Foru Aldundia | 2026 10 15

Apilaizko Gaztainaren Jaiak Arabako udazkeneko fruitu entzutetsuenari egiten dio omenaldia

Ekitaldi horrek inguruko paisaiaren, kulturaren eta etnografiaren aberastasuna nabarmentzen du

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 15a. Gaztainaren Jaiaren beste edizio bat iritsiko da asteburu honetan Apilaizera, udazkeneko fruitu bereizgarrienetako bat ikusarazteko eta balioztatzeko. María José Madeira Natura Ingurunearen zuzendariak, gaur goizean, ospakizunaren bi egunetako nabarmenena aurkeztu du, Ana Fernández de Monje Arraia-Maeztuko alkatearekin, Sergio Martínez Rituerto Apilaizko Administrazio Batzarreko bozeramailarekin eta Euskadiko Hazien Sarearekin batera.

Ekitaldi honen zazpigarren edizioa datozen larunbat eta igandean izango da eta publiko ororentzat diseinatutako jarduerez beteko ditu egunak. Aurtengo berritasun nagusia Basabiotza proiektuari buruzko hitzaldia izango da. Nafarroako familia batek sortu duen ekimena da, gaztainondoaren laborantza, aprobetxamendua eta eraldaketa helburu dituena. Protagonistek beren esperientziaren berri emango dute, eta gaztainadia balio natural eta kultural handiko paisaia gisa ezagutzeko aukera azalduko dute, bai eta aprobetxamendu berriak berreskuratu eta garatzeko aukera ematen duen ekoizpen eremu gisa ere. 

Hitzaldiari esker zuzenean ezagutuko dugu fruitu horren laborantzaren eta eraldaketaren atzean dagoen lana eta baita Arabako Mendialdeko gaztainadiei balioa ematen jarraitzeko inspirazio iturri izan daitekeen esperientzia ere.
    
Bestalde, tradiziozko ekoibilaldiek Atxurdina-Ilarrako gaztainadiaren zehar izango dira berriro. Irteera Apilaizko plazatik izango dute. Ibilbidean zehar, Atxurdina-Ilarrako esperimentazio lurzatira egingo da bisita. Gaztainondo lepatuak eta landatu berriak uztartzen dituen eremua da eta bertan ari da herria garatzen gaztainadien balioa nabarmentzeko, prestakuntza sustatzeko eta kudeaketa jasangarri eta egokiko jardunbideak zabaltzeko proiektuaren jarduketa nagusietako asko. 

Jarduerak aukera emango du baso horiekin lotutako natura eta kultura ondarea ezagutzeko, baita haien kontserbazioa eta berreskurapena sustatzeko eta bermatzeko garatzen diren esperientzia eta jardunbideetara hurbiltzeko ere. Gainera, ohi bezala, ekoibilbideak egiteko Joelette aulkiak izango dira erabilgarri, mugikortasun urriko pertsonek ere parte har dezaten eta gaztainadiaren ibilbideaz eta paisaiaz goza dezaten.

 Tokiko ekoizleen azoka, taillaketa erakustaldia motozerrarekin, gaztaina ogien dastaketa Mendialdeko Ogiarekin eta "Gaztaina Azoka" Poesiako III. Lehiaketa dira jai proposamenaren erakargarrienetako batzuk. Eta baita Pedro María López de Lacalleren "Raíces de Boj" izeneko argazki erakusketa ere.

María José Madeira Natura Inguruneko zuzendariak azpimarratu duenez, "Ospakizun honek aukera ematen digu gure baso eta natura ondarearen eginkizuna aitortzeko. Inguratzen gaituzten mendiak lurraldearen aberastasunaren parte dira, eta funtsezko baliabidea ingurumenaren, paisaiaren eta ekonomiaren ikuspegitik. Horiek zaintzea erakundeen, toki entitateen eta herritarren erantzukizun partekatua da".

Izkiko Gaztainaren Jaia, zeina Apilaizen egingo baita, Euskadiko Hazien Sareak 2011z geroztik Izkiko Parke Naturalean eta haren eragin eremuan bizi diren pertsonekin eta, bereziki, Apilaizko Kontzejuan bizi direnekin egindako lanetik sortu da, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin batera. 

Apilaizen dago Euskadiko gaztainondo lepatuen azalera handienetako bat, eta adituek adierazi dutenez, bitxi bat da Arabako Mendialdeko ondarerako.
 

Foru Aldundia Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi