Gasteiz Logrono 9 linearen zerbitzu eskaintza hobetuko da bihartik aurrera, udako ordutegira pasatzean - prentsa
Gasteiz-Logrono 9 linearen zerbitzu eskaintza hobetuko da bihartik aurrera, udako ordutegira pasatzean
Hamasei bidaia izango dira astelehenetik larunbatera, eta hamalau, berriz, igandeetan

Gasteiz, 2024ko uztailaren 22a. Gasteiz eta Logroño lotzen dituen Alavabuseko 9 linearen zerbitzu eskaintza hobetuko da bihartik (asteazkena) aurrera, udako ordutegira pasatzean. Apirilaren 16tik urriaren 31ra bitartean, zerbitzu eskaintzan hamasei bidaia izango dira astelehenetik larunbatera, eta hamalau bidaia igande eta jaiegunetan.
Bestalde, linea horretako autobusek Arabako Mendialdeko ibilbideak ere egingo dituzte, eta honako herri hauetan geldituko dira: Urizaharra, Bernedo, Oion, Iekora eta Ventas de Armentia.
Alavabuseko Gasteiz-Logroño 9 lineak bi zerbitzu eskaintza desberdin ditu urtean zehar: neguko ordutegia, azaroaren 1etik apirilaren 15era, eta udako ordutegia, apirilaren 16tik urriaren 31ra. 2024an, linea horren udako ordutegia indartu zen, AR03 Arabako Errioxa emakidaren kontratua aldatuz, bidaia, maiztasun eta plaza gehiago izan zitzan.
Horrela, bihartik aurrera (apirilak 16, asteazkena), Gasteiz-Logroño 9 lineak hamasei bidaia izango ditu, noranzko bakoitzean, astelehenetik larunbatera, eta hamalau bidaia egunean, noranzko bakoitzean, igande eta jaiegunetan. Linea horretako autobus gehienek N-124 errepidetik (Las Conchas) egingo dute ibilbidea, eta, geldialdiak, aldiz, Guardian, Lezako ospitalean, Samaniegon, Abalosen eta Bastidan, baina bidaietako batzuetan Herrera eta Bernedoko portuetatik ere pasatuko dira.
Izan ere, urriaren 31ra arte, Arabako Mendialdeko ibilbidea egingo dute. Ibilbide horrek, besteak beste, honako herri hauei ematen die zerbitzua: Urizaharra, Bernedo, Oion, Iekora eta Ventas de Armentia. Zehazki, lanegunetako bidaietako lautan Herrerako mendatetik igaroko dira autobusak, eta geldialdia egingo dute Urizaharrean, eta bi bidaiatan Bernedoko mendatetik igaroko dira, eta izen bereko herrian geldituko.
Bestalde, eta aldi berean, Trebiñuri, Urizaharrari eta Bernedori zerbitzua ematen dieten eskualdeko garraio lineen ordutegiak (16 Trebiñu Ekialdea, 17 Trebiñu Mendebaldea, 20 Urizaharra eta 21 Bernedo) Alavabuseko 9 lineako udako ordutegira egokitu dira.
Alavabuseko Gasteiz-Lagran 7 lineak ere udako ordutegia izango du bihartik aurrera. Zerbitzu eskaintza murriztu egingo da 9 linea Arabako Mendialdetik igarotzearen ondorioz, eta, hortaz, lau bidaia izango dira egunero, astelehenetik ostiralera, nahiz eta horietako bitan Lagranera arteko ibilbidea egingo duten autobusek. Asteburuetan, garraio publikoaren bidezko lotura 9 lineak eta Eskualdeko Garraio Zerbitzuak egiten dute. Zerbitzu horri esker, 9 linea erabil daiteke Gasteizera edo Arabako Errioxara eta Logroñora joateko. Lau bidaia egiten ditu noranzko bakoitzean.
Web atari honetan kontsulta ditzakete erabiltzaileek Alavabuseko eta Eskualdeko Garraioko lineen zerbitzuak eta ordutegiak: alavabus.eus, bai eta Alavabus aplikazioan eta 945 18 20 60 telefonoan ere.