Foru Aldundia | 2026 10 05

Paisaia, geologia eta historia Arabako Mendialdeko asfalto naturalen ondarea ezagutzera ematen duen erakusketa batean elkartu dira

"Asfalto naturalen meatze paisaiak lehengoratu eta zabaltzeak aukera ematen digu Arabako Mendialdearen memoriaren funtsezko zati bat zaintzeko eta herritarrei balio historiko, kultural eta industrial handiko ondare bat hurbiltzeko", azpimarratu du Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren diputatuak

Erakusketa gaurtik igandera arte ikus daiteke Gasteizko Probintzia Plazan

 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 5a.Arabako Mendialdeko asfalto naturalak eta meatze paisaiak Gasteizera iritsi dira erakusketa baten bidez. Erakusketa gaurtik hilaren 11ra arte ikusi ahal izango da Probintzia plazan. Erakusketak lurraldeko geologia, industria eta kultura ondarerik berezienetako bat ezagutzeko eta balioesteko gonbita egiten die herritarrei.

 "Asfalto naturalen meatze paisaiak lehengoratzeari eta ezagutzera emateari esker Arabako Mendialdearen memoriaren funtsezko zati bat zaindu dezakegu eta herritarrei balio historiko, kultural eta industrial handiko ondare bat hurbildu diezaiekegu", nabarmendu du Saray Zárate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren diputatuak, gaur goizean erakusketara egin duen bisitan

Foru diputatuak nabarmendu duenez, "ondare hau aukera bikaina da eskualdearen nortasuna indartzeko, lurraldeari lotutako garapen jasangarria sustatzeko eta Arabako historiako pasarterik berezienetako baten inguruan ezagutza sortzen jarraitzeko".

Sei kubo tematikoz osatutako erakusketa honek interpretazio ibilbide bat proposatzen du, haren bidez meatze paisaien geologia, asfaltoari lotutako erabilerak eta bitxikeriak eta baldosek eta asfaltozko geruzek jarduera horretan izan zuten garrantzia ezagutzeko. 

Ibilbideak Arabako Mendialdeko asfalto naturalen meatzaritzaren kronologia ere berrikusten du, Lucía meategiaren historian sakontzen du, eta jendea Asfaltoen Ibilbidera hurbiltzen du. 39 kilometroko ibilbidea da, eta inguruko ondare natural apartaren, testuinguru geologiko bereziaren eta iragan industrialaren ikuspegi zabal eta erakargarria eskaintzen du.

Azalpen proposamenaren osagarri, argazki sorta bat ikus daiteke. Bertan, Atauriko geltoki zaharra nabarmentzen da, egun Asfalto Naturaleko Meatze Paisaien Interpretazio Zentro (Asfaltokia) bihurtua, meatze jarduera horren historia eta ondarea ezagutzeko erreferentziazko gunea.
 
Erakusketak, halaber, paisaia horien balio zientifikoan eta zabalkundekoan jartzen du arreta, eta haiei esker aukera dago interpretatzeko milioika urtez garatutako prozesu geologikoak eta ulertzeko zein den eskualdearen historia baldintzatu zuten material batzuen jatorria. Era berean, gonbida egiten du industria ondarearen kontserbazioa eta natura ingurunearen babesa bateragarri egiteko lurraldeak duen gaitasunari buruz hausnartzera, eta erakusten du erauzketa jarduerarekin lotutako espazioak ingurumen eta paisaia interes handiko paisaietan integratu direla gaur egun.

Foru erakundeak asfalto naturaleko meatze paisaiak zaintzeko eta zabaltzeko jarduerak egin ditu azken urteotan, 2,8 milioi eurotik gorako inbertsioarekin.

Erakusketa lurraldeko beste udalerri batzuetan ere ikusi ahal izango da, oraindik zehazteke badago ere.

Foru Aldundia Ingurumena Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi