Kultura | 2026 05 29

Mikel Utrera Puellesek jaso du euskarazko literatura sorkuntzaren Ignacio Aldecoa beka

Haren lanak 12.000 euroko zuzkidura izango du, eta Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdian argitaratu eta aurkeztuko da 2027ko martxoan

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 29a. Euskarazko literatura sorkuntzako "Ignacio Aldecoa Beka" Mikel Utrera Puellesi (Vitoria-Gasteiz, 1997) egokitu zaio aurten.

Epaimahaiak haren "Haginak darakuskite" proiektua hautatu du, zeinetan erakusketa gisa aurkeztutako "Pertseidak" ipuina jasotzen zen.  Balorazioan, nabarmendu egiten da egileak errealismoa beldurrezko elementuekin konbinatzeko duen gaitasuna, eguneroko egoeretan fantasiazko osagaiak sartzen baititu era iradokitzaile eta sinestarri batean. 

Halaber, epaimahaiak honakoak azpimarratu ditu: batetik, kontakizunaren eraikuntzaren sendotasuna, bestetik, erritmoa, amaiera ondo ebatzi arte tentsioari eusten diona; eta, azkenik, baliabideak, hala nola bigarren pertsonaren erabilera, irakurlearekiko lotura indartzen duena. Halaber, balioa eman zaio espazio narratiboaren aukeraketari; izan ere, hiriaren eta landagunearen arteko trantsizio guneetan kokatuta dago, euskal literaturan gutxi esploratutako eremua.

Beka 12.000 eurokoa izango da. Beka horri esker, 2026an euskarazko ipuin bilduma bat egin ahal izango du egileak, eta urtea amaitu baino lehen aurkeztu beharko du. Emaitza Ignacio Aldecoa Literatura Ipuinaren Nazioarteko Jaialdian argitaratu eta aurkeztuko da 2027ko martxoan.

Deialdi honetara 24 hautagai aurkeztu dira (9 emakume eta 15 gizon), eta horrek berretsi egiten du gero eta interes handiagoa dagoela Kultura eta Kirol Sailak, euskarazko literatura sorkuntza sustatu nahian, Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen bidez bultzatutako ekimen honetan.

Mikel Utrera Puelles (Vitoria-Gasteiz, 1977) idazlea, aktorea eta zinemagilea da. UPV/EHUko Ingeles Ikasketetan graduatua da, eta han literatura anglosaxoian eta euskal literaturan murgildu zen batez ere. Ikus-entzunezkoen eta antzerkiaren esparruetan egin du bere ibilbidea. Azken bi urteetan, gazteei zuzendutako "Hitz kolpez" murgiltze antzerkiaren proiektuan parte hartu du, eta egun bere lehen film laburrean ari da lanean, "Hemen lehen eguzkiloreak landatzen genituen" izenekoan.

Beka honen helburua euskarazko literatura sorkuntza ipuin literarioen modalitatean sustatzea eta sendotze prozesuan dauden beste egile batzuei laguntzea da.

Bestalde, Ernestina de Champourcín euskarazko eta gaztelaniazko poesia lehiaketara lanak aurkezteko epea ekainaren 10era arte egongo da zabalik.
 

Kultura Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi