Gizarte Zerbitzuak | 2026 11 24

Zainketen sare publikoak itunpeko 60 plaza gehiago izango ditu adinekoentzako Arabako bost egoitzatan

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 24a. Arabako Foru Aldundiaren menpeko erakunde autonomoa den eta Gizarte Politiken Sailari atxikita dagoen Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) onespena eman dio bere zainketen sare publikoan itunpeko 60 plaza gehitzeari adinekoentzako Arabako bost egoitzatan. Horren helburua da sare publikoa indartzea eta lurraldeko menpekotasun egoeren hazkundeari aurre egitea. 31 plaza Vitoria-Gasteizen egongo dira, 23 plaza Gorbeialdeko Kuadrillan eta gainerako seiak Aiaraldean. Plaza gehikuntza horrek 2,5 milioi euroko ahalegin ekonomikoa eskatzen du urtean.

Plaza berriei esker, egoitza arretako itxaron zerrendak murriztu ahal izango dira, landa eremuetako estaldura hobetu ahal izango da, aukerak mugatuagoak baitira, eta erantzukizun publikoko plazetan mendekotasun egoeran dauden adineko gehiago artatuko direla bermatu ahal izango da.

Vitoria-Gasteizi dagokionez, GOFEk Adinekoentzako Egoitza Zentroak Homologatzeko II. Esparru Akordioaren bigarren deialdia amaitu du. Akordioak honako egoitza hauek gehituko ditu egun erabilgarri dauden plazen poltsan: Tagore, Albertia Campus eta Albertia Centro Gerontológicos, eta, horri esker, gehienez 31 egoitza plaza berri itundu ahal izango dira baliabide horietan. Hiru egoitza horiek 2023tik esparru akordioaren parte ziren lau erakundeei gehitzen zaizkie: Sanitas San Martín, Caser Residencial Alto del Prado, Colisée Miñano eta IMQ Igurco Araba. 

Horrez gain, Administrazio Kontseiluak mendekotasuna duten adinekoentzako 29 egoitza plaza itundu adjudikatu ditu landa eremuan. Horietatik 23 Gorbeialdean dagoen Murgiako Purísima Concepción egoitzari dagozkio, eta sei Aiaraldean dagoen Arespalditzako Alday Fundazioaren egoitzari. Bi erakunde horiek izan ziren prozeduran parte hartu zuten erakunde bakarrak. 

Purísima Concepción egoitzari adjudikatutako 23 plazak gaur egun itunduta dauden zortzi plazei gehitzen zaizkie, eta, hortaz, 31 plaza dira guztira. Alday Fundazioaren kasuan, sei plaza berriak aurretik itunduta zeuden beste sei plazei gehitu zaizkie.

Adjudikazio horien ostean, Arabako Foru Aldundiaren erantzukizun publikoko adinekoentzako egoitza sareak 1.218 plaza ditu guztira. 
 

 

Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia Gizarte Politikak Gizarte Politiken Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi