Foru Aldundia | 2026 11 06

Mar Dabánek lehentasun gisa ezarri du aurrera egiten jarraitzea enplegu tekniko betea lortzeko bidean

Logistika, eraikuntza eta adimen artifizialeko prestakuntza ekintza berriak bultzatuko ditu
Tokiko merkataritzari laguntzea eta Arabako bidaiak merkaturatzeko online plataforma garatzea dira Arabako beste lehentasun batzuk 
Urtea amaitu baino lehen EPE berri bat onetsiko dela iragarri du 

 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 6a.- Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatu Mar Dabánek, legegintzaldiaren amaierarako bere gobernu arloaren lehentasun gisa, "enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa" sortzea ezarri du, aurrera egiten jarraitzeko enplegu tekniko osoa lortzeko bidean.  Dabánek azaldu du logistikako, eraikuntzako eta adimen artifizialeko prestakuntza ekintzak bultzatuko dituela horretarako, bai eta laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako programak ere.

Tokiko txikizkako merkataritzari ematen zaion laguntza indartzea, landa merkataritzaren aldeko diskriminazio positiboarekin; Araba kalitatezko helmuga turistiko jasangarri eta irisgarri gisa finkatzea, Aktibatu Araba eta Arabarako bidaiak merkaturatzeko online plataformaren bidez, eta foru administrazioa modernizatzea, enplegu publikoko eskaintza berriekin, foru adimen artifizialarekin eta egoitza elektroniko berriarekin.

Dabánek gaur egin du agerraldia batzordean, Arabako Batzar Nagusietan, bere politiken lerro nagusiak azaltzeko, joan den urriaren 22an karguaz jabetu ondoren.  Foru diputatuak adierazi duenez, "badakit kargua hartu dudala legegintzaldiko zortzi hilabete eskas geratzen direnean.  Ni baino lehen karguan egon den Cristina Gonzálezen eta haren talde osoaren lan bikain eta zorrotzaren lekukoa jaso dut". 

"Arabarren bizitza hobetzera bideratutako proiektu bera partekatzen dut Cristina Gonzálezekin, eta neure egiten ditut duela hiru urte legegintzaldiaren hasieran markatu zituen lehentasunak: enplegu gehiago eta hobea sortzea enplegu tekniko beterantz aurrera egiteko; tokiko merkataritzari modernizatzen, digitalizatzen eta belaunaldi erreleboa egiten laguntzea, eta Araba kalitatezko helmuga jasangarri gisa finkatzea, turismoak lurralderako enpleguaren eta aberastasunaren eragile izaten jarrai dezan", azaldu du. 

Lehentasunen atala beste hauek osatzen dute: foru plantilla berritzeko, hura gizartearen eskaeretara eta premietara egokitzeko eta bitartekotasun tasa murrizteko enplegu publikoaren eskaintzen urteko deialdia, eta Foru Administrazioaren digitalizazioa eta modernizazioa, Arabako herritarrei eta enpresei izapideak errazteko eta zerbitzu publiko onenak efizientziaz emateko. 

Foru diputatuak azpimarratu duenez, lehentasun horiei buruz garatutako politikek "emaitza positiboak eskaintzen dituzte, eta eraginkorrak dira aurrera egiteko arabarren ongizatean eta bizi kalitatean". Dabánek adibide gisa jarri ditu hiru urtean langabezia tasa % 7,9tik % 6,4ra murriztu dela, Gizarte Segurantzak zifra historikoak izan dituela afiliazioan, gero eta bidaiari gehiago dagoela (+ % 13), eta gaualdiak  (+ % 29) eta batez besteko egonaldia (+ % 15) areagotu egin direla 2023-2025 aldian  

"Sailak, gainera, enplegu publikoaren eskaintzetarako deiak egin ditu legegintzaldian zehar; hau da, guztira, 41 kategoria desberdinetako 218 plaza izan dira eta karrerako 309 funtzionario berri izendatu ditu", gaineratu du.  
Datozen ekimenak
Dabánek jakinarazi du Sailari dagozkion 2027rako Arabako Aurrekontuen proiektua egiten ari dela une honetan, helburu honekin: "ahalik eta proiekturik onena aurkeztea, enpleguan aurrera egiten jarraitzeko, gure tokiko merkataritzaren lehiakortasuna indartuz eta turismoa garatuz. Baita foru plantilla berritzeko eta gure administrazioa modernizatzeko urrats berriak emateko ere". 

"Prestakuntza eskaintzak enplegua sustatzeko gure politiken giltzarria izaten jarraituko du, eta kualifikazioak garrantzi berezia izango du gure produkzio sareak eskatutako lau arlotan: logistika, etxebizitzak eraikitzea, adimen artifiziala aplikatzea eta nazioartekotzea. Laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak ere programa espezifikoen bidez artatuko ditugu", adierazi du. 

Tokiko txikizkako merkataritzari dagokionez, honako hau azaldu du: "sektorea babesteko politikak indartuko ditugu, sentsibilizazio kanpainak indartuz, inbertsiorako laguntza lerroaren hornidura hobetuz eta elkarteekin hitzarmenak eginez, eta programa guztietan lehentasuna emango diegu udalerri txiki eta ertainetako establezimenduei. Turismoan, berriz, eutsi egingo diogu hain emaitza onak ematen ari den estrategiari".

Zehazki, eta nazioko eta nazioarteko sustapenarekin eta turismo produktu berriak merkaturatzearekin batera, erronka hauek ezarri ditu 2027rako: Aktibatu Araba sektorearekin eta "Etorri bidaiatzera" online plataforma profesionalarekin lankidetzan aritzea Arabarako bidaiak merkaturatzeko, turismo bulegoetako eta toki erakundeetako teknikarientzako prestakuntza plan berriak egitea, eta elkarte sarearekin lankidetza hitzarmen gehiago egitea.

Jarraian, urtea amaitu baino lehen enplegu publikoaren beste eskaintza bat egingo dela berretsi du foru diputatuak, "plantillaren legezko birjartze tasa ahalik eta gehien aprobetxatzeko", bai eta datozen hilabeteetan karrerako 103 funtzionario berri izendatuko direla ere, eta haiekin batera guztira 412 izenduko dira legegintzaldian.  "Plantilla berritzeko eta modernizatzeko lan horrek 2027an jarraituko du, hainbat hautaketa prozesu abiarazita". 

Azkenik, zerbitzu orokorren arloan, adierazi du aurrera egingo dela foru administrazioaren digitalizazio prozesuan, ahalordeen erregistro elektronikoaren lehen fasearekin, espedienteen izapidegile berriaren lizitazioarekin eta egoitza elektroniko berrirako migrazio osoarekin. Hona hemen hurrengo urterako beste proiektu batzuk: Estrategia Digitalaren Plan berria hedatzea eta foru adimen artifizial berria. 
 

Foru Aldundia Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi