Nekazaritza eta abeltzaintza | 2026 11 05

Ramiro Gonzálezek mahastizaintza eta ardogintza sektorearen erronkak eta haren etorkizuna bermatzeko politikak aztertu ditu Borgoina-Franche Comtéko Gobernuarekin

Arabako diputatu nagusiak eta Noemí Aguirre Nekazaritzako foru diputatuak Christian Morel eskualdeko presidenteorde eta Nekazaritzako kontseilariarekin bilera egin dute, Arabako Errioxako 25 mahastizain eta upeltegietako ordezkarirekin batera egiten ari diren lan-bidaiaren barruan

Arabako ordezkaritza munduko ardogintza eskualde ospetsuenetako baten esperientziak ezagutzen ari da, ustiategien errentagarritasunari, lehiakortasunari eta jarraipenari lotutako erronkei aurre egiteko

 

Dijon, 2026ko azaroaren 5a. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Noemí Aguirre Nekazaritzako foru diputatuarekin batera, bilera egin du gaur Christian Morel Frantziako Borgoina-Franche-Comté eskualdeko presidenteorde eta Nekazaritzako kontseilariarekin. Bileraren helburua izan da mahastizaintza eta ardogintza sektoreak bizi duen egoerari eta haren etorkizuna bermatzeko politika publikoei buruzko esperientziak partekatzea.

Bilera diputatu nagusia buru duen lan-bidaia baten barruan egin da. Bidaian Arabako Errioxako 25 mahastizainek eta upeltegietako ordezkarik parte hartzen dute. Ekimenaren helburua da nazioartean ospe handiena duten ardogintza eskualdeetako baten funtzionamendua bertatik bertara ezagutzea, baita bertako ekoizpen eta merkaturatze ereduak eta sektorearen erronkei aurre egiteko garatzen ari diren neurriak ere.

Bilera instituzionalean, bi eskualdeei eragiten dieten kezka nagusiak partekatu ahal izan dituzte. Izan ere, ardoaren kontsumo ohiturak aldatzen ari dira, nazioarteko merkatuetan ziurgabetasuna dago, ustiategien errentagarritasuna bermatu behar da eta klima aldaketak gero eta eragin handiagoa du mahastizaintzan.

Bileran, bi erakundeetako ordezkariek informazioa trukatu dute ekoizleei laguntzeko politikei, ustiategiak modernizatzeko neurriei eta belaunaldi-erreleboa errazteko ekimenei buruz. Halaber, mahastizaintzarekin lotutako udalerrietan jarduera ekonomikoari eusteko egiten ari diren lana aztertu dute.

Ramiro Gonzálezek nabarmendu du garrantzitsua dela Arabako Errioxarekin mahastizaintza eta ardogintzako tradizio luzea partekatzen duten beste lurralde batzuen esperientziak ezagutzea. Lurralde horietan ere lotura estua dago ardoaren, ekonomiaren eta herrien nortasunaren artean. Ildo horretan, administrazioen arteko lankidetzarako aukera berriak aztertu dituzte.

“Arabako Errioxa une zaila bizitzen ari da, Europako beste ardogintza eskualde handi batzuetan gertatzen ari den bezala. Ardo bikainak ditugu, kalitate handiko upeltegiak eta azken hamarkadetan ahalegin handia egin duen sektorea. Gure helburua da sektoreari laguntzen jarraitzea, egindako lan hori errentagarritasun eta etorkizunerako aukera bihur dadin”, adierazi du diputatu nagusiak.

Gonzálezek azpimarratu du sektorearen egoerari aurre egiteko beharrezkoa dela epe laburreko laguntza-neurriak eta merkatuetan duen posizioa hobetzeko eraldaketa-estrategia uztartzea. “Ezin gara mugatu kanpaina bakoitzeko zailtasunei erantzutera. Etorkizunari begira lan egin behar dugu, gure upeltegiei eta mahastizainei aldaketetara egokitzen lagundu eta gure ardoei balio handiagoa emango dien eredu baterantz aurrera egiten jarraitu. Borgoina bezalako eskualdeetan zer egiten ari diren ezagutzeak esperientziak partekatzeko eta aukera berriak aztertzeko balio digu”, gaineratu du.

Diputatu nagusiak, halaber, mahastizaintzak Arabako Errioxako jarduera ekonomikoari eta sozialari eusteko duen garrantzia nabarmendu du. “Ardoaren etorkizunaz hitz egiten dugunean, gure herrien etorkizunaz ere ari gara, mahastian lan egiten duten familiez eta gure nortasunaren parte den paisaia batez. Jarduera horren jarraipena bermatzea lehentasuna da Arabako Foru Aldundiarentzat”.

Esperientzia desberdinak ezagutzeko bidaia
Borgoinara egindako bisitak jarraipena ematen dio Arabako Foru Aldundiak Europako beste ardogintza eskualde batzuen errealitatea ezagutzeko egiten duen lanari. 2024ko uztailean, Ramiro González buru zuen ordezkaritza bat Bordelera joan zen, eta han bilerak egin zituen Akitania Berriko Gobernuarekin, Ardoaren Kontseilu Interprofesionalarekin eta hainbat upeltegirekin.

Oraingo honetan, programak jardunaldi tekniko bat ere jasotzen du Burgundy School of Economics ikastegian, «Borgoinako ardoen arrakastaren gakoak» izenburupean. Bertan, Arabako ekoizleek eskualde horren ezaugarri ekonomiko eta komertzialak sakonago ezagutzeko aukera izan dute.

Gaur arratsaldean, ordezkaritzak bilera egingo du Bureau Interprofessionnel des Vins de Bourgogne (BIVB) erakundeko arduradunekin. Erakunde hori sektoreko lanbide arteko antolakundea da. Ondoren, Beaunen dagoen Cité des Climats et Vins de Bourgogne zentroa bisitatuko dute. Bihar, ostirala, ordezkaritzak eskualdeko hainbat upeltegi bisitatuko ditu, haien ekoizpen, antolaketa eta merkaturatze ereduak bertatik bertara ezagutzeko.
 

Nekazaritza eta abeltzaintza Foru Aldundia Diputatu nagusia Nekazaritza

Prentsa oharra

Jaitsi