La FP de Mantenimiento Aeromecanico de Egibide inicia su segundo curso con un avion real para las practicas del alumnado - arabapress
Egibideko Mantentze Aeromekanikoko LH zikloak bigarren ikasturtea hasi du, ikasleen praktikak egiteko benetako hegazkin batekin
Euskadin aitzindaria den zikloak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Vital Fundazioak sustatuak, instalazioak eta ekipamendua indartu ditu, prestakuntza gero eta praktikoagoa eta sektore aeronautikoaren beharrei lotuagoa eskaintzeko
Prestakuntza profesional kualifikatuen eskaerari aurrea hartzeko sortu zen, sektorearen hazkundeari eta Vitoria-Gasteizko aireportuaren industria-garapenari lotuta

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 24a. Egibidek eskaintzen duen Turbina-motordun Hegazkinen Mantentze Aeromekanikoko Goi Mailako Heziketa Zikloak bigarren ikasturtea hasi du, eta beste urrats bat egin du bere garapenean, ikasleen prestakuntza praktikorako benetako hegazkin bat eta motorrak txertatuta.
Arabako diputatu nagusi Ramiro González, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosa, Vital Fundazioko presidente Jon Urresti eta Egibideko ordezkariak Egibide-Arriagako campusean egokitutako instalazio berriak bisitatzen izan dira gaur. Bertan, hangarra ezagutu eta zikloko ikasle eta irakasleekin hitz egiteko aukera izan dute.
Ekimena Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Egibideren eta Vital Fundazioaren arteko lankidetzatik sortu zen, sektore aeronautikoak behar dituen profesional espezializatu berriei aurrea hartzeko helburuarekin. Eskolak hasi eta urtebetera, proiektuak hazten jarraitzen du eta bere alderdi praktikoa indartu du, ikasleei prestakuntza-etapatik bertatik hegazkin baten benetako elementu eta sistemekin lan egiteko aukera ematen dien ekipamenduari esker.
Euskadin aitzindaria den zikloak 2.800 prestakuntza-ordu ditu, hiru ikasturtetan banatuta, eta eduki teorikoak, prestakuntza praktikoa eta enpresetako egonaldiak uztartzen ditu. Ikasleak sistema mekaniko, hidrauliko, pneumatiko, elektriko, elektroniko eta avionikoko mantentze-lanak egiteko prestatzen dira, baita turbina-motorretan jarduteko ere, eta EASA Part-66 lizentzia aeronautikoaren azterketetarako prestakuntza ere jasotzen dute.
Forondaren hazkundeari laguntzeko prestakuntza
Prestakuntza hori abian jartzea estu lotuta dago Vitoria-Gasteizko aireportuko jardueraren hazkunde- eta dibertsifikazio-prozesuarekin, baita Araban eta Euskadin mantentze aeronautikoan kualifikatutako profesionalak izateko beharrarekin ere.
Egoera horrek aurrerapauso nabarmena eman du azken urtean. DHL Expressek joan den ekainean hasi zituen Forondan hegazkinen mantentze-lanetarako hangar berria eraikitzeko obrak. 40 milioi euroko inbertsioa da, 50 enplegu kualifikatu inguru sortzea aurreikusten duena, eta 2027an martxan jartzea espero da.
Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek nabarmendu duenez, ziklo hau “Araban lan egin nahi dugun moduaren adibide ona da: aukerei aurrea hartuz eta gure industriaren dibertsifikazioa behar dituen prestakuntzarekin eta talentuarekin lagunduz”. “Industria-jarduera berriak eta balio erantsi handiko sektoreak sustatzen ari gara, horien artean aeronautika, gure industria-BPGan garrantzi handia hartu duen sektorea. Datuek erakusten dute gaur egun indar handia duen jarduera dela, baina, batez ere, etorkizunerako aukera izugarriak dituena”.
Gonzálezek azpimarratu duenez, “inbertsio berriak erakartzea garrantzitsua da, baina gure lana ez da amaitzen enpresa edo proiektu bat Arabara etortzea lortzen dugunean. Gai izan behar dugu aurrea hartzeko, gure lurraldea prestatzeko eta jarduera berri horiek beharko dituzten pertsonak hemen prestatzeko”. “Horixe egin genuen Forondako DHLren hangar berrian lanean hasi ginenean. Duela urtebete eskas etorkizuneko behar bati buruz hitz egiten genuen, eta gaur egun baditugu ikasleak prestatzen eta instalazioek beste jauzi bat eman dute benetako hegazkin bat eta motorrak txertatuta. Gure industriaren hazkundea eta dibertsifikazioa Arabako pertsonentzako enplegu kualifikaturako aukera ere bihurtzea nahi dugu”, amaitu du.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak azpimarratu duenez, “industria-garapena Euskadiren lehiakortasuna, ongizatea eta etorkizuneko aukerak eraikitzeko zutabeetako bat da. Forondan DHLren hegazkinen mantentze-lanetarako hangar berria bezalako proiektu estrategikoak iristea erakundeok inbertsioa erakartzeko, jarduera ekonomikoa sortzeko eta Euskadin balio erantsi handiko industria-sektoreak sendotzeko egiten dugun ahalegin bateratuaren adibidea da”.
Ildo horretan, adierazi du “enpresa-proiektu batek ere ezin duela bere potentzial guztia garatu hura bultzatzeko prestatuta dauden pertsonarik gabe. Horregatik, Turbina-motordun Hegazkinen Mantentze Aeromekanikoko zikloa abian jartzeak aukera ematen du hazten ari den sektore baten beharrei erantzuteko eta gazteei kalitatezko garapen pertsonal eta profesionalerako aukera eskaintzeko. Aldi berean, enpresei sektoreak eskatzen dituen ezagutzak, trebetasunak, gaitasunak eta jarrerak dituzten profesionalak eskaintzen dizkie. Eusko Jaurlaritzatik prestakuntzaren eta industriaren arteko lotura indartzen jarraituko dugu, kualifikazioa enplegu eta pertsonentzako etorkizuneko aukera berrietan gauzatu dadin”.
Bestalde, Vital Fundazioko presidente Jon Urrestik nabarmendu du lanbide-heziketa “gure DNAren parte dela, hamarkadak daramatzagulako Egibiderekin batera haren aldeko apustua egiten, eta hala egiten jarraituko dugu, gaur inoiz baino beharrezkoagoa delako. Araba industria-bultzada berri bat bizitzen ari da, eta hazkunde horri erantzuteko prestatutako eta kualifikatutako profesionalak behar ditugu. DHLrekin batera garatutako proiektu hau adibide bikaina da prestakuntza eta enpresen benetako beharrak nola lotu behar ditugun erakusteko. Gure gazteek aukera dute prestatzeko eta enplegu berri horietara sartzeko, gero aurkituko duten errealitate profesionalaren oso antzeko baldintzetan. Vital Fundazioan badakigu lanbide-heziketa etorkizuneko industriarako sarrera-atea dela. Izan ere, gaur gure gazteak prestatzea Vitoria-Gasteizen eta Arabaren etorkizun ekonomikoa eta laborala prestatzea ere bada”.
Egibideren aldetik, Xabier López de Santiago Berrikuntza eta Harreman Instituzionaletako zuzendariak adierazi du hegazkina eta baliabide tekniko berriak txertatzeak “ziklo hau sortu zen helburuan aurrera egiteko aukera ematen digula: sektorearen errealitateari oso lotutako prestakuntza eskaintzea”. “Ikasleek benetako ekipamenduetan ikasi eta lan egin dezakete, prozedurak eta gaitasun profesionalak eskuratu, eta ikasgeletatik bertatik gero enpresetan aurkituko duten ingurunera hurbildu”, azaldu du.
Egibideko zuzendari nagusi Cristina Penak itxi du bisita, erakundeen arteko lankidetza azpimarratuz eta “jasotako konfiantzari proiektua posible egin duten balioekin erantzuteko konpromisoa” berretsiz: “ikuspegi estrategikoa, hezkuntzarengan gizartea eraldatzeko palanka gisa jarritako konfiantza, lankidetza, zerbitzu-espiritua, ahalegina eta ilusioa”.
Prestakuntzaren eta industriaren arteko aliantza
Turbina-motordun Hegazkinen Mantentze Aeromekanikoko Goi Mailako Heziketa Zikloa 2025-2026 ikasturtean hasi zen Egibiden ematen. Forondaren industria-hazkundea sustatzeko egindako lanean hautemandako behar bati erantzuteko sortu zen, bereziki hegazkinen mantentzearekin lotutako jarduera berriak iristearen aurrean.
Prestakuntzak, aldi berean, etorkizuneko DHLren hangarretik harago zabaltzen ditu lan-aukerak; izan ere, eskuratutako gaitasunei esker, ikasleek aire-konpainietan eta hegazkinak nahiz osagaiak mantendu, fabrikatu eta muntatzen dituzten enpresetan lan egin ahal izango dute.
Bigarren ikasturtea hasi eta ekipamendu berria txertatuta, erakunde eta entitate sustatzaileek berretsi egin dute Lanbide Heziketa espezializatuaren aldeko apustua, enpresekin konektatua eta Arabarentzat eta Euskadirentzat estrategikoak diren sektoreen garapenari laguntzeko gai dena.

