Hondakinei buruz sentsibilizatzeko Ikusten duzuna baino gehiago foru ekimenak seigarren edizioaren protagonista bihurtu ditu Arabako armairuak - arabapress
Hondakinei buruz sentsibilizatzeko "Ikusten duzuna baino gehiago" foru ekimenak seigarren edizioaren protagonista bihurtu ditu Arabako armairuak
"Jantzi zure burua. Eman beste aukera bat zure armairuari!" lemapean, aurtengo edizioa gaur hasiko da Arabako zortzi ikastetxetan egingo diren sorkuntza tailerrekin, eta urtarrilera arte izango dira jarduerak
Ingurumen sentsibilizazioa eta gizarte inklusioa uztartzen dituen proiektu osoaren zeharkako ardatza izaten jarraitzen du adimen desgaitasuna duten pertsonen parte hartze aktiboak

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 9a.Ingurumen erronkei buruz sentsibilizatzea eta adimen desgaitasuna duten pertsonen balioa eta gaitasunak ikusaraztea dira "Ikusten duzuna baino askoz gehiago" kanpainaren sei edizioek partekatzen dituzten bi helburuak. Arabako Foru Aldundiak Egibiderekin lankidetzan bultzatutako proiektua da.
Aurreko edizioan urrats garrantzitsua eman zen proiektuaren ibilbidean; izan ere, jarduketa eremua ikastetxeetatik harago zabaldu zen, eta kanpainak ardatz hartu zuen gero eta handiago den eta oraindik oso ezaguna ez den ingurumen arazo bat: ehun hondakinak. Apustu horri esker, problematika horren berri eman zitzaien herritarrei eta, bereziki, Arabako gazteei.
Izandako harrera eta erantzun ona direla eta, aurten beste edizio bat hasiko da. Proiektuak jarraipena emango dio ehun kontsumoari buruz iaz hasitako hausnarketari eta gai horretan sakonduko du ikuspegi hurbilago eta egunerokoago batetik: arroparekin dugun harremana. Proposamenak gonbita egiten du ehun hondakinak nola kudeatzen ditugun aztertzeko, jantziekin bizitzan zehar zer egiten dugun eta hondakin bihur ez daitezen zer erabaki har ditzakegun.
Araban 21 kilo ehun hondakin sortzen ditu pertsona bakoitzak urtean, eta horietatik 4 kilo jasotzen dira bereizita. Gainerako 17 kiloak aukera bat dira arropa berrerabiltzeko eta bizitza berri bat emateko. Bilketa bereizia funtsezkoa den arren, prebentzioa lehenago hasten da, erostean hartzen ditugun erabakiekin eta gure jantziak erabiltzeko moduarekin.
Armairua, kanpaina berriaren protagonista
"Ehun hondakinen Arabako biltegi nagusia gure armairuetan dago": datu erreal horrek kanpainaren irudia inspiratzen du, eta pilatutako arropa horretan jartzen du arreta; izan ere, arropa hori erabiltzeari uzten diogu, eta, kasu askotan, ibilbide luzea du oraindik.
"Jantzi zure burua. Eman beste aukera bat zure armairuari!" lemapean, kanpainak edizio honetako protagonista nagusi bihurtzen du eguneroko espazio hori, arroparekin dugun harremana aldatzeko abiapuntua izan dadin.
Moda azkarraren dinamika (fast fashion) jantziak etengabe berritzean oinarritzen da, baina ekimenak begirada aldatzea proposatzen du: erosi aurretik, begiratu; baztertu aurretik, pentsatu. "Zure hurrengo jantzi gogokoena badaukazu jada" esaldiak·laburbiltzen du konbinatzeko, konpontzeko, eraldatzeko, partekatzeko eta berrerabiltzeko gonbidapena, beste modu batean kontsumitzea ere sortzailea izan baitaiteke.
Tailerrak: hausnarketatik sorkuntzara
VI. edizioaren lehen fasea gaur hasiko da; tailer praktikoen programa bat izango da, hilaren 20ra arte zortzi ikastetxetan egingo dena Arabako zenbait herritan: Amurrio, Vitoria-Gasteiz, Murgia, Langraiz Oka eta Laguardia.
Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzako tailer horiek sorkuntza erronka bat planteatzen dute eguneroko jantzi batetik abiatuta: alkandora bat. Hortik aurrera, gazteek ehungintzako teknikekin eta berreskuratutako materialekin esperimentatuko dute, hiru aukera aztertzeko: jantzia konpontzea, pertsonalizatzea edo eraldatzea eta bizitza berri bat ematea.
Tailerretan egindako sorkuntzei jarraipena emango zaie kanpainaren azken egunean, eta gazteen desfile baten protagonistak izango dira. Desfile horretan, ikasleek beren lanaren emaitza partekatu ahal izango dute.
Kanpainak urtarrilera arte iraungo du
Tailerren ondoren, herritar guztientzako ekintzak izango dira. Azaroaren 30etik abenduaren 13ra zabalkunde kanpaina bat egingo da komunikabideetan eta sare sozialetan. Abenduaren 11n, kalean egingo den partaidetza ekintza batek berriro aterako du armairua espazio publikora, eta lehendik daukagun arroparako konbinazio eta aukera berriak aurkitzeko gonbita egingo digu.
Edizio honen berritasun gisa, abenduaren 17an, ikus-entzunezko topaketa parte hartzaile bat izango da Florida zinemetan: "Metamorfosis" proiektatuko da, HOPE Estamos a tiempo saileko kapitulu bat. Proiekzioaren ondoren, ehun kontsumoari eta jasangarritasunari buruzko baterako gogoetarako tartea izango da, eta Mariano Baratech sailaren ekoizleak eta beste gonbidatu batzuek parte hartuko dute.
Ekimena 2027ko urtarrilaren 28an amaituko da, Europa Biltzar Jauregian egingo den jardunaldian. Tailerretan sortutako arropak erakusteko gazteen desfilea izango da une nagusietako bat. Parte hartzaileak esperientziak partekatzeko bilduko dira, egindako lana erakusteko eta arropa kontsumitzeko eta erabiltzeko moduari buruz hausnartzen jarraitzeko.
Inklusioa, funtsezkoa proiektuan hasieratik
Aurten ere, adimen desgaitasuna duten pertsonen parte hartze aktiboa izango da kanpainaren fase guztietan. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko zentro okupazionaletako pertsonek osatutako komunikatzaile taldeak proiektuaren sentsibilizazio, komunikazio eta dinamizazio ekintza guztietan parte hartuko du, haien gaitasunak ikusarazteko eta pertsona guztiok aldaketa eragile izan gaitezkeela frogatzeko.
"Ikusten duzuna baino askoz gehiago" ekimenak ingurumenarekiko sentsibilizazioa eta gizarte inklusioa lotzen ditu, hezkuntzaren, sormenaren eta parte hartzearen bidez. Proposamen horrek, sei edizio igaro ondoren, ikusten dugunetik harago begiratzera eta norberaren erabakien bidez zer alda daitekeen aztertzera gonbidatzen jarraitzen du.

