Diputatu nagusia | 2023 01 13

Foru Aldundiak argazki erakusketa batean ikusarazten du frankismoan jazarritako talde sozialek jasandako errepresioa

Erakusketa memoria demokratikoko proiektu baten emaitza da, eta bertan Gasteizko Espetxe Probintzialean eta Langraiz Okako espetxe-kolonian 1959 eta 1977 bitartean preso zeuden pertsonen fitxak osorik katalogatu dira, Alfer eta Gaizkileen Legeak eta Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialari buruzko Legeak epaitu ondoren

Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 13a. Arabako Foru Aldundiak “Alferrak, Gaizkileak eta Arriskugarritasun Soziala. Jazarpen baten historia grafikoa (1933-1995)” izeneko argazki erakusketan ikusarazten du frankismoan jazarritako talde sozialek jasandako errepresioa. Erakusketaren helburua da ahaztutako errepresio haren errealitatea ezagutzera ematea, 24 panelez osatutako erakusketa baten bidez. Panelak lau paneleko 6 taldetan multzokatuta daude, eta kubo bana osatzen dute. 

Erakusketa hori foru erakundeak Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren eta Kultura Sailaren bidez bultzatutako memoria demokratikoaren proiektuaren emaitza da. Lana izan da Gasteizko Espetxe Probintzialean eta Langraiz Okako espetxe-kolonian 1959 eta 1977 bitartean Espainia osotik preso sartu ziren pertsonen fitxak osorik katalogatzea, Alfer eta Gaizkileen Legeak eta Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialari buruzko Legeak epaitu ondoren. Dokumentu funtsa Arabako Artxiboan gordetzen da, eta, katalogazioari esker, datu base batean presoen 5.645 fitxa deskribatu dira, identifikatu ahal izateko. 

"Horiek berreskuratuz, iaz Diputatuen Kongresuan onetsitako Memoria Demokratikoaren Legearen agindu nagusietako bat bete nahi da. Herri Administrazio guztien betebeharra da biktimek egia jakiteko duten eskubidea bermatzeko eta, era berean, gertaera horien ikerketa historikoa horiek ezagutzeko interesa duten guztiei helarazteko ezinbestekoak diren dokumentuak babestea, deskribatzea eta eskuratzeko aukera ematea", Ainhoa Campo Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak zehaztu duenez. 

Panelak Gasteizko Probintzia Plazan izango dira otsailaren 2ra arte, eta bertan dokumentuen kopiak, argazkiak, prentsa ebakinak eta ilustrazioak daude, Alfer eta Gaizkileen Legeari eta Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialari buruzko Legeari lotutako erakusketak jorratzen duen egoera ulertzen laguntzeko, bai eta zer helburu zuen, nola aplikatu zen eta zer ondorio eta biktima izan zituen ulertzeko ere. 

     Kubo bakoitzak modu erraz eta ulergarrian planteatzen ditu Langraiz Okako espetxeko historiari lotutako hainbat alderdi, hala nola modernizazio ekonomikoaren aurreko eta ondorengo probintzia nolakoa zen, gaueko aisialdia, trabestismoa eta homosexualitatea, edo Langraizko presoak nola bizi ziren eta zergatik kondenatu zituzten.

Langraiz Okako espetxe-kolonia Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialeko Epaitegi Bereziek zigortutakoen kontzentrazio handieneko zentro bihurtu zen. Lan dokumental horrek egiaztatu du 1959 eta 1979 bitartean espetxeratutako presoen kopurua handia dela, 5.661 guztira, gehienak sexu arrazoiengatik. Izan ere, Langraizko espetxea, Fuerteventurako Tefía, Huelva eta Badajozeko espetxeekin batera, homosexualitatea zigortzeko zentro nagusietako bat izan ziren.  

"Memoria Demokratikoaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzatik uste dugu beharrezkoa dela zabalkunde ekintza bat egitea, frankismoak sozialki baztertu zituen eta, kalteberatasun ekonomiko eta soziala gorabehera, penalki jazarri zituen pertsona horien bizitza eta historia ezagutu dezaten Arabako herritarrek", azpimarratu duenez Ainhoa Campok.

Valentín de Foronda Unibertsitate Institutuak, Arabako Foru Aldundia haren patronoa izanik, erakusketaren edukiak lantzen lagundu du, Javier Gómez Calvo Historiako doktore, Unibertsitate Institutu horretako ikerlari eta “Matar, Purgar, Sanar” lanaren egile denarekin batera. 1939 eta 1945 bitartean frankismoak Araban eragindako errepresio politikoari buruzko erreferentziazko lan akademikoa da lan hura.
 

Diputatu nagusia Foru Aldundia Berdintasuna eta Giza Eskubideak

Nota de prensa

Jaitsi