Vitoria-Gasteizko enplegu anezkak parte hartzaileen bilakaerari garrantzia eman dio bisita instituzional batean - arabapress
Vitoria-Gasteizko enplegu anezkak parte hartzaileen bilakaerari garrantzia eman dio bisita instituzional batean
Jada zortzi laneratze ditu eta bere jarduerarekin jarraituko du urriaren amaierara arte

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 25a.- Vitoria-Gasteizko enplegu anezkako parte hartzaileek lan aktibazioko lehen hilabeteetan egindako ibilbidea eta ekintzak aurkeztu dituzte gaur, topaketa instituzional batean. Bertan izan dira Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatua, Sonia González Santa María la Real fundazioko lurralde koordinatzailea eta Vitoria-Gasteizko Udaleko ordezkariak.
Joan den ekainean abian jarri zenetik, langabezian zeuden 22 arabarrek hartu dute parte enplegu anezka honetan, eta horietako batzuek lortu dute jada lanpostu bat aurkitzeko helburua. Zehazki, lehenengo fase horretan, zortzi laneratze zehaztu dira, eta kopuru hori hazi egingo da datozen asteetan, enpresekin elkarrizketak eta harremanak izateko aurreikusitako programari esker. Programa urriaren bukaerara arte egongo da aktibo.
Vitoria-Gasteizko enplegu anezkak, une honetan, 9 parte hartzaile ditu, guztiak 23 urtetik gorakoak, eta hainbat prestakuntza maila dituzte (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa, Batxilergoa, unibertsitate ikasketak, etab.). Haietako batzuk lehen lanaren bila ari dira; beste batzuk, ordea, beste lan aukera bat lortu nahi dute, urteetako esperientzia pilatu ondoren hainbat sektoretan.
Cristina Gonzálezek parte hartzaileen ahaleginak aitortu, topaketan, eta “babesa eta adorea” helarazi die, eta gainera nabarmendu ditu "enplegu anezken programaren bederatzi edizioetan izandako emaitza onak, batez beste % 60ko laneratze tasa izan baitu. Datu horiek erakusten dute programa honek funtzionatzen duela eta zailtasunak dituzten pertsonei aktibatzen eta lanpostu bat aurkitzen laguntzen diela”.
Vitoria-Gasteizko enplegu anezka Arabako Foru Aldundiak eta Santa María la Real Fundazioak sustatzen dute, Lanbideren laguntzarekin eta Vitoria-Gasteizko Udalaren lankidetzarekin. Langabezian dauden pertsonei laguntzen die, lan bilaketa berraktibatzen, egungo lan merkatuaren premiekin bat datozen teknika eta tresna digital berriekin, sektore profesional guztien eraldaketa digitala eskatzen baitu.
Enplegu bilaketa aktiboko talde horrek formatu mistoa du: Ignacio Ellacuría udal zentroan aurrez aurreko saioak eta saio birtualak.
"Parte hartzaileak izaten ari diren bilakaerak argi uzten du lan merkatuaren erronken aurrean zer inplikazio eta egokitzeko gaitasun duten eta nolako ahalegina egiten duten. Programan zehar funtsezko gaitasunak indartu dituzte, harreman sarea handitu dute eta konfiantza irabazi dute enplegua bilatzeko prozesuari berme handiagoz aurre egiteko", Santa María la Real Fundazioko Sonia Gonzálezek azaldu duenez.
Esperientzia anezkan
Vitoria-Gasteizko Informazio eta Komunikazio Teknologien Ikastegiaren (CETIC) egoitzan egindako topaketa instituzionalari esker, proiektuan sartuta dauden erakunde publikoek eta entitateek enplegu anezketan parte hartzen duten pertsonak ezagutu ahal izan dituzte, eta, horrez gain, jakin ahal izan dute zer jarduera egiten duten lan bilaketa suspertzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzeko.
Topaketan enpresa kolaboratzaileetako ordezkariak ere izan dira, haien bilakaera nolakoa izaten ari den jakiteko.
Zenbait parte hartzailek azaldu dute nola bizitzen ari diren anezkan parte hartzeko esperientzia, eta nola laguntzen ari zaien autoestimua hobetzen eta ilusioa berreskuratzen. Hurrengo urratsak ere azaldu dituzte, hala nola hautaketa prozesuetan segurtasuna irabazteko lan elkarrizketak prestatzea eta probatzea; enplegagarritasun mapak egitea enpresekin; eta enplegu azoketara, biltzarretara eta topaketa profesionaletara joatea, beren burua ezagutzera emateko eta harreman sarea handitzeko.
Horri guztiari esker, beren helburu handiari heldu ahal izango diote: laneratzea.

