Gobernu Irekia | 2025 04 16

Etxebizitza da Arabako herritarren lehenengo kezka

Hamar pertsonatik zazpik uste du onuragarria dela AHT Gasteizera eta Arabara iristea

Apirileko Arabako Lurralde Historikoko barometro soziologikoak argi utzi du Arabako herritarrek nota oso ona ematen diotela lurraldeko bizi kalitateari, 7,6ko puntuazioa eman baitiote

EAJ-PNVk berriro irabaziko lituzke Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeak, 16 eserlekurekin, 2023ko hauteskundeetan baino bat gehiago; ondoren datoz EH Bildu (14), PSE-EE (9), PP (8), Elkarrekin Podemos (2) eta Vox (2)

Gasteiz, 2025eko apirilaren 16a. 2025eko apirileko Arabako Lurralde Historikoko barometro soziologikoak argi utzi du etxebizitza dela Arabako herritarren kezkarik handiena. Haiek, era berean, nota oso ona ematen diote lurraldeko bizi kalitateari, 10etik 7,6ko puntuazioarekin, eta 6,16koa ekonomiaren egungo egoerari. Era berean, inkestatutako hamar pertsonatik zazpik uste du "abantailatsua" dela abiadura handiko trena (AHT) Gasteizera eta Arabara iristea.

Gizaker-ek Arabako Foru Aldundiaren enkarguz egindako ikerketaren ondorio nagusietako batzuk dira horiek. Ikerketa horren helburua da Arabako herritarrek hainbat gizarte gairi buruz duten iritzia jasotzea. Era berean, hauteskunde prospekzio bat egin da Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeei begira. Horretarako, guztira 1.100 elkarrizketa egin zaizkie telefonoz Araban bizi diren adin nagusiko pertsonei; hau da, horrek esan nahi du ± % 2,95eko laginketa akatsa dagoela, eta % 95eko konfiantza maila. Elkarrizketak apirilaren 1etik 4ra egin dira.

Inkestan parte hartu duten pertsonentzat, bizi kalitatea oso ona da Araban, 7,6ko puntuazioa eman baitiote. Baikortasun hori handiagoa da 18-29 urtekoen adin tartean (7,94 puntu), eta txikiagoa (7,51 puntu) 30 eta 45 urte bitartekoen artean, eta hori inkestaren zati handi batean errepikatzen da. Inkestatutako pertsonen % 51,8k uste du Araban ingurune hurbilenean bezala bizi direla, % 31,1k uste du hobeto bizi direla han, eta % 7k pertzepzio negatiboa du. Azken lau urteetan, Arabaren bilakaerak berdin jarraitu du galdeketan parte hartu duten pertsonen % 43,7rentzat, % 29,2ren ustez hobea izan da, eta % 24,1en ustez okerragoa.

Ekonomia eta enplegua
Arabako ekonomiaren eta enpleguaren egungo egoeraren balorazioa ia berdina da, 6,16ko eta 6,13ko puntuazioarekin hurrenez hurren, baina badirudi munduko ziurgabetasun ekonomikoak, Donald Trump-ek muga zergen gerrari buruz datuen bilketa betean egindako iragarkiaren ondoren, eragin egiten diela inkestatutako pertsonei. Hala, % 53,1ek uste du egoera ekonomikoa duela urtebete bezalakoa dela, % 26,5ek uste du "nahikoa okerragoa" dela, eta % 7,2k uste du "askoz okerragoa" dela. Eta, 2026. urteari begira, joera antzekoa da: pertsonen ia erdiak egoera bera aurreikusten du, % 24,9k etorkizuneko panorama "nahikoa okerragoa" izango dela uste du, eta % 8,4k "askoz okerragoa". 

Hala eta guztiz ere, pertsona gehienek (% 87,6k) uste dute "beharrezkoa" dela zergak ordaintzea kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. % 55,9 prest legoke zerga gehiago ordaintzeko zerbitzuak hobetzeko, eta % 37,9, berriz, ez legoke prest.

Gaur egun Araban dauden arazo nagusiei dagokienez, zeinak aipatu baitira inkestatutako herritarren bat-bateko erantzunetan, honako hauek dira: etxebizitza (% 16,8), eta haren ondoren urrutiago herritarren segurtasunik eza eta delinkuentzia (% 11), industria eta lana (% 8,4), eta errepideak, azpiegiturak, garraioak eta komunikazioak (% 7,4).

Inkestak berariazko atal bat du Arabako herritarrek abiadura handiko trenari (AHT) buruz duten balorazioa lortzeko. Inkestatutako hamar pertsonatik zazpik uste du "abantailatsua" dela garraiobide hori Gasteizera eta Arabara iristea, eta iritzi horretakoak dira adin tarte gehienetan, bizilekuen kuadrilla gehienetan, nazionalitate sentimendua dutenen artean edo inkestatuek nahiago dituzten alderdi politikoen artean. % 21,2k ez du uste "abantailatsua" denik. Arabako lurraldeak AHTren bidez Madrilekin eta Frantziarekin lotura izateak 7,39ko puntuazioa lortu du.
Energia berriztagarriak ere aztertzen ditu galdeketak. Gehienak (% 75,2) energia fosil tradizionalen ordez (petrolioa eta ikatza) energia berriztagarri gehiago sortzearen eta bultzatzearen alde daude. Aurreko atalean bezala, iritzi hori nagusi da adin tarte guztietan, bizilekuen kuadrilletan edo boto asmoan. Gainera, herritarren ustez, energia berriztagarriak bultzatzeko beharra "oso premiazkoa" da (% 54,5ek uste du horrela dela), eta % 16,6k uste du "ez dela oso premiazkoa".

Erakunde nagusien kudeaketari buruz Arabako herritarrek duten iritzia ere aztertzen du inkestak. Hala, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 5,75eko nota jaso dute, udalen (5,41) eta Espainiako Gobernuaren (4,53) aurretik.

Batzar Nagusietarako hauteskunde prospekzioa
Amaitzeko, azterlanak hauteskunde prospekzio bat ere egin du Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeei begira. Ondorioztatu duenez, hauteskundeak gaur egingo balira, EAJ-PNV izango litzateke indar bozkatuena, % 27,9ko boto estimazioarekin, 2023ko hauteskundeen % 26,3a gaindituz.  Ondoren, EH Bilduk botoen % 25,8 lortuko luke, duela bi urte baino % 25,5 gehiago. Gero, PSE-EE (PSOE) dago % 18,4ko estimazioarekin, aurreko hauteskundeetako % 18,8aren aldean. PPk % 15,1 lortuko luke, behera egingo lukeelarik duela lau urteko % 17,3aren aldean; Elkarrekin Podemos, berriz, % 7,1etik % 5,5era jaitsi da. Bestalde, Voxek sufragioen % 4,3 lortuko luke, 2023ko % 3,1aren gainetik. 

Batzarkideen banaketari dagokionez, EAJ-PNVk 16 eserleku lortuko lituzke, 2023ko foru hauteskundeetan lortutako 15 eserlekuak baino bat gehiago. EH Bilduk eserleku berberak izan ditzake (14), bai eta PSE-EEk (PSOE) ere, 9 eserleku lortuko bailituzke. PPk jarleku bat galduko luke, eta horrek 8 eserleku utziko lizkioke. Elkarrekin Podemosek ere eserleku bat galduko luke, eta 2 eserlekurekin geratuko litzateke. Voxek, berriz, bere ordezkaritza bikoiztuko luke lurraldearen ganberan 2 eserleku lortuta.

Infomazio gehiago: Barometroa

Gobernu Irekia Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi

BAROMETRO SOZIOLOGIKOA

Jaitsi