Gizarte Zerbitzuak | 2026 10 01

Amurrioko foru egoitzak areto berriak estreinatu ditu, arreta- eta bizikidetza-espazioak handitu eta modernizatzen dituen erreforma baten ondoren

Ramiro González Arabako diputatu nagusiak nabarmendu du Arabako Foru Aldundiak lurraldeko gizarte baliabideen sarea eguneratzeko eta adinekoen egungo beharretara egokitzeko egin duen apustua

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 1a. Armuruko San Anton foru egoitzak (Amurrio) azken hilabeteetan egindako eraberritzearen eta handitzearen ondoriozko areto berriak inauguratu ditu gaur, Adinekoen Nazioarteko Egunean. Jarduketa horri esker, bizikidetza espazioak irabazi dira, zentroaren irisgarritasuna hobetu da eta egoiliarrentzako zerbitzuak indartu dira. 

Zentroko profesionalak, senideak, boluntarioak eta erabiltzaileak ere izan dira gaur goizean egoitzarako etapa berri baten hasiera irudikatzen duen ekitaldian. Hala nabarmendu du Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, ekitaldian izan baita Cristina González lehenengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioko foru diputatu; Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatu; eta Txerra Molinuevo Amurrioko alkatearekin batera. 

Armuruko San Anton egoitzaren areto berrien inaugurazioa urrats berri bat da aldundiko gizartea baliabideak modernizatzeko prozesuaren barruan. Azken urteotan, Arabako Foru Aldundiak zenbait jarduera bultzatu ditu egoitzak berritzeko, ekipamendu berriak sortzeko eta zerbitzuak arreta- eta zaintza-eredu berrietara egokitzeko. Horien artean daude zenbait egoitza zentrotan egindako erreformak eta Arabako Foru Egoitzetarako Laguntza Proiektu Integralaren barruan baliabide espezializatu berriak abian jartzea. 

Zehazki, Amurrioko egoitzako esku hartzeak 1,3 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarri du, eta Europar Batasunaren Next Generation EU funtsekin finantzatzen da, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Instalazio berrietara egindako bisitan, Ramiro Gonzálezek azpimarratu du jarduketa horrek Arabako Foru Aldundiak kalitatezko gizarte zerbitzu publikoekin duen konpromisoa islatzen duela. "Egoitzak eraikinak baino askoz gehiago dira. Pertsona askoren etxea dira eta ongizaterako, zaintzarako eta harreman pertsonaletarako funtsezko espazioak. Horregatik, ahalegin handia egiten ari gara gure baliabideak modernizatzeko eta ingurune erosoagoak, irisgarriagoak eta bertan bizi direnen beharretara egokituagoak eskaintzeko", adierazi du.

Diputatu nagusiak azpimarratu du dauden baliabide publikoak hobetzeko apustu hori Arabako Foru Aldundiaren konpromisoarekin osatzen dela, hain zuzen, aurten bertan Vitoria-Gasteizen, Gorbeialdean eta Aiaraldean adinekoentzako baliabideak eta egoitza plazak handitzen jarraitzeko. Gainera, 2027ko lehen seihilekoan, lurraldean beste 100 plaza publiko itunduko dira, eta, urtean zehar, Vitoria-Gasteizko Salburua auzoan zaintza zentro berri baten obrak hasiko dira. Zentro horrek 120 egoitza plaza eta eguneko zentroko 25 izango ditu.

Beheko solairua handitzea
Erreforma horrek eraikineko beheko solairua eraldatu du bereziki, 300 metro koadro inguru handitu baitira bertan. Jarduketa horri esker, egongela-jangelak azalera nabarmen handiagoa du orain, eta horrek bizikidetza erosoagoa eta espazio zabalago eta argitsuagoetan jarduerak egiteko aukera ematen du. 

Gainera, aretoak berrantolatzeari esker, zenbait arreta zerbitzu lekualdatu ahal izan dira eremu horretara, hala nola ile apaindegia, podologia, errehabilitazioa eta farmazia. Zerbitzu horiek oso ohikoak dira egoitzako egunerokoan, eta, orain, baldintza hobeak dituzte bai erabiltzaileentzat, bai zentroan lan egiten duten talde profesionalentzat.

Gehien baloratzen den berritasunetako bat da bisita gela berria. Sarrera nagusiaren ondoan dago, beirazko galeria gisa egin da. Espazio horrek ingurune erosoagoa eskaintzen du egoiliarren eta senideen arteko topaketetarako. Hemendik aurrera, toki espezifiko, lasaiago eta abegikorrago bat izango dute, edozein etxetako eguneroko bizitzaren parte diren elkarrizketarako eta hurbiltasunerako une horiek eman daitezen pentsatua. Jarduketari esker, terraza berri bat gaitu ahal izan da lehen solairuan, bertatik ibiltzeko modukoa. Esku hartzearen beste alderdi nabarmen bat irisgarritasuna hobetzea izan da, igogailu berria jarri baita. 

"Gure zentroetan bizi direnak etxean sentitzea nahi dugu, espazio atsegin, irisgarri eta ongizaterako pentsatuetan. Instalazio berri horiek helburu horretan aurrera egiteko aukera ematen digute", azpimarratu du Ramiro Gonzálezek.

Era berean, eraikinaren energia efizientzia indartzen duten eraikuntza soluzioak txertatu dira, isolamendu eta itxitura hobeen bidez. Espazioen berrantolaketari esker, gainera, banako gela berri bat sortu da, eta horrela egoitza 40 plazara heldu da. 

Estreinatutako instalazioen artean, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak sustatutako murgiltze errealitateko gela bat ere badago. Teknologia horri esker, adinekoen ongizatera bideratutako ikus-entzunezko esperientzia inguratzaileak sortu ahal izango dira, estimulazio kognitiboa, oroitzapenak gogora ekartzea eta jarduera egokituetan parte hartzea erraztuz. 

Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia Gizarte Politikak Gizarte Politiken Saileko foru diputatua Diputatu nagusia

Prentsa oharra

Jaitsi