Ekoetxea Sareak bere lehenengo zentroa irekiko du Araban, Uraren Munduko Egunarekin batera - prentsa
Ekoetxea Sareak bere lehenengo zentroa irekiko du Araban, Uraren Munduko Egunarekin batera
Ekoetxea Añana-Sobron zentro berria Arabako lehenengoa izango da, eta etorkizunean Ekoetxea Añana-Gatz Harana zentroarekin osatuko da, Gatz Haranean
Asteko egun guztietan irekiko du, familientzako eta eskoletako ikasleentzako programazio berezi batekin
Ekoetxea Añana-Sobron funtsezko tresna bihurtzen da ingurumen-hezkuntza eta jasangarritasuna Arabako gizartean sustatzeko
Uraren Munduko Egunarekin batera (martxoak 22), martxoaren 22 eta 23ko asteburuan, zentro berria publikoarentzat irekiko da eta programazio berezi bat eskainiko du

Eusko Jaurlaritzak Ihobe sozietate publikoaren bidez kudeatzen duen Ekoetxea Euskadiko ingurumen-zentroen sareak espazio berri bat gehituko du Lantaron udalerrian, Arabako lehenengoa, Ekoetxea Añana-Sobron izenarekin. Zentro horren ardatz tematiko nagusia ura izango da, antzinako Uraren Museoan kokatuta dagoelako, eta Ekoetxea sarea Euskadin jadanik integratzen duten beste lau zentroei gehituko zaie, hots: Urdaibai eta Meatzaldea, Bizkaian; eta Azpeitia eta Txingudi, Gipuzkoan. Hemendiko gutxira, sare horri espazio berri bat gehituko zaio Gatz Haranean, hots, Ekoetxea Añana-Gatz Harana izenekoa; honek Ekoetxea Añana-Sobrongo zentro berri hau osatuko du, eta, hortaz, Ekoetxea bakarra izango da Añanako espazioan, bi egoitzarekin: bata Sobronen eta bestea Gatz Haranean.
Ingurumeneko sailburuorde Josu Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Adolfo Uriartek, Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun diputatu Saray Zárate Fernández de Landak, Añanako Kuadrillako presidente Rubén Torremochak eta Lantarongo alkate Koldo Salvideak inauguratuko dute Ekoetxea berria, zentro hori sustatzen duten erakundeen ordezkari gisa, eta martxoaren 22an egingo dute, larunbata, Uraren Munduko Egunarekin batera.
Erakunde horiek instalazioak bisitatuko dituzte eta egun horretatik aurrera bertan eskainiko diren esperientziak ezagutuko dituzte. Irekiera berri horren aurrean, Saray Zarate diputatuak, adierazi du “instituzioen arteko lankidetza estuaren emaitza den espazio honek uraren kontsumoa aurreztera eta murriztera zuzendutako praktikak abiatzen dituela. Ekintza hau gehitzen zaie Foru Aldundiak jasangarritasunaren arloan hartuta dituen konpromisoei”.
Josu Bilbao sailburuordeak azpimarratu egin du proiektuan inplikatutako instituzio guztiek erakutsitako lankidetza ona, eta adierazi du “Ekoetxea berri hau irekitzearen bidez segurtatzen dugula ingurumen-zentroek presentzia orekatua dutela hiru Lurralde Historikoetan. Ekoetxea Añana-Sobron balio natural eta hidrologiko handiko ingurune natural batera iristeko ate bikaina da, eta horrek ahalbidetzen digu ingurumen-hezkuntza bereziko esperientzien eskaintza bat egitea, hots, urarekin eta honek ingurumenerako duen garrantziarekin lotutako eskaintza berezi bat. Josu Bilbaok zehaztu duenez, Ekoetxea berriak “funtsezko bidelaguna izan nahi du pentsaeraren eta jarduteko eraren aldaketan, berau jasangarriagoa izan dadin, bai Añanako herritarren aldetik eta bai Araba eta Euskadi osoko herritarren aldetik”.
Ekoetxea berriaren irekiera posible izan da erakunde eragile guztien artean lortutako akordioari esker, URA – Uraren Euskal Agentzia ere partaidea izanik. Kudeaketaz Ihobe sozietate publikoa arduratuko da, Añanako Kuadrillaren, Lantarongo Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren lankidetzarekin. Era horretan, Ekoetxea Añana-Sobronek Ekoetxea sarearen kudeaketa integraleko eredua aprobetxatuko du, eta funtsezko tresna bihurtuko da ingurumen-hezkuntza eta jasangarritasuna Arabako gizartean sustatzeko.
Ekoetxea Meatzaldearen ereduari jarraituz, Ekoetxea Añanak bi egoitza operatibo izango ditu: Gatz Haranekoa eta Sobrongoa. Ekoetxea–Gatz Haranaren eraikuntza bukatzen denean -haren lizitazioa laster egingo da-, berau modu bateratuan kudeatuko da Ekoetxea-Sobronekin, unitate bakarra izango balira bezala.
Ekoetxea Añana-Sobron asteko egun guztietan egongo da zabalik publikoarentzat, eta ingurumen-hezkuntzan espezializatutako pertsonalak emango du arreta. Une honetatik aurrera, zentro horretan garatzen den jardun osoa Ekoetxea sarearen webgunean kontsulta daiteke, www.ekoetxea.eus, eta baita sare sozialen profiletan ere.
Programazio berezia
Urren Munduko Egunarekin batera, eta Ekoetxea berria Sobrongo antzinako Uraren Museoan kokatuta dagoenez, Arabako ingurumen-zentro berriak programazio berezi bat du aurreikusita martxoaren 22 eta 23rako.
Martxoaren 22rako -larunbata-, adin guztietarako diseinatutako jarduera bereziak antolatu dira. Jardunaldia 11:00etan hasiko da, “Ura ez da ura bakarrik” ekimenarekin: uren dastaketa bat, Israel Gómez sommelierrak gidatua. Saio horretan, bertaratzen diren pertsonek leku desberdinetako urak dastatu ahal izango dituzte eta haien mineralizazio-graduez, zaporeez eta sendatze-erabilerez ikasi. Jarduera hori helduengana zuzenduta dago eta guztiz doakoa da.
Arratsaldean, 16:00etatik 17:30era, familiak gonbidatuta daude “Uraren memoriak” izeneko ginkana familiarrean parte hartzera. Parte-hartzaileak “uraren zaindari” bihurtuko dira, eta ginkana liluragarri batez gozatuko dute urak modelatutako lurraldetik eta Sobrongo Bainuetxearen historiatik. Jarduera hau doakoa da eta 3 urtetik gorako haurrak dituzten familiei zuzenduta dago.
Martxoaren 23an -igandea- jarduerek jarraituko dute. 12:00etan, haurrek Kantu Kantari, Ura Dantzari ipuin-kontalariaz gozatu ahal izango dute, berau txikien arima hidratatzeko eta uraren garrantziaz kontzientziatzeko diseinatuta baitago. Jarduera hau doakoa da eta 12 urterainoko haur eta gazteei zuzendutako dago.
Azkenik, 16:00etatik 17:30era, bidaia sentsorial bat eskainiko da Sobrongo haitzartetik, Neønymusen La Dama del Lagorekin. Bertaratzen diren pertsonek Neønymusen polifoniez gozatu ahal izango dute ingurune natural berdingabe batean. Jarduera hau ere doakoa da.
Zer da Ekoetxea sarea?
Ekoetxea-Euskadiko ingurumen-zentroen sarea Euskadiko gune estrategikotan kokatutako bost espazioz osatuta dago. Urdaibai eta Meatzaldea, Bizkaian; Txingudi eta Azpeitia, Gipuzkoan; eta Ekoetxea Añana–Sobron, Araban. Zentro bakoitzak bere ingurunera egokitutako jarduerak eskaintzen ditu, hala nola erakusketak, tailerrak, ibilbide gidatuak eta hezkuntza-programak.
2024an, 140.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten Ekoetxea sareko ingurumen-zentroren bat, eta zifra horrek marka guztiak hautsi ditu. Bisitari horietatik, 28.000 Euskadi osoko ikastetxeetatik etorritako ikasleak izan dira. Azpimarratzekoa da bisitariek adierazitako gogobetetasun handia, zeren esperientziari 9,3 puntu eman baitizkiote, 10 puntutatik.
Informazio gehiago: www.ekoetxea.eus
2025eko martxoak 13