Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak | 2024 06 28

Arabako Ogasunak 600.000 eurotik gorako zorrak dituzten zergadunen zerrenda argitaratu du

Aldundiaren web orriak (www.araba.eus) 53 pertsona juridiko eta fisikoen izenak ezagutarazi ditu, zeinek guztira 160,3  milioi euroko zor edo zehapenak baitzituzten 2023ko abenduaren 31n

Gasteiz, 2024ko ekainaren 28a. Arabako Foru Ogasunak gaur argitaratu du 2023ko abenduaren 31ra arte 600.000 euro baino gehiagoko zerga zorrak edo zehapenak zituzten zergadunen zerrenda. Zerrenda horretan zergadunen zerrenda ageri da, 53 guztira, 160.302.268,79 euro ordaindu gabe utzi dizkiotenak Arabako erakundeari. Informazio hori eskuragarri dago www.araba.eus web orrian, edo esteka honetan: esteka.

Gaur argitaratutako zerrendan, 2022. urtearen amaieran onetsitako erregulazioa aplikatu da, zeinaren bidez nabarmen aldatzen baitira Arabako Foru Aldundiaren zordunen zerrendan sartzeko betekizunak, batetik, zerrendan sartzea eragiten duen zorraren atalasea 600.000 eurora jaitsi delako, eta, bestetik, erantzule solidarioak ere sartu direlako.

Aldaketa horren ondorioz, argitaratutako zerrendako datuak ezin dira alderatu aurreko urteetako zerrendekin.

Era berean, 53 zordunetatik 28 porrot prozeduretan sartuta daude edo egon dira. 28 zordun horiek metatutako zorraren ehunekoa zerrendan argitaratutako guztiaren % 65,84 da.

47 enpresa eta 6 norbanako

Gaur argitaratutako zerrendan zordunak pertsona fisikoak badira (sei daude zerrendan), haien izen-abizenak eta NAN zenbakia ematen dira identifikatzeko. Denen artean 25,8 milioi euroko zorra dute.

Pertsona juridikoei eta entitateei dagokienez, sozietatearen izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia argitaratzen dira. Gaur argitaratutako zerrendan, 47 erakundek ez dituzte ordaindu 134,5 milioi euro.

Ordaintzeke dauden zor eta zehapenen baterako zenbatekoa ere agertzen da zerrendan. Hala ere, zerrendan ez dira agertzen milioi bat eurotik gorako zorra duten zordun guztiak. Ez dira sartu atzeratuta, zatituta edo etenda dauden guztiak, edo ordaintzeko borondatezko epean daudenak.

Zordunei buruzko informazioa publikoa izango da hiru hilabetez. Era berean, Datuak Babesteko Legea betez, Foru Ogasunak beharrezko neurriak hartu ditu edukiak eskuragarri ez egoteko Interneteko bilaketa motorren bidez.

Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi