuaren izaera estrategikoa nabarmendu du. Haren esanetan, proiektuak «jauzi kualitatiboa ekarriko du turismoaren kudeaketan, zenbait tresna berritzaile eta indartsu garatzeari esker», eta Arabako enpresa eta eragile turistikoak gonbidatuko ditu harekin bat egitera. 

«Proiektu hau arlo publikotik bultzatzen eta zuzentzen dugu, baina sektore pribatuaren inplikazioa behar dugu, Aktibatu Arabak dituen potentzialtasun guztiak garatu eta zabaldu ditzan», esan du.

«Aktibatu Arabaren bitartez, balio handiko informazioa izango dugu eskura estrategia eraginkorragoak diseinatzeko, eta, hala, kalitatezko helmuga iraunkor eta pertsona guztientzako irisgarri gisa hazteko eta sendotzeko eta lehiakorragoak izateko, zentzurik zabalenean. Horrela, helmuga gisa sustatzera eta azpiegiturak eta zerbitzuak modernizatzera bideratzen ditugun baliabide publikoen errentagarritasun sozial handiagoa lortuko dugu», azaldu du. 

Gainera, nabarmendu duenez, tresna horrek «erakusleiho bat eskainiko die enpresei, beren jarduerari ikusgarritasuna emango diona, bai eta merkaturatze aukera berriak ere, bezero gehiago eta berriak lortzeko, adimen artifizialaren bidez ere... Doako erakusleiho bat, kosturik gabea, bisitatzen gaituztenei eskaintzen dizkiegun esperientzia turistikoen sustapenean oinarritua: ostatu berezi bat, esperientzia gastronomiko bat, bisita gidatu bat, mahastien arteko dastatze bat, etab».

«Era berean, eta hau ere garrantzitsua da, Arabako turismo enpresei datu erabilgarriak eskuratzeko aukera emango dien atea izango da Aktibatu Araba, eta, hala, bezeroen eskarietara hobeto egokitzen den eskaintza bat diseinatu ahal izango dute», erantsi du.

Foru diputatuak adierazi duenez, proiektuak «zeharkako ikuspegia» du erakundearen barruan, Foru Aldundiko beste arlo batzuk ere jasotzen baititu, hala nola kultura, natura ingurunea edo mugikortasuna, lurraldearen eta haren aukera turistikoen irakurketa osoagoa ahalbidetzeko, eta iragarri du laguntzen urteroko deialdietan pizgarriak jasoko direla Aktibatu Arabarekin bat egiten duten eta parte hartzen duten enpresa eta erakundeentzat.

Eredu eraldatzailea, Arabako turismo eskaintza hobeto konektatzeko

Andoni Martín Arabako Kalkuluguneko (AKSA) Eraldaketa Digitaleko Unitateko arduraduna eta Olivia Arnedo Aktibatu Arabako Esperientzia eta Aktibazioko arduraduna proiektuaren aurkezpen teknikoaz arduratu dira, eta azaldu dute ekimenak aukera emango duela turismo eskaintza ordenatzeko, informazioaren kalitatea hobetzeko, lurraldeko beste baliabide batzuekin konektatzeko eta irismen handiagoko kanal digitaletan ikusgarri jartzeko, hala nola AAn. 

Eraldaketa horrek aukera emango du datuetan oinarritutako turismo estrategia baterantz aurrera egiteko, eta, horri esker, gaitasun handiagoa izango da emaitzak ebaluatzeko, aukerak detektatzeko eta etorkizuneko erabakiak bideratzeko. 

Aurkezpenean, datozen hilabeteetarako aurreikusitako lehenengo erabilera kasuetako batzuk ere aipatu dituzte, besteak beste, Arabako Turismo Txartel Digitala abian jartzea. 

Ekitaldia amaitzeko, parte hartu duten turismo enpresa, erakunde eta eragileei programan erregistratzeko lehen urratsa egiteko gonbidapena egin zaie, hurrengo ekintzei, prestakuntza deialdiei eta webinarrei buruzko informazioa jaso ahal izateko. Arabako Foru Aldundiaren helburua da turismo enpresak, kuadrillak eta profesionalak proiektuan erraz eta lagunduta sartu ahal izatea. 

Aktibatu Arabaren bidez, etapa berri bat hasi da turismo eredu adimentsuago, kolaboratiboago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko, non teknologia pertsonen, enpresen eta lurraldearen zerbitzura jartzen den.

Aktibatu Araba proiektuak 1,6 milioi euroko aurrekontua du, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsek % 73an finantzatu dute, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Enpresak Aktibatun erregistratzea inprimaki honetan.


 

Foru Aldundia

Cristina González adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi