Arabako Foru Aldundiak 746 animalirekin artzaintza gidatua probatzen ari da baso-suteak prebenitzeko - arabapress
Arabako Foru Aldundiak 746 animalirekin artzaintza gidatua probatzen ari da baso-suteak prebenitzeko
Ramiro Gonzálezek Eginon bisitatu du abian diren bost esperientzia pilotuetako bat, abereak landaredia kontrolatzeko erabiltzea ebaluatzeko.
Helburua da sistema hori prebentziorako tresna gisa baliozkotzea, etorkizunean administrazio batzarrek eta mendien jabeek erabili ahal izan dezaten, Mendi Zerbitzuarekin koordinatuta.


Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 5a. Arabako Foru Aldundiak artzaintza gidatuko bost esperientzia pilotu jarri ditu abian, guztira 746 animalirekin, abereek baso-suteak prebenitzeko tresna gisa duten eraginkortasuna aztertzeko. Proiektuak Eginon, Inoson eta Kantabria Mendilerroko hiru gunetan garatzen ari dira, eta ardi, ahuntz, behi eta behorrek Arabako mendietako gune estrategikoetan landaredia kontrolatzeko duten gaitasuna egiaztatu nahi da.
Arabako diputatu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, eta Nekazaritzako foru diputatuak, Noemí Aguirrek, esperientzia horietako bat bisitatu dute gaur Eginon. Bertan, SAT OLANO ustiategiko 14 ahuntz abuztuaz geroztik ari dira baso-pisten ertzetako landaredia garbitzen.
“Tresna berri bat probatzen ari gara suteei aurrea hartzeko. Prebentzioa ez da sua agertzen denean hasten, askoz lehenago baizik: mendia kudeatuz, toki jakin batzuetako landaredia murriztuz eta sutea hedatzea erraztuko lukeen erregai bihur dadin saihestuz”, adierazi du Gonzálezek.
Proiektua premisa zehatz batean oinarritzen da: kontua ez da abereak mendian bazkatzen uztea soilik, baizik eta prebentzio helburu zehatz batekin gidatutako eta planifikatutako artzaintza egitea. Animaliak aldez aurretik hautatutako guneetara eramaten dira, bide eta baso-pisten inguruko landaredia jan dezaten. Horrela, erregai begetal gutxiago duten eremuak sortzen dira eta, sute bat gertatuz gero, larrialdi zerbitzuen sarbidea ere errazten da.
“Animalia hauek lan bat egiten ari dira. Aurrez identifikatu ditugun eremuak garbitzen ari dira eta gure mendiak babesten laguntzen dute. Proiektu honen bidez datuekin egiaztatu nahi dugu sistema hori zer neurritan bihur daitekeen suteen prebentziorako gure estrategiaren beste tresna bat”, azaldu du diputatu nagusiak.
Bost esperientzia eta 746 animalia
Eginoko esperientzia Aldundiak gaur egun lurraldeko bost gunetan garatzen ari den proiektu zabalago baten parte da. Guztira, hainbat espezietako 746 animalia ari dira parte hartzen, eremu bakoitzaren ezaugarrien eta landu beharreko landaredi motaren arabera hautatuta.
Probak Eginon, Inoson eta Kantabria Mendilerroko hiru gunetan egiten ari dira, eta hainbat alderdi aztertzeko aukera emango dute: animaliek egiten duten garbiketaren eraginkortasuna, zein landaredi motatan jarduten duten hobekien, lanak egiteko behar duten denbora edo abeltzaintza ustiategiek emandako zerbitzua nola kuantifikatu eta ordaindu.
Eginon, Azpi Gorri arrazako 14 ahuntzek 2,5 kilometro inguruko bideetan jarduten dute, alde bakoitzean hamar metro inguruko zerrenda batean bazkatuz. Animalien mugimendua zuzentzeko, GPS lepokoen bidezko hesi birtualeko sistema erabiltzen da. Horri esker, non jardun behar duten zehaztu daiteke, hesi fisikorik jarri beharrik gabe.
Gailuen jarraipenak animalien mugimenduei eta portaerari buruzko informazioa eskuratzeko aukera ere emango du, baita egindako lanaren emaitzak ebaluatzeko ere.
Mendien jabeen zerbitzura egongo den tresna
Proiektu pilotuaren azken helburua da artzaintza gidatua baso-suteak prebenitzeko tresna gisa baliozkotzea, etorkizunean Arabako mendien ohiko kudeaketan txertatu ahal izateko.
Esperientzia horien emaitzetatik abiatuta, Aldundiak aztertuko du nola egituratu administrazio batzarrek, udalek eta baso-lurren gainerako jabeek horrelako jarduketak erabiltzeko aukera izango duten sistema bat, betiere modu planifikatuan eta Aldundiko Mendi Zerbitzuarekin koordinatuta.
Arabak 188.000 hektarea inguruko baso azalera du, eta horren %80 inguru onura publikoko mendiei dagokie; gehienak administrazio batzarrek eta toki erakundeek kudeatzen dituzte.
“Ez dugu gure mendiak aberez bete nahi, ezta gaur egun erabiltzen ditugun tresna guztiak ordezkatu ere. Beste aukera bat gehitu nahi dugu eraginkorra izan daitekeen lekuetan, gune egokiak hautatuz eta prebentzio sistema desberdinak mendi bakoitzaren ezaugarrien arabera uztartuz”, azpimarratu du Ramiro Gonzálezek.
Ekimena Nekazaritza Sailaren Mendi eta Abeltzaintza zerbitzuen arteko koordinazioaren emaitza da. Bi zerbitzuek elkarlanean jarduten dute jarduketa eremuak identifikatzeko, esperientzien jarraipena egiteko eta emaitzak ebaluatzeko.
Noemí Aguirrek, ildo horretan, nabarmendu du garrantzitsua dela “gure mendien kudeaketan integra daitezkeen alternatiba naturalak bilatzea eta, aldi berean, abeltzaintza ustiategiek prebentzio zerbitzu hori ematen dutenean egiten duten lana aitortzea eta ordaintzea”.
Bisitan, diputatu nagusiak eta Nekazaritzako foru diputatuak SAT OLANOren jarduera ere ezagutu dute. Egino herrian errotutako abeltzaintza ustiategia da, gaztagintzari lotua, eta Gaztaren Interpretazio Zentroa ere badu herrian bertan.
Ustiategia, halaber, sektorean belaunaldi errelebo erreal eta naturalaren adibidea da. Garazi duela gutxi sartu zen jardueran, eta aurreikusita dago Ricardo ere etorkizunean ustiategian sartzea.
Gonzálezen arabera, horrelako esperientziek erakusten dute lurraldearen kudeaketak eta lehen sektorearen etorkizunak batera egin dezaketela aurrera. “Etorkizuna duten ustiategiak behar ditugu, baina baita abeltzaintzarentzat funtzio eta aukera berriak bilatzea ere. Proiektu honekin horietako bat ari gara aztertzen: animalien lanak baso-suteen prebentzioari eta gure mendien zaintzari zuzeneko zerbitzua ematea”, amaitu du diputatu nagusiak.

