Foru Ogasunak 8,4 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu gaitasun teknologikoa eta iruzur fiskalaren aurkako borroka indartzeko - arabapress
Foru Ogasunak 8,4 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu gaitasun teknologikoa eta iruzur fiskalaren aurkako borroka indartzeko
Sailak inbertsio berriak sutatuko ditu Ogasun digitalagoa, efizienteagoa eta zerga kudeaketaren erronkei aurre egiteko prestatuagoa sendotzeko

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 20a. Foru Ogasunaren eraldaketa digitalak bultzada izaten jarraituko du 2027an, eta 8,4 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, «zerga kudeaketa modernizatzeko, herritarrei eta enpresei ematen zaizkien zerbitzuak hobetzeko eta iruzur fiskala kontrolatzeko gaitasuna indartzeko», Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen Saileko diputatuak sailaren ildo nagusiak aurkezteko Batzar Nagusietan egindako agerraldian nabarmendu duenez.
Jarduketa horiek Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailaren 18 milioi euroko aurrekontu propioan jasota daude, eta aurrekontu hori % 17,8 handiagoa izango da egungo ekitaldikoarekin alderatuta, langile gastuak, konpromiso instituzionalak eta finantza karga kendu ondoren.
Itziar Gonzalok sailaren lehentasunezko helburuak nabarmendu ditu: «kudeaketa publikoa modernizatzearen alde egitea: prozedurak digitalizatzea, informazio sistemak hobetzea eta datuak aprobetxatzea, erabaki hobeak hartzeko eta herritarrei zerbitzu hobea emateko».
Ildo horretan, zergak kudeatzeko SAP plataformaren ezarpena garatzen jarraituko da, Zergaraba proiektuaren bidez, «Ogasun Zuzendaritza eraldatzeko eta modernizatzeko funtsezko ekimena baita».Proiektu hori gauzatzeko 4 milioi euro erabiliko dira.
Zerga kudeaketaren oinarri diren sistema teknologikoak hobetzea eta mantentzea da sailaren aurrekontuaren beste lehentasunetako bat. Inbertsio horiei esker, Foru Ogasunak erabiltzen dituen tresna digitalak modernizatzen jarraitu ahal izango da, herritarrei eta enpresei zerbitzu arinagoa, efizienteagoa eta erabilerrazagoa eskaintzeko eta, horrela, zerga betebeharrak betetzea errazteko.
Horretarako, gaitasun teknologikoa izatea da beste erronketako bat, eta lan ildo horretan 2,8 milioi erabiliko dira, euskarri tekniko eta funtzionalerako, bai eta Foru Ogasunaren aplikazio informatiko nagusien mantentze zuzentzaile, moldatzaile eta ebolutiborako ere.
Tresna horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: TicketBAI, Berehalako Informazio Sistema (BIH) eta Zerga Berezien Erregistro Liburuen Sistema (SILIE); Ikuskapen Zerbitzuan, berriz, SENDAUIT programa, bai eta zergak kudeatzeko dagoeneko ezarrita dauden programak ere, hala nola errentaren gaineko zerga, sozietateen gaineko zerga eta zerga ereduak kudeatzekoak.
Foru Aldundiaren kudeaketa ekonomiko-finantzariorako Kontaraba plataforma ezarri ondoren, sailak 540.000 euro bideratuko ditu plataforma horren mantentze lanetara. Partida horrek plataformaren funtzionamendu egokia ahalbidetuko du, bai eta segurtasuna, eguneratzea eta antolamendu beharretara etengabe egokitzea ere.
Arabako Ondasun Higiezinen Katastroa mantentzeko, eguneratzeko eta hobetzeko 2,2 milioi euroko zuzkidura izango da.
Zerga neurriak
Foru diputatuak aurreko astean gobernu kontseilu berezian onetsitako 2027ko Zerga Neurrien Foru Arauaren Proiektua aurkeztu du batzordean. Proiektuak zenbait neurri biltzen ditu herritarrei etxebizitza eskuratzen laguntzeko, gizartearen zenbait erronkari aurre egiteko (zaintza, gazteen enplegua eta mugikortasun jasangarria, esaterako), enpresen errotzea indartzeko eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko.
Proposatutako foru arauan zerga pizgarri espezifikoak jasotzen dira, eta, aldi berean, zenbait betekizun ezartzen dira: jarduera ekonomikoari eta lanpostuei eutsi beharra eta lurraldean jarraitu beharra. Gainera, kontrol mekanismoak ezartzen dira inork zerga onuren erabilera desegokia egin ez dezan.
Proiektuak PFEZaren % 3ko deflaktazioa jasotzen du, herritarren erosteko ahalmena babesteko eta soldata igoerek zerga karga handiagoa ekartzea saihesteko. Gainera, errenta txiki eta ertainen tributazioa hobetzen du, eta lan etekinetan hobariak aplikatzeko atalaseak igotzen ditu.
Etxebizitzaren arloan zerga berrikuntza ugari izango dira; izan ere, pizgarriak izango dira arrazoizko alokairua bultzatzeko eta etxebizitza hutsak mobilizatu eta eros daitezen sutatzeko, batez ere gazteen artean. Horrez gain, jabe handientzako neurriak jasotzen dira, baita udalek eremu tentsionatuetan kokatutako turismo ostatuei OHZn errekarguak aplikatzeko aukera ere.
Gizarte arloan, proposamenak indartu egiten ditu zainketengatiko kenkariak, eta ugaritu egiten ditu kolektibo zaurgarriei lotutako salbuespen kasuak.
Bestalde, pizgarriak izango dira enpresak finkatzeko, enpresak eskualdatzeko, langileek sozietateen kapitalean parte hartzeko, gazteen prestakuntza eta enplegua bultzatzeko, bai eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko ere. Horrez gain, mugikortasun jasangarriari lotutako kenkari berriak ere izango dira, ibilgailuak efizienteagoak diren eta emisio gutxiago isurtzen dituzten beste batzuez ordezkatzeko.

