Diputatu nagusia | 2025 03 13

Mobility Lab Vitoria-Gasteiz Fundazioak mugikortasunean eta logistikan soluzio berritzaileak testatzeko esperimentaziorako zortzi gune aurkeztu ditu

Lehenengo proba pilotua San Martin auzoko `mikrohubean´ egin da Gasteizko azken hiri-milian paketeak banatzen dituzten ibilgailuen kopurua murrizteko

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek, Gasteizeko alkate Maider Etxebarriak eta Mobility LAB Vitoria-Gasteiz Fundazioko zuzendari Iñigo Bilbaok gaur inauguratu dute Europa Biltzar Jauregian izan den Innovation Lab: Esperimentaziorako guneak. Mugikortasunaren eta logistikaren etorkizuna marrazten’´ jardunaldia, esperimentaziorako zortzi guneen logika, eta soluzio berritzaileak testatzeko, garatzeko eta baliozkotzeko gune horiek mugikortasunaren eta logistikaren esparruetan eskaintzen dituzten aukerak aurkezteko eta ezagutzera emateko.
Ekimen honen bidez, berrikuntza bultzatzeko, eta ‘Innovation LAB’ proiektuaren bultzadaren bidez Gasteiz eta Araba erreferentziako eskualde bihurtzeko proiektuak eta soluzioak testatzeko interesa duten agente publiko edo pribatuentzako bideratzaile bihurtu da Mobility LAB Vitoria-Gasteiz Fundazioa.
‘Laborategi bizi’ bat izatea da Mobility Lab Fundazioaren lau ildo estrategikoetako bat. Sektoreari esparru mugatu bat emango dion leihatila bakar bat sortzea da gure helburua, esparru horretako egiazko guneetan soluzio berritzaileak probatzeko, prozesua lagunduz eta ikuskatuz, eta, hori horrela, berrikuntza-prozesu orok dituen berezko arriskuak murriztuz”, azaldu du Mobility Lab Vitoria-Gasteiz Fundazioko zuzendari Iñigo Bilbaok.
Lankidetza publiko-pribatuari jarraikiz "egiazko inguruneetan esperimentatzeko eta soluzioak aurkitzeko guneak sortzearen" garrantzia nabarmendu du Gasteizko alkate Maider Etxebarriak. Agintariak adierazi duenez, "berrikuntza eta mugikortasuna hiri-eraldaketaren ardatzak dira" eta gogorarazi du Arabako hiriburua erreferentzia bat dela mugikortasun jasangarriaren arloan garraio publikoaren alde egin duen apustuari esker –tranbiaren ezarpena, Autobus Elektriko Adimentsuaren ezarpena eta Tuvisaren 4. linearako berriki erositako unitate elektrikoak barne-, beste zenbait neurrirekin batera, hala nola ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune gehiago izatea, bizikletaren erabilera bultzatzea edo oinezkoentzako guneak zabaltzea. Azken batean, ekintza horiek guztiak "ongi uztartzen dira bere espiritu jasangarriarengatik saritua izan den hiri baten ibilbide ezagunarekin, azken hamarkada hauetan erreferentzia bihurtutako hiria baita klima-aldaketaren aurka borrokatzeagatik". Etxebarriak nabarmendu duenez, estrategia horrek tokiko sare ekonomikoaren "lehiakortasuna indartzeaz gain, enplegua sortzen du”.
“Innovation Lab ez da proiektu bat bakarrik; aukera bat da. Araba etorkizuneko mugikortasunaren abangoardian kokatzeko aukera. Gure ekonomia indartzeko eta gure pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aukera bat. Lurralde iraunkorragoa, gizatiarragoa eta konektatuagoa eraikitzeko aukera”, Ramiro González, Arabako diputatu nagusi nabarmendu da. Horregatik, hemen dauden eragile guztiei dei egin nahi die. “Enpresei, esperimentazio-gune horietan aktiboki parte har dezaten. Erakundeei, berrikuntza loratzeko beharrezko baldintzak sortzen jarrai dezagun. Eta gizartea, oro har, eraldaketa-prozesu horretan inplika dadin, eredu iraunkorrago, inklusiboago eta eraginkorrago baterantz eramango gaituelako”.
Jardunaldian, TECH Friendly aholkularitza-enpresako Berrikuntza Legaleko Proiektuen buru Geana de Miranda Leschkok esperimentaziorako guneen ezaugarriak (sandboxak eta proba-ingurune kontrolatuak) azaldu ditu, baita gune horien esparru estrategikoa eta arau-esparrua ere.
Esperimentaziorako zortzi gune
Jarraian, Mobility LAB Vitoria-Gasteiz Fundazioko Berrikuntzako arduradun Leire Balzateguik ezagutzera eman ditu mugikortasunean eta logistikan berrikuntzako agenteen eskueran dauden esperimentaziorako zortzi guneak, baita haiekin lotutako erronkak eta eskaintzen dituzten aukerak ere.

Logistika intermodala
Esperimentazioa lurraldeko logistikako eta garraio intermodaleko polo nagusietan (CTVi, tren-azpiegiturak, aireportu-arlokoa, salgaien lurreko garraioa, eta abar), lehen mailako operadore logistikoen balizko parte-hartzearekin.

Azken miliako banaketa
Teknologia berrien proba, erremintak, negozio-ereduak, SHB/DUM salgaien hiri-banaketarako produktu eta zerbitzuak Gasteizen, betiere Emisio Gutxiko Eremuak bertan sartzeko eta bertatik mugitzeko definitutako baldintzei erantzunez.

Ibilgailu konektatu eta autonomoa
Ibilgailu autonomo eta konektatuak garatzera bideratutako soluzioen kontrolatutako eta mugatutako guneetako berrikuntza. Jada aurreratuta dagoen erabiltzeko kasua Gasteizko Parke Teknologikoan testatzeko.

Edukiera handiko bideak
Soluzio berritzaileak testatzea AP-1 eta AP-68 autobideen Arabako tarteetan, hainbat esparrutan, hala nola zoru jasangarriak, errepideetako aktiboen ikuskapena, haien energia-efizientzia, prebentzioko mantentze-lanak, teleordainketa-sistemak, eta abar.

Droneak eta tripulatu gabeko aireontziak
Berrikuntza aire-korridore seguruen esparruan droneen eta tripulatu gabeko aireontzien hainbat aplikazio testatzeko, bereziki garraioaren edota zainketaren esparruan.

Garraio publiko adimenduna
Soluzio berritzaileak testatzea garraio publikoko sarean (tranbia, autobus elektriko adimenduna, eskatu ahalako autobusa landaguneetan, eta abar), garraiobideetan zein sarearen kudeaketan edo negozio-eredu berrietan.

Mugikortasun aktiboa eta mikromugikortasuna
Berrikuntza biztanleriaren mugikortasuna eta aisialdi aktiboa sustatuko dituzten politika eta azpiegitura berrietan, bereziki bizikleta-bideetan esperimentatzeko bizikleta-azpiegituren esparruan.

Bide-segurtasuna eta irisgarritasuna
Berrikuntza testatzea bide-segurtasuneko esparruan hiri-inguruneetan edo edukiera handiko bideetan, baita garraio publikoko sareari lotutako irisgarritasun-arloko hobekuntzetan ere.
Lehenengo proba pilotua
Azken miliako banaketako esperimentaziorako gunean aipatzekoa da proba pilotu bat egin dela StandTrack proiektuaren aterkipean Gasteizko azken hiri-milian paketeak banatzen dituzten ibilgailuen kopurua murrizteko.
Fardelen trazabilitatea eta banaketa-kateko agenteen arteko komunikazioa errazten duen plataforma intermodal estandar baten bidez hiri-inguruneetan salgaien banaketa hobetzea du helburutzat Europar Batasuneko EIT Urban Mobiltiy ekimenak babestutako eta CITET Logistikorako eta Salgaien Garraiorako Berrikuntza Zentroa buru duen Standtrack proiektuak.
Banaketa-bulegora iristen diren operadore logistiko guztien pakete guztiak etiketa bakar batekin berriz etiketatzean datza Standtrack proiektua, etiketa horren bidez erakunde eskatzaileari, abiapuntuari eta jomugari buruzko datuak emanez, eta horrela banaketak ibilgailu bakar batek egin ditzala lortuz, Gasteizen kasuan hori ibilgailu jasangarri batean egiten delarik, bizikletan, hain zuzen ere.
Proiektua probatu dute jada Madrilgo, Valentziako eta Bragako (Portugal) egiazko inguruneetan, eta Gasteizen ere probatu dute EGE Emisio Gutxiko Eremuaren ezarpen-prozesuaren une giltzarri batean, eta horrek garraio-sistemaren digitalizazioa azkartzea ahalbidetuko du, eta balio handiko datu berriak emango dizkio Gasteizko Udalari.
San Martin auzoan Eraman Koop kooperatibak kudeatutako mikrohuba martxan jarri izanak paketeak jasotzeko lehenengo proba pilotua egitea ahalbidetu du, baita edozein hobekuntza azken miliako teknologian modu jasangarrian ezarri ahal izatea ere.
Kooperatiba denez, bazkide guztiek laguntzen dute egunero entrega-bide bakoitzean efizientzia hobetzen eta praktika hobeetan berritzen, hala nola hub mugikorren bidezko banaketaren, takilla publikoak erabiltzearen eta multioperadore modua indartzearen kasuetan.
CoopCycle federazioko kidea eta egungo zuzendaria ere bada Eraman kooperatiba, eta federazio hori mundu osoan zabaldutako bizikleta-logistikako 120 kooperatiba baino gehiagoko erakunde global bat da, erakunde horiei software erkide bat izateko aukera eskainiz. StandTrack proiektua Mobility Lab Fundazioaren parte-hartzeari esker CoopCycle plataforman integratzeak bere zerbitzuak operadore logistiko ugariri modu benetan sendoan eskaintzea ahalbidetzen dio Eraman kooperatibari, trazabilitate software bat baino gehiago kudeatzearen konplexutasuna saihestuz. Horrek entrega-bideen efizientzia areagotzen du multioperadore moduaren sendotze bat ahalbidetuz, bidalketan efizientzia handiagoa eta ingurumen-inpaktu txikiagoa lortuta.
Proba piloturako bi operadore logistiko handi izan genituen (SEUR eta DHL), eta horrek plataforma probatzea ahalbidetu zuen. Proban, hiru operadoreren paketeei kode bakar bat jarri
zitzaien fardelen trazabilitate osoa bermatzeko, eragiketari buruzko informazio gehiago zertan jakin gabe eta kode bakar horrek fardelen identifikazioa modu estandarizatuan ahalbidetu zezan katearen edozein puntutan.
Mobility Lab Fundazioa lanean ari den esperimentaziorako zortzi guneen artean Salgaien Hiri Banaketarena nabarmentzen da, hori delarik Living Lab programan bertan aktibatzen den lehenengo pilotua.
Kontraste-mahaiak
Gune guztiei lotutako erronkak eta gune horiek eskaini ditzaketen aukerak batera identifikatzeko elkarrizketarako gune bat ere ireki da jardunaldian. Dinamika horren bidez, beren ezagutza eta esperientzia partekatu ahal izan dute agente guztiek kontzeptualizazioa aberasteko eta, erabilera-kasu konkretu eta balizko agertokien bidez, soluzio berritzaileak testatzeko funtsezko premiak lehenesteko.

Diputatu nagusia

Diputatu nagusiaren adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi