Ondarearen Astearteak kultura ondarea aztertu, kontserbatu eta zaharberritzeari buruzko sei hitzaldirekin itzuliko dira - arabapress
Ondarearen Astearteak kultura ondarea aztertu, kontserbatu eta zaharberritzeari buruzko sei hitzaldirekin itzuliko dira
Zikloa Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuak antolatu du, urriaren 27tik abenduaren 1era, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 25a. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Zaharberrikuntza Zerbitzuak Ondarearen Astearteak / Martes de Patrimonio izenekoaren laugarren edizioa antolatu du. Hitzaldi ziklo horrek kultura ondarea aztertzearekin, kontserbazioarekin eta zaharberrikuntzarekin lotutako hainbat eremuri erreparatuko die.
"Bere ikerketari eta kontserbazioari begirada bat" lelopean, programak diziplina desberdinetako profesionalak eta espezialistak bilduko ditu sei asteartetan, Arabako kultura ondareko pieza, lan eta adierazpenen inguruan dituzten ezagutzak eta esperientziak partekatzeko. Saioak 19:00etan izango dira, Ignacio Aldecoa Kultura Etxeko ekitaldi aretoan, eta sarrera irekia izango dute.
Zikloa urriaren 27an hasiko da, Ane Albisu Iriarteren "Trajes y modos de vestir en Euskal Herria" hitzaldiarekin. Euskal Herrian eta, zehazki, Araban erabiltzen diren jantziei buruzko ikuspegi zabala emango digu, eta jantzion izaera azalduko du, XIX., XX. eta XXI. mendeetan bertako jantzien kontzeptuan sakondu ahal izateko.
Azaroaren 3an, Lauren Aliende Hoyak eta Rebeca Fernández Garcíak "Goya: del taller del grabador a su restauración" hitzaldia eskainiko dute. Bertan, kobrea esperimentazio oihal bihurtzeko prozesua jorratuko da, grabatu akademiko zurrunarekin hautsita. Goyaren 4 estanpa serieetan egindako zaharberritze eta kontserbazio lana eta metodologia ezagutuko ditugu, zeinak gaur egun "Goya. Fantasia eta arrazoia" erakusketan ikusi baititzakegu, Arabako Arte Ederren Museoan.
Hirugarren saioan, azaroaren 10ean, Moskator-en sagrario errenazentista aparta berreskuratzearen historia kontatuko da, zeina oso kontserbazio egoera delikatuan baitzegoen eta desagertzear egon baita. "Anatomia de un rescate: el sagrario renacentista de Moscador" hitzaldia, Aintzane Erkizia Martikorena eta Carolina García Maudesen eskutik. Bertan, haren erreskateak sortu zituen erronkak eta ondarearen harribitxi honen balio artistiko aparta ezagutuko ditugu.
Azaroaren 17an, Joseba Carreras de Bergaretxe, Azucena Prior Santamaría eta Eneko Tuduri Zubillaga "Naturaleza, arte y restauración: tres miradas sobre la pintura mural de Ribera de Valderejo" hitzaldiaren protagonista izango dira. Saio horretan, natura ondarearen eta arte ondarearen arteko harremanean jarriko da arreta, Arabako enklabe horretako horma pinturetan egindako esku hartzearen bidez.
Programazioak azaroaren 24an jarraituko du "Las comunidades como portadoras activas en la salvaguardia del patrimonio cultural inmaterial" izeneko hitzaldiarekin, María Pía Timón Tiemblo-ren eskutik. Bertan, komunitate eramaileen garrantziaz hitz egingo da, ez bakarrik kultura ondare immateriala definitzen duten ezaugarri bakoitzarekin duten inbrikatzeagatik, baita haiek transmititu eta mantentzen dituztelako ere.
Azkenik, zikloa abenduaren 1ean amaituko da, "Un pedazo de cielo cristalizado". Restaurar y conservar una instalación de arte contemporáneo", Azucena Prior Santamaríaren eta Enrique Martínez Goikoetxearen hitzaldiarekin, zeina baita arte garaikideko lanen kontserbazioak planteatzen dituen erronkei buruzkoa.
Laugarren edizio honekin, Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuak berriro hurbilduko dio publikoari ondarearen kontserbazioaren atzean dagoen lana, hainbat ikerketa, dokumentazio, berreskurapen eta zaharberritze prozesu erakutsiz eta etorkizuneko belaunaldiei transmitituko zaiela bermatzeko lan egiten duten profesionalen lanari balioa emanez.
Ondarearen Astearteak astearte guztietan ospatuko dira, urriaren 27tik abenduaren 1era, 19:00etan, Ignacio Aldecoa Kultura Etxeko ekitaldi aretoan.

