Foru Aldundia | 2024 12 10

"Kexaa garaikidea" da monumentu multzoa dinamizatzeko ideia lehiaketan irabazle atera den proposamena

Honako hauek proposatzen ditu: hotel-spa bat aiaratarren jauregi oinetxean, museo bat monumentu multzoaren elementu historikoak bilduko dituena, bisita kulturalak, eta gastronomiari eskainitako espazio bat Done Joan Bataiatzailearen komentuan

Gasteiz, 2024ko abenduaren 10a.Estela Roca Rom Kataluniako arkitektoak "Kexaa garaikidea" lelopean aurkeztutako proposamenak irabazi du Kexaako Monumentu Multzoa Aiaraldeko eskualdearen garapen ekonomikorako elementu gisa sustatzeko ideia lehiaketa.

 

Orotara puntuaziorik handiena lortu duen planteamenduak honako hauek proposatzen ditu: hotel-spa bat aiaratarren jauregi oinetxean, museo bat monumentu multzoaren elementu historikoak bilduko dituena, bisita kulturalak egitea, eta gastronomiari eskainitako espazio bat Done Joan Bataiatzailearen komentuan. 

 

Ramiro González diputatu nagusiak azpimarratu duenez, "proposamen honek lehiaketaren helburu nagusiari erantzuten dio, eta da identifikatzea zer erabilera publikok, pribatuk edo lankidetza publiko-pribatua oinarri duenak ematen dioten garrantzia Kexaako Monumentu Multzoari. Palanka eta pizgarri izan behar du etorkizunean ekimen pribatuak eta lankidetza publikoak gidatutako ekintzak identifikatzeko edo erakartzeko, balio horiek errespetatzen dituen birgaitzea egin ahal izateko eta Aiaraldearen garapen eta dibertsifikazio ekonomikoan laguntzeko. Eta, era berean, eskualdean espazio berezi eta erreferentziazkoa izateko, ohiko jardueretatik harago, bai eta eskualdeari eta lurraldeari irudia eta nortasuna emateko ere", azpimarratu du.

Irabazle atera den ideiak egungo eraikin historikoetatik bereizten diren eraikuntzetan datzan planteamendu arkitektonikoa garatzen du."Box in Box" izenez ezagutzen den kontzeptu arkitektonikoa da, ondare historikoaren barruan eraikin garaikidea kokatzeko aukera ematen duena. Horretarako, lehendik dagoen arkitektura errespetatzen duen esku hartze dotorea diseinatzen dute, eta oso poetikoak diren espazioak proposatu, gogora ekarrita bakea, simetria, ondarearekiko errespetua eta natura ingurunea behatzea bezalako balioak.

 

Epaimahaiak kontuan hartu du beste proposamenak baino bideragarriagoa dela ekonomiari eta finantzari begiratuta, potentzial handia baitu eskualdean eragin positiboa izateko turismoaren ikuspegitik, eta, beraz, baita ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik ere.

 

Lehiaketak 20.000 euroko diru zuzkidura ezarri du irabazle atera den proposamenarentzat, eta 10.000 eurokoa bigarrenarentzat, hain zuzen ere, Studio Mistura SLP enpresaren "Historiaren oihartzunak" izenekoarentzat. Hona hemen haren proposamena: paradore bat, kalitate handiko jatetxe bat, aiaratarren leinuaren interpretazio zentro historiko bat eta kultura eta turismo ekitaldiak eta bisita gidatuak.

 

Aurkeztutako lau proposamenak baloratzerakoan irizpide hauek kontuan hartu dira, besteak beste: haien sendotasuna eta garapen maila, Aiarako Kuadrillaren eta bere udalerrien garapen ekonomiko eta sozialean duen eragina eta Arabako Lurralde Historikoaren irudian duen eragina.

 

Planteatutako ideiak puntuatzeko orduan, kontuan hartu da, halaber, espazioa birgaitzearen edo zaharberritzearen bideragarritasun teknikoa eta legeen eta kostuaren arloko bideragarritasuna, ikuspegi arkitektoniko, eraikitzaile eta urbanistikotik aztertuta.

 

Hemendik aurrera, Foru Aldundiak sustatzaileak bilatu eta identifikatzeko lan egingo du; hau da, lankidetza publiko-pribatua oinarri monumentu multzoari eta eskualdearen bultzada ekonomikoari garrantzia emateko proiektuak garatzeko interesa izan dezaketen sustatzaileak bilatu eta identifikatzeko.

 

Planteamendu irekia, ideia irabazleaz gain lehiaketara aurkeztutako eduki batzuk kontuan hartuko dituena eta sor daitezkeen beste ekimen batzuekin bateragarriak izan daitezkeenak.

Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi