Webgune berriek informazio praktikoa ematen dute udalerri eta eskualde bakoitzeko Alavabus eta eskualdeko garraioaren zerbitzuei buruz - arabapress
Webgune berriek informazio praktikoa ematen dute udalerri eta eskualde bakoitzeko Alavabus eta eskualdeko garraioaren zerbitzuei buruz
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak foru garraioaren eskaintzaren ezagutza indartu nahi du, haren erabilera areagotzeko
Ekimenaren barne, udalerri eta kuadrilletako langile teknikoak prestatu dira, gune horiek beren web orrietan txerta ditzaten

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 12a.- Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak Arabako herritarren eskura jarri ditu gaur webgune berriak Arabako alavabus.eus atarian eta horietan Alavabus eta eskualdeko garraioaren lineek lurraldeko udalerri eta eskualde bakoitzean eskaintzen dituzten zerbitzu guztiei buruzko informazio praktikoa ematen da.
Ekimena osatzeko, prestakuntza saioak prestatu dira udaletako eta kuadrilletako teknikarientzat. Saio horietan informazio-atal horiek beren webguneetan sartzeko metodologia eta tresnak jarri zaizkie eskura eta foru garraio publikoaren eskaintza xehetasunez azaldu zaie. Prestakuntza saioak azken bi asteotan izan dira.
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, herritarrek "erraz kontsulta ditzakete webgune horietan beren udalerritik eta kuadrillatik eskuragarri dauden helmugak, bakoitzera heltzeko erabili behar dituzten lineak eta txartela aldez aurretik erosteko edo erreserbatzeko modua. Horrela, indartu egin nahi dugu foru garraioaren eskaintzaren ezagutza, haren erabilera areagotzeko".
Erabiltzaileak Arabako maparen bidez sar daitezke webgune horietan. Mapa hori alavabus.eus web atarian dago, "Alavabus eta eskualdeko garraioa zure kuadrillan eta udalerrian" epigrafearen pean. Mapari esker, nahi dugun kuadrilla hautatu eta Añanako, Aiaraldeko, Gorbeialdeko eta Arabako Lautadako, Arabako Mendialdeko eta Arabako Errioxako informazio-atal pertsonalizatuan sar gaitezke.
Kuadrilla bakoitzaren web atalak, era berean, bere udalerrietako atal espezifikoetara sartzeko aukera ematen du. Hor topatuko den informazioa honakoa izango da: herrian jarduten duten Alavabus eta eskualdeko garraioaren lineak, ibilbideak, geralekuak, beste udalerri eta erreferentziazko gune batzuekiko konexioak, bai eta txartelak erreserbatzeko eta aldez aurretik erosteko sistemen funtzionamendua, BAT txartelaren eta haren modalitateen erabilera eta bidaia zelan planifikatu.
Erabiltzaileak eskualdearen eta udalerriaren ataletara ere sar daitezke, alavabus.eus web atariko menu orokorreko «Zerbitzuak kuadrillaka» erlaitzaren bidez.
Informazio hori bera laster egongo da kuadrillen eta udalen webguneetan, eskualdeko eta udaleko ataletarako sarbide zuzena emango duten bannerren bidez. Ekimenaren helburuak hauek dira: herritarrei informazio argia, eskuragarria eta homogeneoa bermatzea, informazioaren eguneraketa erraztea eta bikoiztasunak saihestea.
Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak prestakuntza saioak eman ditu azken asteetan kuadrilla eta udaletako teknikarientzat, proiektua azaltzeko eta eskualdeei eta udaleei buruzko atalak haien webguneetan sartu ditzaten tresnak partekatzeko.
Horrela, erakunde bakoitzaren eskura jarriko dira bere premia teknikoetara egokitutako bannerrak, atal horietarako sarbide zuzena emango dutenak.
Jarduketa hori Arabako 2025-2034 Mugikortasun Jasangarriaren II. Planaren barruan sartzen da, zehazki 1.3.4 jardueran «Prestakuntza jardunaldiak Arabako Lurralde Historikoko kuadrilla eta toki erakundeetako teknikarientzat: foru garraioari buruzko formazioa", administrazioen arteko lankidetza indartzeko, garraio publikoko zerbitzuen ezagutza hobetzeko eta herritarrei informazio osoagoa, eskuragarriagoa eta erabilgarriagoa hurbiltzeko.

