Foru Ogasunak PFEZaren tarifaren 2,5eko deflatazioa proposatu du, inflazioaren eragina zuzentzeko - prentsa
Foru Ogasunak PFEZaren tarifaren % 2,5eko deflatazioa proposatu du, inflazioaren eragina zuzentzeko
Xedapen berriek ekintzailetza, talentuaren erakarpena eta ikerketa eta garapen edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzea ere bultzatzen dituzte
Sailak gaur goizean aurkeztu du bere aurrekontua Batzar Nagusietan, eta 17,32 milioi euro bideratu ditu digitalizaziora eta zerga iruzurraren aurkako borrokara

Gasteiz, 2023ko azaroaren 22a. PFEZaren % 2,5eko beste deflatazio bat da gaur goizean Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatu Itziar Gonzalok Batzar Nagusietan aurkeztu duen zerga neurrien proiektuaren berritasun nagusia. "Neurri honek aukera ematen du inflazioak zergen ordainketan duen eragin kaltegarria zuzentzeko, eta gainera, neurriak kenkari pertsonalen eguneraketa dakar", azaldu du Itziar Gonzalok.
Foru arduradunak, bere agerraldian, sailak datorren ekitaldian landuko dituen gauzatze arlo nagusiak zehaztu ditu, zeinak 17,32 milioiko aurrekontua izango baitu, "proiektatutako jarduerei ekiteko, eraginkortasun handiagoa lortze aldera" esan du.
Esleitutako baliabide ekonomikoen % 57 modernizazioan aurrera egitera bideratuta daude, Ogasunaren digitalizazioa eta datuen tratamendua eta kudeaketa finkatzearen bidez. Ekonomia eta finantza kontrolaren sistema SAP plataforman inplementatu ondoren, zerga kudeaketaren muina sistema horretan ere ezartzeari ekingo zaio. "Jarduera honen helburua da oinarrietan emandako informazioa finkatzea eta, horrela, tributuen araberako ikuspegi batetik zergadunaren 360º-ko ikuspegi bakar eta oso batera igarotzea. Horrela, hobetu egingo da zerga betebeharrak borondatez betetzea", azpimarratu du Gonzalok.
Iruzurraren aurkako borroka indartzeko, zeina sailaren jarduera ardatz nagusietako bat baita, adimen artifizialarekin lotutako ekintzak biltzen dira, hala nola zergadunak hautatzeko sistema aurreratu bat erabiltzea, aukera ematen duena zerga figuren portaera ereduak aztertzeko eta, ondorioz, balizko iruzurra detektatzeko, bai eta datuak prozesatzera eta aztertzera bideratutako teknologia aplikatzea ere, eta horretarako milioi erdi euro baino gehiago bideratuko dira.
Baliabide horiei milioi erdi gehiago ere gehitu behar zaie, ticketBAI indartzeko. Horrela, Foru Ogasunak eman ahal izango dio zergadunari zergen aitorpenak aurkezteko aukera, eskura dituen datuen arabera.
Arau eta teknologia aldaketei eusteko eta haietara egokitzeko, bai eta zergak kudeatzeko programetan hobekuntzak sartzeko ere, 1,2 milioi euro gorde dira.
Zerga neurriak
Deflatazioaz gain, eta PFEZari dagokionez, zerga neurrien proiektuak zerga horren salbuespenak honako hauei zabaltzea jasotzen du: Erkidegoko nekazaritzako politikako klimaren eta ingurumenaren aldeko laguntzei, Euskadi Bono-Comercio/Euskadi Bono-Denda laguntzei eta Eusko Jaurlaritzak seme-alabak dituzten familientzat emandako laguntzei.
Zerga neurriei buruzko foru arauak eutsi egiten die ibilgailu elektrikoen gaineko kenkariei eta kargatzeko puntuetarako egindako inbertsioei. Horrela, zergadunek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota osotik kendu ahal izango dute beren jabetzako finkan edo garaje komunitarioan beren jabetzako eta erabilera partikularretarako ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeko ordaindu diren zenbatekoen % 15. Gutxitzearen oinarria 15.000 eurokoa izango da gehienez.
Foru arduradunak jakinarazi duenez, sozietateen gaineko zergan eta jasangarritasuna sustatzen duten neurriekin lotuta, "posible da % 17tik beherako tributazio eraginkorra egitea, garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta hobekuntza eta energia iturrien aprobetxamendu efizienteena bilatzen duten proiektuei lotutako inbertsioen eta gastuen kenkaria aplikatzearen ondorioz".
Autonomoen jarduera garatzen jarraitzearen kenkariei dagokienez, indarrean jarraituko du 2024ko ekitaldirako. Murrizketa 800 eurokoa da gizonen kasuan eta 1.000 eurokoa emakumeen kasuan. Era berean, adin muga kendu da jarduera ekonomikoa hastearen kenkarian.
Despopulazio arriskuan dauden eremu edo guneetan jarduerak has daitezen laguntzeko, kenkaria 2.000 eurokoa izango da, jarduera hasten duten zergadunen kopurua edozein dela ere. “Gune horietan jarduera ekonomikoa ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten duten emakume zergadunak badira, kenkaria 500 euroan handitu ahal izango da", zehaztu du Gonzalezek.
Era berean, zenbait baldintza aldatu dira ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzearen kenkaria aplikatu ahal izateko. Hala, kendu egin da mikroenpresek edo enpresa txikiek garatutako proiektuen finantzaketan parte hartzen duen zergadunarentzako kenkariaren muga.
Ildo horretan, ikerketa+garapena+berrikuntza teknologikoko proiektu bat egiten duen mikroenpresarentzat edo enpresa txikiarentzat, 1.000.000 €-rainoko kenkaria sortzen duen finantzaketa jasotzea ahalbidetzen dion muga handitzen da.
Bestalde, Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren beste aldaketa batzuen artean, zabaldu egin dira zerga datuak, aurrekariak eta txostenak beste administrazio edo erakunde batzuei laga edo jakinarazi ahal izateko kasuak, administrazioaren lankidetza erraztuz.