Uztaileko dirubilketa metatua 1.851 milioi eurokoa izan da - arabapress
Uztaileko dirubilketa metatua 1.851 milioi eurokoa izan da
2026ko dirubilketarako SAP sistema ezarri denez Ogasunean, hilabete honetako ziurtagiriko datuak ezin dira zuzenean alderatu 2025ekoekin

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 14a.Hil honetako dirubilketa ziurtagiriaren arabera, 1.851 milioi euroko dirubilketa metatua izan da; hau da, aurreko urteko dirubilketa ziurtatua baino 401,3 milioi euro gehiago. Igoera horren arrazoia da iaz abuztuko ziurtagirian jasotako diru sarrerak aurten uztailekoan jaso direla, eta hortaz, praktikan, ekitaldien arteko konparaziorako zenbatekoak ez dira homogeneoak. Alde hori SAP sistema ezartzearen ondorio da. Tresna horren helburua da kudeaketa modernizatu eta hobetzea, eta horrek diru sarrera jakin batzuen kontabilizazioa aurreratzea ahalbidetzen du.
Aurreko urtean erregistratutakoen aldean diru sarrera horiek aurreratu izanak eragina du, halaber, doitu beharreko zergen foru aldundien arteko doikuntzen zenbatekoetan.
Bestalde, Irango gatazkaren ondorioak arintzeko Foru Gobernuak eragile ekonomikoen likidezia finantzarioa ahalbidetzeko hartu dituen neurriek ere eragina izan dute dirubilketa datuen konparagarritasunean, zerga jakin batzuen kobrantza atzeratu baitute; izan ere, zerga horiek, atzeratu egin dira lehenik, eta zatika likidatuko dira ondoren. Uztailean kobratu da zatikatzearen lehenengo epea.
DIRUBILKETA, GUZTIRA (laburpena)
Foru Ogasunean SAP sistema ezartzearen ondorioz, aurten ezin dira bi ekitaldietako dirubilketa ziurtagiriak alderatu, diru sarrera batzuen kontabilizazioa aurreratu baita.
Gainera, Ekialde Ertaineko gatazkaren ondorio ekonomiko kaltegarriak minimizatzeko sistema ekonomikoan likidezia ahalbidetzeko hartu diren neurriek ere desitxuratu egiten dute zifra horien arteko konparagarritasuna, diru sarrera batzuen kontabilizazioa atzeratu baitute.
Zuzeneko zergei dagokienez, aipatutako bi inguruabar horien ondorio da bi ekitaldiak alderatu ezin izatea.
Zeharkako zergen kasuan, kontuan hartu behar da beste efektu bat ere badela: kontabilizazio desberdinak foru aldundien arteko doikuntzen zenbatekoan duen eraginaren ondorioz sortzen den aldea.
ZUZENEKO ZERGAK: 964,7 milioi euro
Zuzeneko zergetan, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, ia 318 milioi euroko igoera izan dela adierazten du ziurtagiriak; hala ere, aurreko sistemarekin 2025ean zegokiona baino hilabete lehenago kontabilizatutako diru-sarrera aurreratuen efektua kontuan hartzen badugu, igoera “erreala” % 7,19koa izan da, hau da, iaz baino 46,49 milioi euro gehiago.
PFEZ-A: 708,2 milioi euro
Ziurtagiriaren arabera, 708,2 milioi euroko dirubilketa izan da. Konparazioa egin ahal izateko aurreratutako diru sarrerak kenduta, dirubilketa metatua 570 milioi eurokoa izan da; hau da, 35,4 milioi euro gehiago bildu dira, eta, hortaz, % 6,6 handitu da dirubilketa.
Lan atxikipenek lan merkatuaren bilakaera ona islatzen jarraitzen dute: 771,1 milioi euro bildu dira. Diru sarrera aurreratuak kenduta, dirubilketa metatua 640 milioi eurokoa izan da; horrek esan nahi du aurreko urtean baino 47,9 milioi euro gehiago bildu direla (% 8,09ko hazkundea).
Ordainketa zatikatuek Irango gatazkaren ondorioak minimizatzeko hartutako neurrietako baten eragina erregistratzen jarraitzen dute, eta hala egingo dute urte osoan zehar. Lehen ordainketa zatikatua bertan behera uztea izan da, zehazki, bilketari eragin dion neurria. Horregatik, aurreko urteko aldi berean baino 6,8 milioi gutxiago bildu dira.
Kuota diferentzialaren kontzeptua zuzenean konpara daiteke bi ekitaldietan. Kasu honetan, zergadunen aldeko saldo garbia aurreko urtean baino 5,1 milioi euro handiagoa izan da. Itzulketa garbia 108,8 milioi eurokoa da guztira.
SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA: 200,53 milioi euro
Zerga horri dagokionez, bi kontu nabarmendu behar dira. Alde batetik, uztaileko ziurtagiriak iaz abuztuan erregistratutako diru sarrera bat jasotzen du. Horrek esan nahi du kuota diferentzial garbiaren ondoriozko dirubilketaren benetako datua 37,9 milioi euro dela, eta, hortaz, aurreko urtean baino ia 12 milioi euro gehiago bildu direla.
Bestetik, nabarmentzekoa da lehenengo aldia dela zerga osagarritik eratorritako diru sarrerak erregistratu direla (II. oinarria). Kontzeptu horrengatik 324.000 euro baino gehiago bildu dira.
ZEHARKAKO ZERGAK: 694,7 milioi euro
Bi urteen arteko zenbatekoen konparagarritasunari dagokionez, zerga hauek zuzeneko zergek baino eragin handiagoa izan dute.
BEZ-A: 480,4 milioi euro
Zerga honen dirubilketa propioa 480,4 milioi eurokoa izan da. Helbideratze aurreratuaren eragina kenduta, 329 milioi euroko diru sarrerak izan dira guztira. Kontuan izan behar da ez dela doitu diru sarrera aurreratuaren ondorioz aldundien arteko doikuntzetan izandako distortsioaren eragina.
HIDROKARBUROAK: 119 milioi euro
Doikuntzak kontuan hartuta, 9,1 milioi euro gutxiago bildu dira, iazko uztailarekin alderatuta; beraz, dirubilketa metatua 119 milioi eurokoa izan da.

