Las entidades locales alavesas recibiran 341 millones de euros del FOFEL una cifra historica que refuerza la financiacion municipal - arabapress
Arabako toki erakundeek 341 milioi euro jasoko dituzte TEFFFetik, udal finantzaketa indartzen duen zifra historikoa izanik
Dirubilketaren zenbatespena 3.287 milioi eurokoa da
Arabako Foru Aldundiak % 3ko deflaktazioa aplikatuko du datorren urtean "neurri horrek PFEZa benetan izoztea dakar, eta familiei inflazioaren handitzeari aurre egiten lagunduko die", azaldu du Ramiro González diputatu nagusiak

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 19a. Ramiro González diputatu nagusiak Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Batzordean zehaztu ditu gaur Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak joan den astean hartutako erabakiak, eta iragarri du Arabako toki erakundeek "341 milioi euro jasoko dituztela Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren (TEFFF) bidez, hau da, % 7,12ko igoera 2026rako aurreikusitako zenbatekoarekin alderatuta, eta 22,7 milioi euro gehiago lurraldeko udalentzat".
Ramiro Gonzálezek azpimarratu duenez, "gehikuntza horri esker, toki erakundeek baliabide gehiago izango dituzte herritarrei kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitzeko eta beren udalerrietan proiektuak garatu ditzaten”.
Diputatu nagusiak azaldu du, halaber, dirubilketaren aurreikuspena 3.287 milioi eurokoa dela, "2025ean baino % 4,1 gehiago, eta aurrekontuan jasotakoa baino 34,4 milioi euro gehiago".Ildo horretan, honako hau adierazi du: "herritarrek eta gure sare ekonomikoak erakunde sendoak izan ditzakete, une bereziki konplexuetan erantzuten dutenak eta gai direnak. Ziurtasunak daude, eta hori lehen mailako aktibo bat da".
Gonzálezek, halaber, 2027rako tributu itunduen aurreikuspen zifrak helarazi ditu: 3.489,4 milioi euro, hau da, % 6,2ko hazkundea. Azaldu duenez, "igoera hori zuzeneko zein zeharkako zergapetzetik espero den bilakaera onean oinarritzen da. 2027rako eszenatokian, ekonomiak hazten jarraituko du, BPG nominalaren % 4,7ko igoera zenbatetsiarekin".
Zifra horiek, 2027ko aurrekontua egiteari begira, aukera ematen dute "aurrekontu proiektu on bat egiteko, industria sustatzeko, lehiakortasuna, berrikuntza eta enplegua indartzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko gai izango dena", azpimarratu du diputatu nagusiak.
Ildo horretan, azpimarratu duenez, "gure helburua da gure enpresei laguntzea, indartsuagoak izan daitezen eta merkatuetan lekua lor dezaten. Inbertsio berriak bideraraztea, proiektu estrategikoak bizkortzea, industria lurzoruaren eskuragarritasuna hobetzea, azpiegiturak indartzea, berrikuntza eta prestakuntza bultzatzea, eta eragiten dieten kostuak eta oztopoak murriztea".
Gaineratu duenez, "gure lehentasuna da jendearen bizimodua hobetzea, arabarrak ziurgabetasun girotik eta beste ekonomia batzuk jasaten ari diren zailtasunetatik babestea, eta aurrera egiten jarraitzea enplegua hobetzen, eta, batez ere, soldatak eta bizi kalitatea hobetzen".
Inflazioaren hazkundeari aurre egiteko, Gonzálezek adierazi du "% 3ko deflaktazioa aplikatuko dugu, familiei, langileei eta pentsiodunei laguntzeko. Neurri horrek, praktikan, PFEZa benetan izoztea dakar".
Itxieraren aurreikuspena, zergaka
2026rako PFEZaren bilketaren aurreikuspena da % 6,3 haziko dela aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Zerga horren portaera ona, alde batetik, lan merkatuaren bilakaera positiboa islatzen jarraitzen duten lan atxikipenen ondorio da, 1.257 milioiko bilketa aurreikusten baita. Eta, bestetik, kuota diferentzialak, aurreko ekitaldikoak baino 15,5 milioi gehiagoko saldoa duelako.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, 277,6 milioi eurora heltzea aurreikusten da, hau da, zerga horrek 2025ean bildutakoa baino % 1,9 gehiago.
Bestalde, zeharkako zergen bidezko dirubilketak % 2,5eko hazkundea izan du, eta, zehazki, BEZean 825,8 milioi izango dira, hau da, % 4,7 gehiago barne eskariaren eta kontsumoaren ondorioz.

