Estatuko eta Europako batez bestekoa baino hondakin gutxiago sortzen jarraitzen du Arabak, eta prebentzioa finkatuz doa kudeaketa jasangarriaren ardatz nagusi gisa - arabapress
Estatuko eta Europako batez bestekoa baino hondakin gutxiago sortzen jarraitzen du Arabak, eta prebentzioa finkatuz doa kudeaketa jasangarriaren ardatz nagusi gisa
Biztanle bakoitzak 404,24 kilo etxeko hondakin sortu zuen iaz. Kopuru hori % 6,5 murriztu da 2010etik
Dagoeneko Arabako 14 udalerrik biltzen dute beren hiri hondakinen % 50tik gora bereizirik

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 4a. Arabako 2025 urteari buruzko hondakinen inbentarioak agerian uzten du prebentzio eta kudeaketa jasangarriaren arloan lurraldeak eman duen aurrerapausoa. Iaz biztanle bakoitzak 404,24 kilo etxeko hondakin sortu zuen. Estatuko eta Europako batezbestekoen azpitiko kopurua da hori.
Datu horrek agerian uzten du azken urteetan ikusitako prebentziorako joera eta lurraldean hondakinen sorrera pixkanaka murrizten ari dela. Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak zehaztu ditu datuak, gaur goizean Arabako Batzar Nagusietan kontroleko osoko bilkuran.
Foru diputatuak adierazi du kopuruan zentratzen den prebentzioa dela kudeaketa planen oinarria, eta azpimarratu duenez, “datu hori bereziki esanguratsua da, Araban norabide egokian aurrera egiten ari garela erakusten duelako, hondakina jatorrian bertan murrizten baita. Arabak erakutsi du gizarte konprometitua dela, pentsatzen baitu hondakin onena sortzen ez dena dela".
Bilakaera hori epe luzeko ikuspegian ere ikusten da. 2010. urtearekin alderatuz gero, ikusten da % 6,5 etxeko hondakin gutxiago sortu dela. Datu horrek agerian uzten du prebentzioan aurrerapausoa eman dela, hots, jatorrian hondakinak murriztea eta baliabideak modu efizienteagoan erabiltzea xede duen kudeaketa eredurantz aurrera egin dela.
Inbentarioak, halaber, materia organikoaren gaikako bilketaren bilakaera ona jasotzen du. % 10 biohondakin gehiago bildu da azken ekitaldian. Gainera, analisiek erakusten dutenez, jasotako frakzio horrek kalitate hobea du, eta, ondorioz, ondoren balorizatzea eta aprobetxatzea errazten da.
Datuek, halaber, herritarrek hondakinak jatorrian bereizteko dituzten ohituren sendotasuna erakusten dute. Dagoeneko Arabako 14 udalerrik biltzen dute euren hiri hondakinen % 50tik gora bereizirik, eta horrek agerian uzten du lurraldean ezarritako sistemak gero eta hedatuago daudela.
Birziklatzeari dagokionez, emaitzak bereziki positiboak dira papera eta kartoia bezalakoetan, % 77ko birziklatze mailara iristen baitira. Beiraren kasuan % 72 birtziklatzea lortu da, eta ehuneko horiek erakusten dute materialen berreskurapen maila handia dela eta ekonomia zirkularraren helburuekin bat datozela.
Ontzi arinen frakzioa dela-eta, birziklatzea 2025ean sortutako guztizkoaren % 30era iritsi zen. Edukiontzi horiaren bidezko gaikako bilketak hazten jarraitzen du urtez urte kuadrilla guztietan. Aldi berean, errefusaren frakzioan ontzi arinek duten presentziak, haren osaeraren %16 baitira, agerian uzten du horiek berreskuratzeko oraindik badagoela hobekuntzarako tartea, eta Europako araudiak ezarritako birziklatze helburuetara aurrera egiten jarraitzeko aukera dagoela.
“Adierazle horien bilakaerak erakusten du prebentzioak, berrerabilpenak eta birziklatzeak gero eta pisu handiagoa dutela hondakinen kudeaketan, baita baliabideen aprobetxamendu handiagoa eta hondakinen sorrerari lotutako ingurumen inpaktuaren pixkanakako murrizketa ere”, nabarmendu du foru diputatuak.

