Diputatu nagusia | 2026 11 12

Ramiro Gonzalezek Forondaren eta Jundizko intermodalaren arteko lotura, eta merkantzien trenbideko integrazioa aireportuan defendatu du

Arabako azpiegitura logistikoak Europako Korridore Atlantikoan integratzeko bidean aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzak proposatutako bi jarduerak babestu ditu diputatu nagusiak

"Proposamen horiek beste liga batean jar gaitzakete, beste maila batean", nabarmendu du Gonzalezek, eta konexio horiek Arabako industriaren lehiakortasuna indartzeko hurrengo pausotzat jo ditu
 

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 12a. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak lurraldeko azpiegitura logistikoak indartzeko bi jarduera defendatu ditu gaur goizean, Foro Transmodalaren XVIII. edizioaren irekieran: Forondako aireportuaren eta Jundizko intermodalaren arteko konexio funtzional aurreratua garatzea, eta salgaientzako berariazko trenbide integrazioa erraztea aireportuan. Bi proposamenen helburua Araba Europako hego-mendebaldeko nodo logistiko handi gisa sendotzea eta bertako industria sarearen lehiakortasuna hobetzea da.

Eusko Jaurlaritzak Estatuko Administrazioari DORA III diseinatzeko inbertsioak koordinatzeko organoaren esparruan helarazi dion proposamenaren parte dira jarduketak (2027-2031 Aireportuak Arautzeko hirugarren Dokumentua). Gonzalezek babestu egin du planteamendu hori, eta bi ekimenak lurraldeko azpiegitura logistikoak garatzeko hurrengo pausotzat jo ditu. “Araba Europako hego-mendebaldeko hub logistiko handi gisa sendotzeko aurrerapauso handia izango liratekeen bi proposamen zehatz dira”, adierazi du.

Lehenengo jarduketak Forondaren eta Jundizko intermodalaren arteko konexio funtzional aurreratua garatzea planteatzen du. Bigarrenak salgaientzako berariazko trenbide integrazioa aireportuan bertan erraztea proposatzen du. Diputatu nagusiak bi konexio horiek hurrengo helburutzat jo ditu, intermodala sendotu eta Arabako industriaren beharretatik hurbil dagoen kudeaketa lortzeko aurrerapausoak eman ondoren. “Jundizko Intermodala sendotu ondoren, tokiko kudeaketaren ondoren, gure industriari begira, Jundizko Intermodalari begira, hau da eman behar dugun hurrengo urratsa”, adierazi du.

Forondaren zeregina Arasur-Jundiz-Foronda ardatz logistikoan oinarritzen da, penintsulako iparraldeko garapen multimodaleko gune nagusietako bat. Bere hitzaldian, Gonzalezek Eusko Jaurlaritzaren proposamenean jasotako hausnarketa irakurri du: “Jundizko intermodalak eta Atlantikoko korridorearekin duen loturak nabarmen indartzen dute azpiegitura trenbidean, logistikan eta intermodalean integratzeko potentziala”.

Diputatu nagusiak bat egin du azterketa horrekin, eta Gasteizko aireportua Europako Korridore Atlantikoaren barruan integrazio multimodaleko nodo aurreratu gisa finkatu behar dela defendatu du.


 Inbertsioak eta lan partekatua epe ertainean
Gonzalezek azpimarratu du proposamen horiek lurraldeko azpiegituretarako aukera berri bat irekitzen dutela, baina ohartarazi du horiek garatzeko inbertsio garrantzitsuak eta ahalegin iraunkorra beharko direla hainbat urtetan. “Ez da erraza. Inbertsio garestiez ari gara, epe ertainaz, lan handiko urte batzuez, baina beste liga batean, beste maila batean, jar gaitzaketen proposamenak direla uste dut”, adierazi du.

Ildo horretan, Jundizko intermodalaren aldarrikapenaren hasierarekin alderatu du egungo unea: “2015ean geunden puntu berean gaude, Jundizko intermodala puntu horretan bertan aldarrikatzen genuenean”.

Diputatu nagusiak gogora ekarri duenez, azpiegitura horrek urteetako lana, Espainiako Gobernuarekin negoziatzea eta Estatuko aurrekontu orokorren inguruko negoziazioetan sartzea eskatu zuen.

Azpiegitura errealitate bihurtu ondoren, hurrengo helburua industria-sarearen beharretatik hurbil zegoen kudeaketa lortzea zen. Gonzalezek nabarmendu du, arlo horretan, intermodala kudeatuko duen aldi baterako enpresa-elkartea eratzeko eskritura sinatu dela, Arabako Foru Aldundia presente dagoen euskal partzuergoaren partaidetzarekin, CTVren bidez.

Bere ustez, “esperientzia honek agerian uzten du erakundeen eta enpresen arteko lankidetzari eusteak duen garrantzia, orain Forondarako proposatutako konexio berriei ekiteko”, eta adierazi du “seguruenik urte kopuru antzekoa beharko dela hori gauzatzeko”, helburu horretan aurrera egiteko baterako lana eskatu aurretik.

Logistika industria-lehiakortasunerako faktore gisa
Bere hitzaldian, Ramiro Gonzalezek azaldu du azken hamarkadan Arabaren posizio logistikoa indartzeko egindako lanak ikuspegi industrial argi bati erantzun diola.

“Logistika sektore bat da berez, baina lehiakortasunerako funtsezko faktorea ere bada gure industriarentzat”, adierazi du. Batez ere lurralde industrialean, gaineratu duenez, konexio azkar eta eraginkorrak izatea abantaila da enpresentzat.

Diputatu nagusiak nabarmendu du, halaber, logistika operadore handiak ezarri direla Araban aldi horretan, eta haien etorrera errazteko egin den lana. “Erraztasunak eman dizkiegu, lagundu egin diegu, lurzorua bilatu dugu, bultzatu egin ditugu. Hori guztia oso garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da etorkizunean egin dezakeguna”, azpimarratu du.

Halaber, Ganberarekin eta Bilboko Portuko Agintaritzarekin izandako lankidetza aitortu du, eta elkarlan horri eusteko eskatu du, Forondaren, Jundizen eta salgaien trenbide sarearen arteko loturetan aurrera egiteko.
 

Diputatu nagusia

Ramiro González diputau nagusiaren adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi