Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna | 2024 09 18

LAIA Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Arabako Sareak indarkeria matxistaren prebentzioan jarriko du arreta aurtengo ikasturtean

Jone Berriozabal foru diputatuak ohartarazi duenez, "bide luzea dago egiteko" genero indarkeriaren eta sexu erasoen aurrean, eta, beraz, ezinbestekoa da kontzientziatzeko, ahalduntzeko eta indarkeria horiek prebenitzeko jarduerak egitea

Gasteiz, 2024ko irailaren 18a.  LAIA Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Arabako Sareak hasiera eman dio ikasturte berriari, era guztietako jardueraz osatutako programa zabal batekin. Programa horretan, indarkeria matxistaren prebentzioarekin lotutako jarduerak azpimarratzen dira. Jarduera horiek Arabako kuadrilla guztietan egingo dira, sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzen bidez.

Hala azaldu du Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak. Izan ere, gaur goizean aurkeztu du LAIAren zortzigarren edizioari hasiera emango dioten jardueren egutegia, Joana del Hoyo Berdintasunaren eta Giza Eskubideen zuzendariarekin batera. “Arabako lurralde osoko berdintasun politiken proiektu integratzaile eta partaidetzazkoa da, eta modu aktiboan parte hartzen dute kuadrillek, udalek, toki erakundeek, emakumeen elkarteek, berdintasunaren eta sexu aniztasunaren aldeko elkarteek, GGKE-ek, mugimendu feministak eta beste erakunde batzuek, bai eta Arabako Foru Aldundiak ere”.

“LAIAk askotariko dinamikak, espazioak eta prozesuak bultzatzen ditu, baina guztiek gutxienez helburu bat partekatzen dute: emakumeen ahalduntze indibiduala, soziala eta kolektiboa”, azaldu du foru diputatuak; eta, nabarmendu duenez, ikasturte berri honetan “beste bultzada bat emango zaio gure xedeari, zeina baita benetako berdintasuna lortzeko bidean gero eta aliatu gehiago izango dituen gizarte sarea eratzen jarraitzea”.

Iaz, 13.500 pertsonak parte hartu zuten LAIAn, eta guztira 364 jarduera egin ziren Araba osoan. Kopuru horiek lortu edo gainditu nahi dira orain hasten den ikasturtean. Besteak beste, honako hauek osatuko dute programazioa: hitzaldiak, antzerkia, topaketak, ikastaroak, jardunaldiak, eztabaidak eta solasaldiak, prestakuntza lantegiak, zineforumak, irakurketa feministako klubak, berdintasunaren aldeko ibilaldiak, bakarrizketak, kaleko ikuskizunak eta jolas jarduerak, eta kultura jarduerak eta emakumeek kiroletan parte hartzearekin lotutakoak.

Horiek horrela, “LAIAk aliantzak eratzen jarraitzen du, Araba lurralde bidezkoago eta berdinzaleago, askotarikoago eta indarkeriarik gabeko bihurtzeko, eta prozesu kolektiboak nahiz elkarrizketarako, hausnarketarako eta hazkunderako guneak sendotzeko. Eta emakumeen ahalduntze prozesu horietan laguntzen dugu haien partaidetza soziopolitikoa indartuko duten tresna eta ekimenekin”, ziurtatu du Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak.

Indarkeria matxistaren kasuak

Aurreikusitako ehunka jardueren artean, indarkeria matxistaren prebentzioarekin zerikusia dutenak azpimarratu nahi izan ditu Jone Berriozabalek; izan ere, “jarrera matxisten eta emakumeen eskubideak urratzen dituzten jarreren aurrean gizartea oso kontzientziatuta dagoen eta erantzun irmoa ematen duen arren, oraindik ere gertatzen dira, baita Araban ere, emakumeen aurkako indarkeria eta desparekotasun egoerak”, azken asteetan agerian geratu den bezala.

“Bide luzea dago egiteko. Kasu horiek erne egotera eta gogoeta egitera bultzatu behar gaituzte, eta indarkeria horien aurrean kontzientziazio, ahalduntze eta prebentzio jarduerak garatzen jarraitzeko akuilu izan behar dute”, adierazi du foru diputatuak.

Jarduera horien artean, nabarmentzekoak dira honako hauek: Indarkeria matxistaren aurkako VII. Martxa, Ribabellosatik Lantaronera; 2008ko sanferminetan eraildako erizaintzako ikasleari buruzko Nagore filmaren aurkezpena Oionen, Asun Casasola Nagoreren ama bertan izango delarik; kirolean indarkeria matxista prebenitzeko prestakuntza Lantarón Kirol Klubarekin (hainbat futbol taldek osatzen dute klub hori, haietako hiru neskenak, eta 9 eta 16 urte bitarteko kategoriak dituzte); indarkeria matxistaren biktimak eta indarkeria horretatik bizirik atera diren emakumeak elkartzeko eta laguntzeko espazioak Arabako Lautadako Kuadrillan; haurtzaroko sexu abusuari eta indarkeriei buruzko La bici de Lola album ilustratuaren aurkezpena Amurrion; ahizpatasunari, ahalduntzeari eta genero indarkeriaren prebentzioari buruzko Barrundiako programa; eta zenbait kuadrillatan aurrera jarraituko duten autodefentsa feministako tailerrak.

Beste jarduera aipagarri batzuk eskualdeetako berdintasun topaketak dira. Topaketa horiek dagoeneko erreferente bihurtu dira kuadrillentzat, eta hainbat herritako emakumeak biltzen dituzte bizikidetza, gogoeta, eztabaida eta elkarrizketa uneak partekatzeko. Aurten, sexualitatea bizitzeko modu desberdinak aztertuko dituzte, Lautadan (urriaren 19an, Azilun); emakumeen osasunari buruzko begirada feminista, Añanan (urriaren 26an, Armiñonen); eta umorea eta emakumeak inguratzen dituen guztia, Aiaran (azaroaren 9an, Arespalditzan).

Gainera, nabarmentzekoak dira Arabako Baserritar Inguruko Emakumeen Sarearen urteroko XXV. Topaketa, zeina irailaren 28an egingo baita Kanpezun, "Elkartegintza eta ahalduntzea eztabaidagai" izenburupean, bai eta irakurketa feministako klubak eta autodefentsa feministako tailerrak ere, lurralde osoan jarduera finkatuak direnak, besteak beste.

Arabako Foru Aldundiak kuadrilla bakoitzeko informazio liburuxkak egin ditu, eta datozen egunetan banatuko ditu. Argibide guztiak, hemen: laia.araba.eus.

Berdintasuna, Lankidetza eta Kulturartekotasuna Berdintasuna, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatua Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi